Jose Angel Corres. Bilboko Merkataritza Ganberako presidentea

«Ez gara gai izaten ari ondo ordainduriko lanpostuak sortzeko»

Baikorra da Corres, eta zuhurtziaz egin die aurre mundu guztian zabaltzen ari diren iragarpen ilunei. Udazkenera begira, ez du larritzen kontsumoak; bai, ordea, lan gatazkek.

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2022ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun

Azken hilabeteak ditu Bilboko Merkataritza Ganberako bulego nagusian. Jose Angel Corresek (Bilbo, 63 urte), dagoeneko esana du ez dela kargurako hauteskundeetara berriz aurkeztuko. Hamabi urte egin ditu bertan, aurretik beste hamabi egin zituen Bilboko Portuko Agintaritzan (1996-2009), eta, besteak beste, Euskalteleko (2015-2020) eta Athleticeko (2012-2018) presidenteorde izandakoa da. Bermeon (Bizkaia) asko ibiltzen da, eta euskara ulertzeko arazorik ez du, baina bere burua hobeto ematen du ulertzera gaztelaniaz, eta hizkuntza horretan izan da solasaldia.

 

Zer egingo duzu orain?

Denbora libre gehiago izango dudanez, hobeto bizi. Nik nire lana dut, Ganberako kargua ez da soldatapekoa, eta nire betebehar profesionalarekin jarraituko dut [Bilboko portuko gordetegi frankoko kudeatzailea da].

Bilboko Portuko Agintaritza, Ganbera, Athletic, Euskaltel... Zaila da sinesten ez zarela beste erakunderen batean sartuko. Eskaini al dizute?

Nola ezetz? 63 urte ditut. Aspaldi harturiko erabakia da hau, eta iritsi da. Jende gazteari bidea utzi behar zaio. Ganberan, aurreikusi baino lau urte gehiago egin ditut. Gaur-gaurkoz, esan behar dut ez naizela inon sartuko. Ez didate eskaini ere egin; agian, elkarrizketa honen bitartez...

Zure agintaldiaren zer-nolako balantzea egiten duzu? Ganbera oso ikusgarri egin duzu.

Ona, berezkoa dut baikorra izatea. 2010ean gabezia bat ikusi nuen: Ganberari kalea zapaltzea falta zitzaion, iritzia ematea; eta uste dut asko hobetu dugula ikusgarritasun aldetik. Eta ekonomikoki ondo dago. Eta hori nahiz eta garai gogorrak bizi izan ditugun: krisia, baliabiderik gabe utzi gintuen dekretua... Erabaki zailak hartu ditugu: Kale Nagusiko egoitza saldu, eta Rekalde Zumarkaleko eraikin osoa erosi genuen; langile batzuei irteera eman genien, nire ustez baldintza onetan... Ganberak 135 urte ditu, enpresa asko sortzen lagundu du. Aireportua eta portua, esaterako, etxe honen ezinegonen artean egon dira; ingeniaritza fakultatearen sustatzaileetako bat izan zen, eta Bizkaiko hizkuntza eskola zaharrena Ganberakoa da. Ganbera enpresen ordezkapen foro bat da, eta enpresariek eta langileek izan behar dute lekua.

Baikorra zarela diozu, eta hala izan zinen azken balantzean. EAEko BPGa aurten %4,2 haziko zela iragarri zenuen, eta Bizkaian enplegua sortuko zela urte amaierara arte. Azaltzerik?

Iazko abenduko BPG iragarpena asko doitu dugu, beherantz, bi puntu. Baina esan genuena Ganberako kide diren enpresei eginiko inkestaren emaitzen galbahea da. Baikortasun zantzuak zeuden; besteak beste, %64k diotelako azken prezioetara eraman ahal izan dutela lehengaietan jasandako garestitzea. Nik uste dut kanpora begira modu batekoak garela, eta inkesta anonimoan zintzoagoak garela. Eta makroekonomia? Ez dagoela ondo? Ziur, baina agian ez dago hain gaizki.

Badirudi udazkenean mundua amaituko dela.

Bai, eta JP Morganekoari entzuten badiozu, hondamendia dator. Loiuko aireportuan ilara asko daude azken egunetan kanpora joateko; ez dirudi, oraingoz, hain arduratuta gaudenik.?

Zer esaten dizute enpresek?

Garai hobeak izan dituztela, argi dago, baina duela sei hilabete baino askoz hobeto daudela. Ez dituzte nahiko lituzketen lehengai guztiak, baina ez dago gabeziarik. Energiaren prezioa ere hor dago, baina dagoeneko ez da aldagai bat, badakite zer datorren... Orain buruhauste nagusia hau da: zer gertatuko zaio nire bezeroari? Guk Alemaniaren menpekotasun handia dugu, eta gasaren auziarekin arazo handiak izango ditu udazkenean. Ea zer gertatzen den han; hori da arazo handia.

Inkestak zioen enpresa asko lehengai eskasiaren beldur direla.

Beldur nagusia da, duela sei hilabete pairatu zutelako. Eta sei hilabete daramatzate lehengaiak pilatzen, ahal duten guztia, baina ez nahiko luketen bezainbeste. Putinek gasa ixten badu, dena den, zailtasunak egongo dira. Alemania guretzat gehiago da bezero hornitzaile baino.

Iaz, Bizkaiko siderurgia enpresa handiek etenak egin zituzten. Aurten?

Egia da, baina altzairua garesti dago, eta horrek gastuak ordaintzen laguntzen du. Egun, eskaera badago munduan eta gerrak ez dio eragiten burdin mineralari. Ez luke arazorik egon beharko. Ez dut uste ACB itzaliko dutenik.

Nazioarteko merkatuaz ari zarela, Ukrainako gerrak nola eragin dio euskal ekonomiari?

Ukrainako hornitzaile eta bezeroak zituenak arazo oso handiak izan zituen lehen astean, baina han ez zegoen ezeren esklusibotasunik. Ukraina Europako aletegia zen, baina enpresek handik ekartzen zutena beste nonbaiten aurkitu dute, eta egoera antzekoa da oraindik ere. Hango biztanleak, zoritxarrez, gerra pairatzen ari dira oraindik, guregan arreta txikiagoa pizten duten arren. Errealitate gordina da.

Nola ikusten duzu euskal ekonomia egun? Inflazioa oso altu dago, baina langabezia, baxu.

Ondo ikusten dut, gaizki ez behintzat, baina ez ikusi nahiko nukeen bezala. Nik beti gehiago nahi dut nireentzat. Ondo gaude, baina hobeto egon gintezkeen.

Eta zer egin daiteke, zure ustez?

Euskadin arazoak ditugu, baina beste batzuk baino hobeto gaude, eta autokonplazentzian erortzeko arriskua dugu. Baina neurriak hartu behar dira. Euskadin ez gara gai izaten ari ondo ordainduriko lanpostuak sortzeko, hori da dugun arazo handia. Azpiegitura ekonomiko ona dugu, Alemaniakoaren antz handiagoa duena Espainiakoarena baino, baina, gero, sortzen dugun talentua ezin dugu lotu. Eta talentua izan badugu, baina gure gazteek dirua irabazi nahi badute, Londresen, Frankfurten (Alemania) eta Madrilen egin behar dute lan. Euskal Herrian errotuagoak badaude, bada hemen gelditzen dira, eta funtzionario batek adina irabazten dute enpresa pribatu batean.

Zerbitzuen sektorearen zabalkundeari lotuta al dago hori? Bai, baina ez du zertan. Eta, agian, eredu exajeratua da, baina Londresko city-an zerbitzuen sektorea beste inon baino gehiago zabaldu da, eta Europako soldatarik onenak dituzte. Hemen, zerbitzuen sektoreak bereganatzen du langile gehien, baina profil jakin bateko enplegua sortzen ari gara. Ez dakit enpresek errentagarritasun maila txikia dutelako den, eta ezin dute talentua mantendu; edo aurkakoa den, mozkin oso handiak dituzte, eta epe motzean pentsatzen dute bakarrik.

Soldatak hizpide hartuta, kontsumoaren jaitsiera handi batek beldurtzen al zaitu?

Epe motzean, ez, sasoiko dago; etxe askotan, bi urteko aurrezkia pilatu dute pandemian. Aurrezkiek urtebetetik gora eutsiko diote kontsumoari. Hemen gastatzekoak gara, gainera. Kontua da ea ohiko merkataritza eta kontsumoa eskutik doazen. Kontsumoa, orain, agian Amazonen dago, eta hori ezin dugu neurtu. Bermeoko (Bizkaia) alde zaharrean nabilenean saltoki itxiak baino ez ditut ikusten; eta Bilbon, Kale Nagusitik kanpo, lonja itxi asko dago.

Lan gatazkak arazo izango al dira? Erosteko ahalmena mantendu ahal izango al da?

Arazoa dira dagoeneko. Erosteko ahalmena mantendu nahi izatea logikoa da, baina ikusi behar da nola egiten den. Iaz, ia %7 igo zen KPIa, eta, aurten, hortik gora ibiliko gara. Erosteko ahalmen %17 galtzea oso handia da, baina, nire ustez, ezin da bi urtetan berreskuratu. Modu bakarra epe luzeagora negoziatzea, eta alde hori onartzea jakinda denbora jakin batean erosteko ahalmena galduko dela. Orain sakrifizio bat egitea gero hobeto egoteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.