Eusko Jaurlaritzak eskuak libre ditu Finantzen Euskal Institutuari 1.000 milioi euroko finantza ahalmen gehigarria emateko, Eusko Legebiltzarrak egitasmoa babestu baitu. EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk aldeko botoa eman dute, PP eta Sumar abstenitu egin dira, eta Voxek aurka bozkatu du.
1.000 milioi euroko zorpetzea handitzeko Jaurlaritzak 2025eko aurrekontuak aldatu behar zituen, lege proiektu baten bidez, eta diru hori aurten eta hurrengo urtean erabili ahalko du. Aurretik, Espainiako Gobernuaren oniritzia jaso zuen.
Finantzen Euskal Institutuak kudeatuko du, horren barruan berariaz sortutako funts baten bidez: Indartuz. Noel D' Anjou Ogasun eta Finantzetako sailburuak azaldu duenez, «Euskadiren eraldaketa ekonomikoari lotutako finantza inbertsioak egiteko» erabiliko da, bereziki teknologiaren eta industria sektoreetan eta azpiegitura zientifikoetan eta energetikoetan.
Besteak beste, helburu hauek ditu: enpresen errotzea bultzatzea; enpresak hazteko aukerak aprobetxatzea, inbertsio handitze edo eskuratze eragiketen bidez; eta tresna mistoak sortzea, kanpo kapitala erakartzeko eta proiektu estrategikoak bultzatzeko.
Poltsa handiagoa
Jaurlaritzak 2009an sortu zuen Finantzen Euskal Institutua, eta 2023an haren araudia aldatu zuen, bultzada berri emateko. Abiadura hartu nahi du orain, eta orain eman dizkion 1.000 milioi euroekin, orain arte erabili duen adinako diru kopurua izango du eskura. Haren menpe dago, esaterako, Finkatuz funtsa ere, Jaurlaritzak enpresa batzuen kapitalean sartzeko erabiltzen duen erreminta. Besteak beste, hala egin du Kaikun, CAFen eta ITP Aeron, eta laster egingo du Talgon ere.
Finantzen Euskal Institutuak kudeatuko du Indartuz funts berria, Euskal Finantza Aliantzaren bidez. Jaurlaritzaz gain, horko kide dira BBVA, Laboral Kutxa, Kutxabank eta haren fundazioak, Euskadiko BGAE Federazioak, BasqueFik finantza klusterra eta Elkargi. Guztien artean, legegintzaldi honetan 4.000 milioi euro mobilizatu nahi dituzte.
D'Anjouk azaldu duenez, aliantza publiko-pribatu horretan hasiak dira inbertsio plan bat prestatzen, eta aurki egingo dituzte lehen operazioak. «Hegakortasuna hain handia den honetan, Euskal Finantza Aliantzak gaitasuna izan behar du ustekabeko erronkei aurre egiteko, hala nola Trumpen administrazioaren muga zergen politikaren ondorioz sor daitezkeen beharrei. Ezin ditugu erronka horiek alde batera utzi, haien ondorioek gure ekonomiaren funtsezko sektoreak kolokan jar baititzakete».
Aliantzaren aurkezpenean, Imanol Pradales lehendakariak azaldu zuen egitasmoa bat datorrela Mario Draghi Italiako lehen ministro ohiak Europako Batzordearentzat eginiko lehiakortasun txostenean zehaztu duen bidearekin. Azterketa horretan dio, besteak beste, sektore estrategikoetako inbertsio publikoak areagotu behar direla.
Babesa, zalantzekin
Eusko Legebiltzarraren gehiengoa ere bat dator analisi horrekin, baina talde bakoitzak bere ñabardurak egin ditu. Alaitz Zabala EAJko legebiltzarkideak aitortu du zorpetzea handitzeak «erreparoa» ematen diola bere alderdiari, baina «funtsezkoa» dela «garapen ekonomikoa eta gizartearen ongizatea bermatzeko». «Zuhur jokatu behar dugu, baina ez dugu beldurrik izan behar». PSE-EEko Susana Corcuerak gogoratu du neurriak bat egiten duela «Bruselan eta Madrilen» bultzatzen ari diren politikekin.
Pello Otxandiano EH Bilduko bozeramailea pozik agertu da zorrak «tabu izateari utzi diolako», eta nabarmendu du dirua modu «inteligente eta estrategikoan» erabili behar dela orain. «Logikoa» iruditzen zaio industria bultzatzeko erabiltzea, baina gaineratu du bide bera erabil daitekeela, besteak beste, etxebizitza publikoak sustatzeko. «Horretarako ere funts bat behar dugu».
PPko Alvaro Gotxik, berriz, salatu du neurria irakurketa bakarreko lege egitasmo bidez tramitatu dela, «oposizioaren parte hartzea murriztuz». Eta Sumarreko Jon Hernandezek adierazi du Jaurlaritzak ez duela diru hori «modu justuan» erabiliko den «bermerik» eman.