Euskal Okelaren eredua hautsia dagoela salatu du Gipuzkoako EHNEk

Gogorarazi dute txahal haragiaren ekoizleak larri dabiltzala, eta Jaurlaritzarekin haserre azaldu dira Euskal Okela ondo doala esateagatik.

EHNEk txahal bat eraman du Jaurlaritzaren egoitzaren aurreko protestara. JUAN HERRERO / EFE
EHNEk txahal bat eraman du Jaurlaritzaren egoitzaren aurreko protestara. JUAN HERRERO / EFE
Donostia
2026ko uztailaren 24a
17:13
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Ekoizleak behera, ekoizpena behera eta agintari politikoak beste aldera begira». Gipuzkoako EHNEren arabera, esaldi horrek laburtzen du Euskal Okela sor-markaren egoera zer-nolakoa den. Txahalak gizentzeagatik nahiko diru jasotzen ez dutenez, harategietan bertako okela falta da, azaldu dutenez, eta Eusko Jaurlaritzari ohartarazi diote mobilizazioetara joko dutela konponbiderik ezean. 

Abisua emateko, Jaurlaritzak Donostiako Andia kalean duen egoitzaren aurrera jo dute EHNEko kideek, traktore eta guzti. Lasto pila bat ipini dute adierazpenak egiteko mahai gisa, eta, dena prest zegoela, atea ireki diote protestako protagonistari: txahal bat atera dute kamioitik, eta tamariz baten enborrari lotuta gelditu da, beste guztiak bezala baserritarren eskaerak entzuten. Tarteka, paseatzen zebiltzanak hurbildu egiten zitzaizkion animaliari, paisaia horretan halakoak ikustea ezohikoa dela eta, eta protestan zebiltzan nekazarietako batek gogorarazpena egin die pare bat bider: «ez da jostailua».

EHNEk argi eta garbi adierazi du Euskal Okela serio hartu beharra dagoela, ez dela jostailua. Naroa Irurenek, Gipuzkoako ENHEko koordinatzaileak, halaxe azaldu du: «Bertako ekoizpen ia osoa Euskal Okela kalitate markaren babespean izan dugu, kateari balio erantsia ematen zion sistema batean. Baina gaur balio kate hori hautsita dago».

Azken bi urteetan, kanpoko merkatuetako produktuen prezioaren menpe egon da Euskal Herriko txahalen prezioa ere. Hori dela eta, Txahalak gizentzeko gastua handiagoa da Euskal Okelaren prezioa baino; abereak Euskal Herrian gizendu eta haragia bertan saltzea ez da errentagarria, eta txahalak gizendu aurretik kanpora saltzen hasiak dira ekoizle asko.

ESPAÑA SINDICATOS EHNE
EHNEko kideak, gaur, Donostian. JUAN HERRERO / EFE

Ez da nekazarien sindikatuak egoera salatzen duen lehen aldia, eta baieztatu dute azken bi urteetan behin baino gehiagotan jo dutela Amaia Barredo sailburuarengana, arazoari lehenbailehen heldu ziezaion. Bada, Barredok duela bi aste egindako adierazpenek piztu dute nekazarien haserrea oraingoan: esan zuen Euskal Okela egoera onean zegoela eta haren garapena egonkorra zela.

Garikoitz Nazabal EHNEko lehendakariren esanetan, «hori manipulazio bat da, eta, gainera, gezurretan ari dira». Barredok 2025 eta 2026 arteko datuetan oinarrituta egin zituen adierazpenak, eta Nazabalek esan du zenbait datu esanguratsu ezkutatu zituela. «Horien artean daude bost urtean produktoreen laurdenak galdu egin direla, eta Euskal Okelaren ekoizpeneko eta ziurtagiriko haragi kantitatearen laurdena ere galdu dela. 2020an baino milioi bat kilo gutxiago dira orain Euskal Okelaren ekoizpenekoak edo ziurtagirikoak.

«Ez dugu diru laguntzarik nahi: balio katea errespetatzea nahi dugu, kontsumitzaileak ordaintzen duen diru hori dagokion den lekura iristea, eta katean banaketa justu bat egitea»

GARIKOITZ NAZABAL Gipuzkoako EHNEko lehendakaria

Gehitu du Euskal Okela egiturazko arazo bati aurre egin beharrean dagoela, eta irtenbideak ere halakoxea izan behar duela derrigor. «Ez dugu diru laguntzarik nahi: balio katea errespetatzea nahi dugu, kontsumitzaileak ordaintzen duen diru hori dagokion lekura iristea, eta katean banaketa justu bat egitea».

Hala ere, ez dute Eusko Jaurlaritzaren eta sailburuaren jarrera aldatuko den konfiantza handirik, eta iragarri dute egoerak bere hartan irauten badu irailean mobilizazioak egingo dituela. Halaber, «suntsitze estrategia» horrekin ados ez daudenak protestetan parte hartzera deitu dituzte.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA