Ezlekuetan ostatu hartzea

Euskal Herrian geroz eta hotel gehiago daude industrialdeetan eta errepide ertzetan. Hirietako jendetzatik eta prezioetatik urrundu, eta hotel kateetara jotzen dute bidaiariek, betiere autoa uzteko tokia baldin badute.

Alda Egues Rooms hotela, Eguesibarren, Nafarroan. IÑIGO URIZ / FOKU
Alda Egues Rooms hotela, Eguesibarren, Nafarroan. IÑIGO URIZ / FOKU
2026ko irailaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donostiako Parte Zaharrean geroz eta gehiago dira atean imanak dituzten dendak. Hiriko eta lurraldeko paisaiarik ederrenak ageri dira horietan: portua, Parte Zaharreko kaleak, Getariako San Anton mendia... Bai eta ikurrinak eta Kontxako barandaren zatiak ere. Baina iman bat falta da, kolore horien guztien artean gris pixka bat gehituko lukeena: industrialderen batena. Izan ere, Euskal Herrian geroz eta gehiago dira oporretan industrialdeetan geratzen diren bisitariak.

Azkenaldian, ohikoa da hotelak hirigune eta herrietatik kanpo eraikitzea, eta ezlekuak hautatzea turistei denbora baterako ostatua eskaintzeko. Ezleku horiek industrialdeak, biribilguneak eta errepide ertzak izaten dira; erdiguneetatik eta postaletan ageri diren txokoetatik urrun egoten diren lekuak, alegia.

Ibis Styles Zumaia Zestoa hotela, esaterako, ekainaren 23an ireki zuten, Arroako industrialdean (Zestoa, Gipuzkoa), AP-8 autobidearen 48. irteeran. Itziar Calderon hoteleko zuzendariaren arabera, «sekulako arrakasta» izan dute lehenengo hilabetean: «%84ko okupazioa izan dugu uztailean, eta espero dugu %93koa izatea abuztuan».

Kokaleku «estrategikoa» izateaz gainera, 77 gela dituzte, 200 lekuko aparkalekua, gimnasioa, eta Jentilak izeneko jatetxea ere bai. Euskal mitologian oinarritutako dekorazioaren parte da azken hori eta janari tradizionala egiten dute, «ukitu minimalista batekin».

«Toki batetik besterako bidean gelditzen diren bezero ugari izaten ditugu: gau bat edo bi igarotzera etortzen dira»

ITZIAR CALDERON Ibis Styles Zumaia Zestoa hoteleko zuzendaria

Egueseko (Eguesibar, Nafarroa) Alda hotela 2024an ireki zuten, eta errepidea hurbil izatea faktore esanguratsua da hartan ere; eraikina biribilgune baten gainean dago, eta haren forma eta guzti hartu du. Errepidea ondo-ondoan izateak errazago iristeko modua ematen dio jende askori, eta, gainera, ostatua oso gertu dago Iruñetik. Horrez gain, Alda kateko eskualde arduradun Alba Gomezek kontatu duenez, «eremu lasaia da, zarata gutxikoa, eta hotelak zerbitzu sinple eta praktikoak eskaintzen ditu, prezio ekonomikoan».

Ez da adibiderik falta. Travelodge Bilbao Sestaok apirilean zabaldu zituen ateak lehenengoz, Bizkaiko hiriburutik 13 kilometrora dagoen Ibarzaharra industrialdean (Trapagaran, Bizkaia), eta Holiday Inn Express hotelak maiatzean, Errenteriako Altzate Berri auzoan (Gipuzkoa). Donostian ireki berri duten DWO San Sebastian hotela gertuago dago hirigunetik, baina fabrika eta lantegiak ditu bizilagun, 27 Poligonoan baitago.

Batzuk lehenago eraiki zituzten: Baionako Ibis; Gipuzkoan, besteak beste, Hernaniko Txintxua hotela, Urnietako K10, Irungo B&B Hotel eta Zaldibiako Zelaa; Nafarroan, Irurtzungo Plazaola hotela, Mutiloabeitiko Holiday Inn Express; Bizkaian, Zaratamoko Ibis; eta Araban, Ribabellosako Arasur. Azken hori hotela zen lehen ere, baina 2026an ireki dute berriro, jabea aldatuta.

Ibis Styles Zumaia Zestoa hotela
Ibis Styles Zumaia Zestoa hotela, Gipuzkoan, AP8 autobidearen sarrera-irteera batean. JON URBE / FOKU

Kateak

Industrialdeetako hotelen zerrenda luze horretan ageri diren guztiek bat egiten dute ezaugarri batean: kateen esku daude. Sektoreko estimazioen arabera, Europan eskaintzen diren gelen %40 edo %45 hotel markadunenak dira, eta geroz eta gehiago daude, gainera. JLL aholkularitza enpresako analistek azaldu dutenez, kostu ekonomikoa duten hotelen kateek «Europan handitzeko aukera handiak dituzte, eskalagarritasunari eta kostu egitura nahiko apalari esker».

Accor enpresa da sektoreari bultzadarik handiena ematen ari zaizkionetako bat, bai eta B&B Hotels eta Whitbread ere, eta hala eraikin berriak eginez nola aurrekoak eraldatuz ari dira hotelak zabaltzen.

Esate baterako, Zestoako hotelaren eraikina eginda zegoen jada, eta horregatik ezarri zuten hotela bertan. Calderonek esan duenez, ez da erraza hotel bat jartzeko moduko eraikinak aurkitzea, hortxe dago zailtasuna. Hori bai, ñabardura bat egin du: Donostiarekin alderatuta, Zestoan eta halako herrietan «errazagoa» da alkatearekin eta erakunde publikoekin harremana izatea, eta horri esker hotela azkarrago ireki ahal izan dute.

Eguesibarko Alda Rooms hotelaren eraikina, aldiz, berria da, eta «logistika» kontu batek bultzatu zituen jabeak proiektua aurrera eramatera, Gomezen arabera: «Beste enpresa bat ere badute industrialde berean, eta konpainia eta haren irabaziak zabaltzeko modu bat izan zen».

Hirigunera iristeko

Argi dago enpresek interesa dutela industrialdeetan, baina hotelek bidaiariak behar dituzte, eta fabrikaz eta asfaltoz betetako parajeak ez dira oporrekin lotzen. Aitzitik, hiriburuak dira turisten jomuga ohikoena, eta horiek gainezka egiteko zorian daude. Donostian, moratoria bat ezarri zuten 2023an, eta, orduz geroztik, ez da baimenik ematen hirian hotel eta apartamentu turistikoak jartzeko. Gainera, hiria garesti dago: ekainean, hoteleko gela baten eguneko prezioa 225,88 eurokoa zen batez beste, Eustaten arabera.

%18

Zenbat ugaritu den hoteletako bidaiari kopurua 2019tik 

Pandemia aurretik orain arte, %18 handitu da Hego Euskal Herriko hoteletan ostatu hartu duten bidaiarien kopurua: 4,3 milioi inguru izan ziren 2019an, eta 2025ean, berriz, 5 milioi. Hoteletan, guztira 38.946 ohe zeuden turistentzat eskuragarri pandemiaren aurretik, eta 45.312 ziren iaz; %16 gehiago, alegia. Hoteletan toki gehiago egoteak, halaber, eragina izan du okupazioan, hamarren batzuk jaitsi baita. Bisitarien egonaldiak bi gauekoak izaten dira batez beste, 2019an bezala. Bestalde, hoteletan geratzen den bisitarien kopuruak gora egin badu ere, igoera handiagoa izan du Hego Euskal Herrira etorri diren bidaiarien kopuru osoak: %35ekoa 2019tik 2025era. Datu horrek agerian uzten du hotelez bestelako aukerek zer-nolako indarra hartu duten azken urteetan; bereziki apartamentu turistikoek eta kanpinek.

Iruñean ez dago baimenak emateko muga orokorrik, baina egoera antzekoa da. Gomezen esanetan, «okupazioagatik eta prezioengatik hiriaren erdigunean ostatu hartu ezin duten bezeroak jasotzen ditugu. Hiriaren inguruan bilatzen dute, eta gu Iruñetik hamar minutura gaude autoan».

Travelodge Bilbao Sestao hotela
Travelodge Bilbao Sestao hotela, Trapagarango Ibarzaharra industrialdean. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Autoa non aparkatu

Joera hori ikusita, batzuetan praktikotasunak gaina hartzen die ametsei eta pelikuletako kale xarmantei, eta errepideak dirudien baino garrantzi handiagoa du. Hotel bakoitzeko arduradunek argi dute bezeroek ostatuaren zer alderdi baloratzen duten gehien. Zestoako Ibis hotelean, aparkalekua eta jatetxea, eta, Eguesibarko Aldan, berriz, aparkalekua, lasaitasuna eta kostua.

Calderon eta Gomez ados daude, beraz: funtsezkoa da autoa non aparkatu izatea, eta badute indargune hori. Zestoako Ibisek doako 150 leku eskaintzen ditu, eta Eguesibarko Alda eremu zuriz inguratuta dago. Azken batean, «hirigunean aparkaleku bat erabili behar izateak asko garestitzen du bidaia», Gomezen esanetan.

«Hirigunean aparkaleku bat erabili behar izateak asko garestitzen du bidaia»

ALBA GOMEZ Alda kateko eskualde arduraduna

Hau da, hotelak industrialdeetara zabaltzeko fenomenoa Euskal Herrira etortzen diren bisitarien nahi eta beharren erakusgarri da. Bezeroek geroz eta garrantzi handiagoa ematen diote kostuari eta marka baten eskarmentuak ematen duen lasaitasunari; bidaiatzea geroz eta ohikoagoa da, eta egonaldiak geroz eta motzagoak. 

Zestoako Ibis hotelean, espero dute lanera doazen bezeroak eta oporretara doazenak erakartzea. Uda betean hasi ziren lanean, ordea, eta negozio bidaia gutxi hartu dituzte oraingoz. Calderonen ustetan, mota horretako bidaiariak irailean hasiko dira iristen, eta, horren harira, hitzarmenak eginak dituzte jada inguruko bi enpresarekin. «Toki batetik besterako bidean gelditzen diren bezero ugari izaten ditugu: gau bat edo bi igarotzera etortzen dira».

Gomezen arabera, Egueseko Alda hotelak ere gisa horretako bidaiariak jasotzen ditu, udan gehienbat. Hori bai, bi urte daramatzate ostalaritzan, eta ohartu dira lanak mugituta ere iristen direla bezeroak. Azken batean, hotelak enpresa ugari ditu inguruan, eta negu garaian, lan mordoa dagoenean, langile askok aste osoa ematen dute bertan.

Ohikoa izaten da lanera doazen bidaiariek enpresatik gertu geratu nahi izatea, eta, bestalde, ondoriozta daiteke oporraldirako industrialdeetako hotelak hautatzen dituztenek, askotariko tokiak bisitatzeaz gain, ahalik eta gutxien ordaindu nahi dutela, eta eroso iritsi. Imanetako paisaiak leihopean izatea baino pisu handiagoa du horrek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA