«Txahala eta haragia, dena doa kanpora»

Baserritarrak behikia atzerrian saltzen hasi dira, han prezio hobeak lortzen dituztelako. Gipuzkoako EHNEk 250 euroko diru laguntza eskatu du gizendutako txahal bakoitzeko.

Gipuzkoako EHNEko kideak gaur goizean, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren parean. GORKA RUBIO / FOKU
Gipuzkoako EHNEko kideak gaur goizean, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren parean. GORKA RUBIO / FOKU
Igor Baigorri Perez (2)
2025eko urriaren 2a
16:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Guk orain dela bi aste bidali genuen haragia kanpora lehendabizikoz, kiloa hemen baino euro bat gehiago ordaintzen zigutelako». Asier Aristi baserritarraren hitzek txahal haragiaren sektorearen errealitatea erakusten dute. «Bertako haragia bertan gizendu eta bertan saltzeko eutsi ezinik gaude. Txahala eta haragia, dena doa kanpora; ez zaigu besterik geratzen. Dirua galtzen ari gara», adierazi du Aristik.

Eusko Jaurlaritzaren Donostiako ordezkaritzaren aurrean bildu dira gaur Aristi eta Gipuzkoako EHNEko kideak; guztira, 30 baserritar inguru. Segituan atera dute Haragi ekoizleak SOS! pankarta, eta lauzpabost ikurrin ere erakutsi dituzte. Protestarako aukeratutako lekua ez da ausazkoa izan. Garikoitz Nazabal Gipuzkoako EHNEko presidenteak azaldu duenez, Gipuzkoako txahalkiaren ekoizpena «egoera kritikoan» dago, eta, Eusko Jaurlaritzaren aurrean bilduta, hark duen «erantzukizun erabatekoa» salatu nahi izan dute.

Azaldu dute Europa osoan dagoen txahal eskasiaren eraginez prezioek gora egin dutela —%19 garestitu da azken urtean Hego Euskal Herrian—, baina euskal baserritarrei ordaindutakoa ez dela beste hainbeste igo. Nazabalek balio katea «lehenbailehen berrikusteko» eskatu du, dirua galtzeari uzteko: «Bada industria bat dirua ateratzen duena txahalak erosiz eta salduz, banaketak ere marjinak ditu, eta negatiboan ateratzen diren bakarrak baserritarrak dira».

Neurri jakin batzuk

«Pradales lehendakariak eta Barredo sailburuak beste aldera begiratzen dute. Ez da utzikeria, estrategia baizik», adierazi du Nazabalek, eta neurri jakin batzuk eskatu dizkio Jaurlaritzari. Lehenik, prezioen erregulazioa exijitu du, prezio batzuk ezartzeko; haragia hori baino merkeago sal ez dadin. «Hori legezko betekizuna da. Hor Eusko Jaurlaritzak baditu bere erremintak; baliatu ditzala», eskatu du.

Bigarrenik, adierazi du lehen helburua izan beharko luketela «txahal bakar bat gizentzen duten baserrietatik hasita» sektorea babestea. «Industria transformatzailea, banaketa kateak eta gizendegiak ez lirateke lehen helburu izan behar; ez diote inongo balio erantsirik ematen baserritarrari».

«Industria transformatzailea, banaketa kateak eta gizendegiak ez lirateke lehen helburu izan behar; ez diote inongo balio erantsirik ematen baserritarrari»

GARIKOITZ NAZABAL EHNE Gipuzkoako presidentea

Diru laguntzak ere eskatu dizkio Eusko Jaurlaritzari Gipuzkoako EHNEk, diru galerak estaltzeko. Hain zuzen, 200 euro jasotzea eskatu du haragitako behi bakoitzeko, eta 250 euro gizendutako txahal bakoitzeko.

Irailaren hasieran hasi zen mobilizazioetan Gipuzkoako EHNE. Orduan, ohartarazi zuen txahal haragirik gabe geratzeko arriskua zegoela. Orain, presio mekanismo gisa, erantzuleak seinalatzen hasi da. «Gaur Eusko Jaurlaritzaren erantzukizuna azpimarratzea tokatu da; asko dauka egiteko eta ez da egiten ari», esan du Nazabalek. Ezer aldatu ezean mobilizatzen eta seinalatzen jarraitzeko intentzioa dutela erakutsi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.