FAOk ohartarazi du azken bi urteetako preziorik garestiena duela orain janariak

Haragiaren eta landare olioen garestitzeak eragin du goraldia, batez ere. Hala ere, prezioak urrun daude 2022ko maximo historikoetatik.

Ekilore zelai bat Errioxan, Espainian. RAQUEL MANZANARES / EFE
Ekilore zelai bat Errioxan, Espainian. RAQUEL MANZANARES / EFE
jokin sagarzazu
2025eko abuztuaren 8a
16:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

FAO Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundeak kaleratutako azken txostenaren arabera, jakien prezioen indizea 130,1 puntukoa izan zen uztailean, aurreko hilabetean baino %1,6 gehiagokoa eta iazko ekainean baino %7,6 gehiagokoa. Igoera hori landare olioen eta haragiaren garestitzeak bultzatu du bereziki. Hortaz, jakiek azken bi urteetako preziorik handiena dute. Hala ere, urrun daude oraindik 2022ko martxoan erregistratutako maximo historikotik: %18,8 gutxiago, hain zuzen.

FAOren arabera, zerealen, esnekien eta azukrearen prezioa jaitsi izana ez da aski izan olioen eta haragiaren garestitze «nabarmenari» aurre egiteko. Zerealaren indizeak %0,8 egin du behera uztailean, garia eta sorgoa merkatu egin baitira. Arroza ere %1,8 merkatu da, eskaintza askoz ere gehiago handitu baita eskaria baino.

Aitzitik, landare olioen prezioen indizeak %7,1 egin du gora, eta azken hiru urteetako handiena da. Palma, ekilore eta soja olioen garestitzea izan da arrazoi nagusia. Palma olioaren eskaria asko handitu da mundu osoan, jakiak ekoizteko bereziki. Sojarena ere bai, bioerregaiak egiteko.

Ekilore olioaren prezioak ere gora egin du, Itsaso Beltzeko eskualdean asko apaldu baita esportaziorako produkzioa. Aitzitik, koltzaren prezioak behera egin du, Europan uzta ona jaso dute eta.

Haragiaren prezioaren indizea oro har %1,2 igo da, batez ere Txinako eta AEBetako eskariek bultzatuta. Salbuespen bakarra txerri haragiarena izan da, eskaintza handia baita, baina eskaria moteldu egin da. Esnekien indizea, berriz, %0,1 apaldu da, eta azukrearena %0,2, azken bost hilabeteetako beheranzko joerari jarraikiz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.