Eusko Jaurlaritzak Velora taldeari lagunduko dio, eta diru publikoko 7,5 milioi euro ordainduko dizkio Vicinay eros dezan. Zehazki, Eusko Jaurlaritzak Velora taldearen barruko Haizea Wind enpresaren %7,8 eskuratuko du, eta enpresa hark erosiko du Vicinay osorik. Damaso Quintana enpresaria da Haizea Windeko presidentea.
Vicinayk kate handiak ekoizten ditu, amarratzekoak, itsasontzi handientzat eta ur gaineko haize errotentzat, eta Haizea Windek, hain justu, aerosorgailu horiek egiten ditu Bilboko portuan. Vicinayk laurehun langile inguru ditu bost herrialdetan. Horietatik berrehun Sestaoko eta Galdameseko lantegietan, Bizkaian.
Eusko Jaurlaritzako Industria Sailak adierazi du Vicinayren erosketa estrategia baten lehen urratsa besterik ez dela, eta adierazi du etorkizunean inbertsio gehiago egingo dituela. Oharrean nabarmendu du Vicinay euskal industriaren «konpainiarik enblematikoenetakoa» dela, eta operazio horrek balioko duela «itsas eolikoen sektorean Euskadiren posizioa indartzeko». Sektorea hazten ari dela azpimarratu du Industria Sailak, eta itsasoko haize erroten sektoreko ekoizpena datozen urteetan %25 haziko dela aurreikusi du.
Eusko Jaurlaritzak sortu berri du Ezten II funtsa, eta handik hartuko du erosketa hori egiteko behar den dirua.