Imanol Magro Eizmendi.

Euskara, behingoagatik, mahaira

2026ko abuztuaren 2a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irailean, Bizkaiko metalgintza sektoreko lan hitzarmeneko bilerei ekingo diete berriz sindikatuek eta FVEM patronalak. Euskal Herrian eraginik zabalena duen hitzarmena da, 55.000 langileren lan baldintzen oinarria ezartzen duelako, eta haren negoziazioa da hedabideetan lekurik handiena hartzen dutenetako bat. Udazkenean, baina, bilerek berrikuntza nabarmena izango dute: mahaia osatzen duten sindikatuen erdiek, eta era berean ordezkaritzaren %62,5 pilatzen dutenek, euskaraz egingo dute.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan sektore mailako 47 lan hitzarmen daude, eta LABek iragarri du guztietan erabiliko duela euskara. ELAk, berriz, 27tan negoziatuko du euskaraz irailetik aurrera, baina aurreratu du jokamolde hori mahai guztietara zabalduz joatea dela bere asmoa, baita Nafarroakoetara ere. Borondate horri esker, baliteke euskarak harresi bat botatzea eta orain arte ia ukatua zitzaion esparru batera iristea: lan harremanen negoziazio mahai pribatuak.  

Lan Harremanen Kontseiluak onarturikoa da bere egoitzetan eginiko sektore mailako lan hitzarmenen negoziazioen «gehiengoa» gaztelaniaz izan direla orain arte

«Ia ukatua zitzaion» hori Lan Harremanen Kontseiluak berak onarturiko egoera bat da. Hango presidente Emilia Malagak aitortua du haien egoitzetan eginiko sektore mailako lan hitzarmenen negoziazioen «gehiengoa» gaztelaniaz izan direla orain arte. Zehaztu du gutxi batzuk egin izan direla euskaraz, hezkuntzakoak-eta, baita ele bitan ere, baina salbuespena direla. 2026. urtean hizkuntza ofizial bat erabiltzea salbuespena izatea euskarak pairatzen duen beste anomalietako bat baino ez da.

Euskararen aldeko manifestazioa.
ELAk, LABek eta Steilasek maiatzean eginiko euskararen aldeko manifestazioa, M. M. T. / FOKU

Hizkuntza paisaia aldatuko duen mahai horietako bat izango da Bizkaiko metalgintzakoa, eta lagin ona izan daiteke egoera berria aztertzeko. Ikusi beharko da nola garatzen den negoziazioa. FVEM Bizkaiko metalgintzako patronalak esan du negoziazioak moteldu egingo direla beharbada, baina ez du kritika ozenik egin. Erakundeko presidentea euskal hiztuna da, eta ondo ulertuko ditu sindikatu abertzaleen eskaerak. 

Mahaiko beste sindikatuek ere, CCOOk eta UGTk, badute euskaraz aritzeko gai den jendea. CCOOk salatu du «errealitatetik kanpo» dagoen jarrera bat dela, baina, urrutira joan gabe, haren industria federazioko ordezkaria euskalduna da. UGTk, aldiz, esan du «logikoa» dela norberak nahi duen hizkuntzan egin ahal izatea LHKren moduko erakunde soziolaboraletan. 

«Baliabide» eske

LHKk eta Confebask enpresari elkarteak ez dute hautsik harrotu. Hitzak neurtu dituzte, eta esan dute euskarak ez lukeela arazo izan behar akordioak lortzeko. «Gaur egun, ia bi urte behar dira edozein sektoretako lan hitzarmena adosteko, eta hori ez da hizkuntzagatik», argitu du Tamara Yague Confebaskeko presidenteak. Hori bai, bi erakundeek negoziazioak ele bitan egiteko «baliabideak» eskatu dituzte, alegia, itzultzaileak. 

LHKk argiago hitz egin du: esan du bere teknikari guztiek dakitela euskaraz, baina ez direla itzultzaileak. Funtsean, adierazi du itzultzaileak kontratatu behar baditu aurrekontu handiagoa behar duela, eta zeharka enkargua bidali dio Jaurlaritzaren Lan eta Enplegu Sailari. Sindikatu abertzaleen apustua irmoa da, ez dute atzera egiteko asmorik, beraz Mikel Torres sailburuak erabakiren bat hartu beharko du, baita Mari Carmen Maeztu Nafarroako Enplegu kontseilariak ere.

Elebitasuna da euskararen defentsan egin daitekeen gutxieneko eskaera; norbere hizkuntza abandonatu behar ez izatea. Euskara negoziazioetan erabiliz lor daiteke gerturatzea urte luzez hari bizkarra emanda egon diren sindikatuak eta patronalak.

Dena den, eskaerak ez luke betetzen zaila izan behar. Egun, hainbat mugimendu sozialetan jardun elebiduna dute, besteak beste, bileretan, xuxurlarien eta antzeko formulen bidez, mugimendu feministak erakutsi duenez. Eremu ez-profesionalak auzia bideratzeko gai izan badira, negoziazio kolektiboan ere gauzatu beharko litzateke. Borondatea, gogoa eta euskarari ematen zaion garrantzia izango dira gakoak.

Gauzak hala, orain arteko kritikarik handienak hedabide jakin batzuek egin dituzte. USaPeko azterketen eta lanpostu publikoetarako euskara eskakizunen aferetan gertatu bezala, auzia erregai euskarafoboz blaitu dute. Sindikatu abertzaleen erabakia «inposiziotzat» jo dute, eta urte luzeko kontsentsua hautsi izana egotzi diete. Hori bai, ez dute argitu zein kontsentsu den hori, noiz eta nortzuek adostu zuten. 

LHK
Sindikatuak eta Confebaskeko ordezkariak bilduta, LHKk Bilbon duen egoitzan. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Hitzarmenak euskaraz negoziatzeak sor ditzakeen balizko traba eta oztopoen inguruko adierazpenak hedabide horien galderei erantzunez izan dira; zilegi da, noski, eragileei galderak egitea, baina galdera horien bidez propio ezarri nahi dute marko bat, zeinetan euskara arazoren bati lotuta ageri den beti. Oraingoz ez dute titular handirik lortu, baina ikusteko dago irailetik aurrera hedabide horiek zenbateraino baldintzatu ditzaketen negoziazioak, zenbateraino lokaztu dezaketen giroa. Izan ere, euskararen defentsan eta sustapenean, sarri beldurtuta sumatzen dira erakunde publiko batzuk.

Horri aurre egiteko, euskararen alde egin duten sindikatuek tinko eutsi beharko diote. Haien jarrerak, epe motzean behintzat, orain arte alde bakarrerantz okertuta egon den balantza orekatzea baino ez du lortuko. Lan harremanak ez dira egun batetik bestera euskaldunduko, eta euskara hutsean negoziatzeko haien hautuak asko jota elebitasunera igoko du langa.

Eta elebitasuna da euskararen defentsan egin daitekeen gutxieneko eskaera; haren presentzia bermatzea, alegia, norbere hizkuntza abandonatu behar ez izatea. Euskara negoziazioetan erabiliz lor daiteke gerturatzea urte luzez hari bizkarra emanda egon diren sindikatuak eta patronalak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA