Jaurlaritzaren aurrekontuak

Eusko Jaurlaritzak 60 milioi euroko diru sarrerak izango ditu banku gordailuen interesengatik

Interes tasen igoerari esker izango du diru sarrera hori heldu den urtean. Bankuei eta energia enpresei ezarritako zergari esker 119 milioi jasoko ditu. 

Pedro Azpiazu Ekonomia sailburua, Eusko Legebiltzarrean gaur egindako agerraldian. EUSKO LEGEBILTZARRA
aitor biain
2023ko azaroaren 6a
13:25
Entzun

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak iragarri duenez, interes tasen igoerari alde ona aterako dio Eusko Jaurlaritzak, eta kontu publikoetan nabarituko da hori. Izan ere, aurrekontuetan jasotzen denez, Jaurlaritzak 60 milioi euro jasoko ditu banku gordailuen interesengatik aurten.

Kopuru apala da, baina ezer baino gehiago da, azken urteetan Jaurlaritzak ez baitu diru sarrera hori izan, Europako Banku Zentralak interes tasak zerora jaitsi eta diru merkearen aroa martxan zuenetik bankuek apenas ematen baitzuten ordainik aurrezkiengatik.

Inflazioak kolpetik aldatu du egoera, ordea, eta, ekonomian eragin dituen albo kalteak nabariak izan badira ere, onura batzuk ere izan ditu, Azpiazuk aitortu duenez: «Badakigu interes tasen igoerak ez diela denei mesede egiten, baina, kasu honetan, guri bai. Hori da zenbakien errealitatea».

Eusko Legebiltzarrean, 2024rako aurrekontu proiektua aletzeko agerraldian egin du iragarpena Ogasun sailburuak. Iragarri duenez, hala ere, banku gordailuen interesena ez da izango ezohiko diru sarrera bakarra, bankuei eta enpresa energetikoei ezarritako zergaren bidez 119 milioi euro jasotzea aurreikusten baitu. Europako Funtsetatik, berriz, 341 milioi euro jasoko dituela kalkulatzen du.

Horri esker, Eusko Jaurlaritzak ez du zor handirik hartuko heldu den urtean: 206 milioi euro izango dira, eta beste 631 milioi bideratuko ditu amortizazioetarako. Hala, 2024an barne produktu gordinaren %12,3 izango da Jaurlaritzaren zor publikoa (10.862 milioi denera). Estatuarekin adostutako defizita %0,3koa izango da heldu den urtean, 2023koaren erdia.

Bere departamentuari dagozkion gastuen alorrean, Azpiazuk bi nabarmendu ditu batez ere: Finantzen Euskal Institutua eta Eustat. 2007an sortu zuen Jaurlaritzak Finantzen Institutua, bere politika finantzarioa eta kreditu publikoaren kudeaketa hobetzeko tresna gisara. Eraldaketa betean da orain, ordea, eta haren aldeko apustua indartu asmo du Jaurlaritzak heldu den urtean. Institutua gobernuaren «beso finantzarioa» bilakatzea da helburua, Azpiazuk aitortu duenez.

Bada, 55 milio euro jarriko ditu horretarako. Jaurlaritzaren asmoa da erakundeen arteko antolaketa koordinatu bat ezartzea, eta tresnak enpresen beharren arabera ordenatzea. Hala dago jasota, hain zuzen ere, Eusko Legebiltzarrean tramitean den Finantzen Euskal Institutuaren lege proiektuan.

Eustaten digitalizazio prozesua ere indartzea izango da Ekonomia eta Ogasun Sailaren beste erronka. Horretarako milioi bat gehiago jarriko duela iragarri du sailburuak. Denera, 1,6 milioi euroko inbertsioa egingo du. Estatistika institutuak 18,4 milioi euroko aurrekontua izango du; horietatik 1,5 milioi bere soberakinei dagozkie.

Azkenik, 15 milioi euro jarriko ditu finantza kostuei aurre egiteko, eta 1,3 milioi pandemia garaian enpresa txiki eta ertainei laguntzak emateko Elkargirekin batera martxan jarritako programaren finantza kostuetarako.

«Anbiziorik ez» aurrekontuetan
Oposizioko alderdiek Azpiazuri egotzi diote anbiziorik gabeko aurrekontuak direla, eta aurreko urteetakoekin alderatuta ez duela aldaketa handirik jasotzen. EH Bilduren iritziz, aurrekontuetan ez da «autokritikarik» islatzen, eta argi erakusten du Jaurlaritzak entzungor egiten diela herritarren eskariei eta beharrei. Elkarrekin Podemosek ere uste du aurrekontu «kontinuistak» direla, eta ez dituela jasotzen Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak dituzten inbertsio beharrak.

Azpiazuk aitortu du 2024ko aurrekontuetan ez dagoela aldaketa handirik, baina azpimarratu du «anbizioa» egon badagoela aurrekontuetan. Eta prest azaldu da oposizioko alderdiekin akordioak erdiesteko: «Badakit ez dela erraza hauteskundeen urtean babesak lortzea, baina egoerak eskatzen duen mailan egoten jakingo dugulakoan nago». Bada, iragarri du ostegunean hasiko dela bilerak egiten Vox ez beste alderdiekin, akordioak lortzeko.


Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.