Forbes zerrenda, euskal erara

Espainiako aberatsenen artean zortzi euskal herritar azaltzen dira: Daniel Mate da lehenengoa

Zerrendako izen berrietako bat Errenteriako Fernando Romero da. E. G. / EFE.
jokin sagarzazu
2022ko azaroaren 4a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Krisi garaietan aberatsak gero eta aberatsago. Topiko hori betetzen dela erakusten du urtez urte Forbes aldizkariaren zerrendak. Espainiako ehun aberatsenen artean zortzi euskal herritar azaltzen dira aurten, eta horien artean lehenengo postuari eusten dio Daniel Matek, Suitzan bizi den donostiarrak. Indar handiagoz eutsi ere, iaz baino 900 milioi euro aberatsagoa baita: guztira, 3.100 milioiko ondarea du. Glencore meatzaritza multinazionaleko akziodun nagusietan hirugarrena da Mate. Konpainiak alde izan du lehengai industrialen prezioek azkenengo bi urteetan izan duten igoera ikusgarria, eta burtsan inoiz izan duen baliorik handiena du gaur egun. Materen parte hartzea 1.900 milioi handitu da azkenengo bi urteetan (+%320).

Espainiako ehun ondare handienetan seigarrena da Materena.Ohi bezala, Amancio Ortega Inditexen sortzailea eta haren alaba Sandra dira lehenak, 53.500 eta 5.400 milioirekin. Materen atzetik, Jose Maria Aristrain da euskal enpresaburuen artean bigarrena. Aitak Olaberrian (Gipuzkoa) sortutako altzairutegia Arcelor Mittali saldu zion duela urte batzuk, eta multinazionalaren %2ren jabea da. Harenak dira, halaber, Tubacexen akzioen ia %15 ere. Iaztik 150 milioi handiagoa du ondarea: 1.100 milioikoa guztira. Aristrain Madrilen bizi da aspalditik, eta urteak daramatza susmopean. Espainiako Ogasunak leporatzen dio Suitzan bizi delako itxurak egitea zergarik ez ordaintzeko.

Berriak eta betikoak

Aristrainen atzetik kokatu dira orain Francisco eta Jon Riberas Mera anaiak, 1.100 eta 1.000 milioirekin. Madrilen sortutakoak dira, baina Bizkaian dute ohiko bizilekua, Gestamp auto osagaien euskal multinazionalaren akziodun nagusiak dira. Sektorea ez dago bere onenetan, eta konpainiaren akzioek pandemia aurretik zuten balioaren erdia galdu dute. Bi anaiek 200 eta 300 milioi gutxitu dute euren ondarea.

Haien atzetik Fernando Romero azaltzen da. Errenterian (Gipuzkoa) jaio zen, baina haurra zela Galiziara joan zen bizitzera. EiDF energia berriztagarrien enpresaren sortzaile eta akziodun nagusia da, kapitalaren %77rekin. Romeroren aberastasunak gora egin du aurten EiDF BME Growth burtsan merkaturatu ostean; enpresaren kotizazioa ia lau aldiz handitu da. Lehenengoz sartu da Forbesen Espainiako zerrendan, 34. tokian.

Euskal Herriko aberatsen artean seigarren Juan Luis Arregi bizkaitarra da, 750 milioirekin, iaz baino 100 milioi gehiago. Gamesaren sortzaileetako bat da, eta ENCEren akziodun nagusia —egurraren sektoreko konpainia da, papera egiteko pastak eta bioerregaiak ekoizten ditu—. 2018tik 2021era ENCEren akzioek zuten balioaren erdia baino gehiago galdu zuten, baina 2022an %35eko igoera izan dute. Horrez gain, Iberdrolaren akzioduna ere bada. Arregiren atzetik, Victor de Urrutia Vallejo enpresaburu arabarra azaltzen da. Haren ondarea 650 milioikoa da, iaz bezala. Asua Inversionesen jabea da, eta CVNE upategiaren akziodun nagusia, besteak beste.

Forbes zerrendan enpresaburu berri gutxi azaltzen diren arren, kanpoan geratu dira Neguriko oligarkiarekin loturiko izen batzuk; Galindez familiakoak, adibidez. Horrek badu esplikazioa: familia oso zabalak dira, eta euren ondasuna kide askoren artean banatua dute. Ibarratarrek, halere, eusten diote, Carmen Ibarra Arriluzeko markesaren bidez. Guztira 300 milioi euroko ondarea du, iaz baino 25 milioi txikiagoa. Bere familiari egotzitako zatia gehituz gero, guztira 600 milioikoa dela kalkulatzen du Forbes-ek.
Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA