Euskaraz bizitzeko eta lan egiteko eskubidea aldarrikatuz amaitu du bere mitina Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak. «Betetzen ez den eskubide» gisa aurkeztu du Maiatzaren Leheneko hitzaldia, eta «ELAren gutxieneko eskakizuna» zein den argitu du: «Euskara eta gaztelania parekatuko dituen adostasun bat». Halaber, gogoratu du eskubide horiek aldarrikatzeko manifestaziora deitua dutela Bilbon hurrengo larunbaterako.
Mitin gehiena euskaraz egin du Lakuntzak, Kale Nagusia gurutzatu duen manifestazioko aldarri guztiak euskaraz izan dira, eta asko, euskararen aldekoak. «Euskaraz bizi eta lan egiteko adostasuna behar dela diote alderdi batzuek: adostasuna zapalkuntza bat ezkutatzeko?», galdetu du Lakuntzak. Esnatu ala hil liburua goratu du gero, eta sindikatua harekin bat datorrela adierazi. «Ez da adostasun ez-nahikoetan lokartzeko unea, baizik eta esnatzekoa».
ELAren kalkuluen arabera, 10.000 lagun bildu ditu Bilbon —Iruñean zuen beste deialdia—. Jaiegun zubia egiteko aukerak Bilboko mobilizazio guztiei eragin dien arren, sindikatu abertzaleak irudi polita lortu du. «Lan eta bizi, euskaraz», «hemen lan egin, hemen erabaki», «paperak denontzat» eta «SMI hemen erabaki» izan dira gehien errepikatu dituzten aldarriak.
Pankartan, berriz, SMI 1.500 euro, Jo eta ke, hemen erabaki arte! leloa irakur zitekeen. Lakuntzak aldarrikatu du martxoaren 17ko grebari esker gizartearen gehiengoak bat egiten duela aldarriarekin. «Ez dugu nahi inork Madrildik bere prekaritatea inposatzerik. Alderdiek eta sindikatuek esaten dutenean 1.200 euroko soldata 1.500ekoa baino hobea dela, adarra jotzen ari dira egoera okerrenean dauden langileei».
«Euskaraz bizi eta lan egiteko adostasuna behar dela diote alderdi batzuek: adostasuna zapalkuntza bat ezkutatzeko? Ez da adostasun ez-nahikoetan lokartzeko unea, baizik eta esnatzekoa»
MITXEL LAKUNTZA ELAren idazkari nagusia
Salatu du akordiorik nahi ez duten erakundeek —Confebask, gobernuak...— «arrazoi ideologikoengatik» jokatzen dutela horrela, eta prekaritatea hedatzeko «espainolismoa eta zentralismoa» erabiltzea egotzi die. Halaber, gaineratu du ELA bide berriak aztertzen ari dela eskatutakoa lortzeko.
Pradalesi, «Confebask estutu»
Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariari ere mezu zuzena bidali dio. Partaidetza lege instituzionalaren lege proiektua bertan behera uzteko eskatu dio; horrez gain, esan dio UGT, CCOO eta «negoziatu nahi ez duen patronal bat» saritu ordez 1.500 euroko soldata baten alde egin beharko lukeela, eta «Confebask estutu negoziatzera eser dadin».
Lege horrekin, izan ere, Jaurlaritzak ELA eta LAB «mehatxatu» dituela iritzi dio Lakuntzak. Gogoratu du Mikel Torres Lan sailburuak esan zuela Elkarrizketa Sozialaren Mahaian parte hartzen ez zuten sindikatuek «ondorioak jasango» zituztela: «Haien proposamena da mahai antzuetan esertzen ez bazara zigortu egingo zaituztela». Era berean, gogoratu du egun mahai horretan esertzen diren sindikatuek, CCOOk eta UGTk, EAEko langileen %28 baino ez dituztela ordezkatzen.

Euskal Herrira begira eginiko mitin bat izan da, baina mezu internazionalistarik ere ez da falta izan. Txikizioa eta miseria baino ez dakartzan «eredu kapitalista basatia» kritikatu du, eta inoiz baino gehiago Kubaren alde eta blokeoaren aurka daudela aldarrikatu. «Yankiak kanpora!», oihukatu du.
Gaur egun munduak dituen bi arrisku nagusiak Donald Trump eta Benjamin Netanyahu direla esan du, eta Europa ez dela ezer egiten ari haiek oztopatzeko: «Haien txotxongiloa da: men egiten die». Halaber, gehitu du EAEko eta Espainiako patronalek beste alde batera begiratzen dutela, eta interes ekonomikoak lehenesten dituztela giza eskubideen aurretik.