Aireportuak. Foronda

Forondak egun osoko jarduna berreskuratuko du udaberrian

2012an ordutegi murriztua jarri zioten, baina 2017an bidaiarien trafikoa berreskuratu zuen, eta horren bidez lortu du 24 orduz irekita egotea. Hamabost langile gehiago izango ditu

Merkantzia garraioaz arduratzen diren bi hegazkin Forondako aireportuan, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2019ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Ordutegi murriztuarekin zegoen 2012az geroztik, baina egun osoko jarduna berreskuratuko du Forondako aireportuak udaberrian. Egunez eta gauez, 24 orduz, irekita egongo da Arabako aireportua ostera ere, eta hori ahalbidetuko duen prozesua martxan du AENAk dagoeneko. Data bat ere aurreratu dute: apirilaren 25a; ez dute baztertu lehenago izatea, halere. Euskal administrazioek azken urteetan egindako eskaria izan da, baina azpiegituraren etorkizuna zein izango den erabakitzeko dago oraindik. Datuek baikor izateko aukera ematen badute ere, erakundeek ohartarazi dute ez dagoela ezer bermatuta.

2017an hasitako susperraldiaren barruan kokatu dute ordutegi aldaketaren erabakia; lau urte pasatxoko etenaren ondotik, orduan itzuli baitzen bidaiari trafikoa Forondara. Orduz geroztik, gora egin du bidaiarien kopuruak urtetik urtera Ryanair konpainiak eskaintzen dituen hiru hegaldi erregularrei esker. «Nahiko genukeen baino luzeago joan da, baina balorazio oso positiboa egiten dugu; lurraldeak behar zuena da», zehaztu du Pilar Garcia de Salazar Arabako diputatuorde nagusi eta Garapen Ekonomikorako ahaldunak. Eusko Jaurlaritzarekin, Gasteizko Udalarekin eta merkataritza ganberarekin batera, azpiegitura sustatzeaz arduratzen den VIA elkarteko kide da diputazioa. «Hasieratik azpimarratu dugu aireportuak bidaiarien garraiorako gaitasuna ere baduela, eta hori sustatuko dugu aurrerantzean ere».

Izan ere, zama garraiorako azpiegitura bat izan da batez ere Arabako aireportua azken urteetan, gaueko ordutegiak eta azpiegituraren ezaugarriek baldintzatuta, hein handi batean. Salgaiak garraiatzeko aireportu erreferente bilakatu da, nabarmen egin baitu gora merkantzia garraioak, eta inoizko daturik onenak lortu ditu azken urteetan: 60.000 tona baino gehiagoko zifrak lortu ditu 2017 eta 2018an. Baina hori ez da nahikoa izan erakundeentzat, eta egun osoko jarduna berreskuratzea izan dute helburu. «Euskal administrazioak ez gara jabeak, baina arduratzen gaitu, eta asko; garapen ekonomikorako motor gisa ikusten baitugu».

Aireportuaren ezaugarri teknikoak nabarmendu ditu diputatuak indargune moduan Euskal Herriko pistarik luzeena du, besteak beste. «Lehia handia dago, eta beste aireportu asko daude egoera berean. Konfiantza dugu, halere, proiektu gehiago martxan jarriko direla berandu baino lehen». Garcia de Salazarrek azpimarratu du eskaintza nahikoa badagoela: «Aurrena eskaintza, eta ordutegia ondoren: hori esan izan digute beti, baina hautsi behar den bukle diaboliko bat da. Dena den, eskaintza handitzen ari da pixkanaka, bai zama aldetik eta baita bidaiarien aldetik ere; datu objektiboa da hori».

Behargin gehiago

Diputatuak ohartarazi du, halere, aldaketa ez dela egun batetik bestera igarriko. Prozesu luze bat eskatzen baitu egun osoko jarduera berreskuratzeak, eta, beraz, denbora. Tarte horretan, esaterako, langile berriak kontratatu beharko ditu AENAk, eta formakuntza eman. Suhiltzaileak izango dira gehienak, Alex Bastida Forondako langile batzordeko buruak azaldu duenez. Beste hamabost behargin batuko zaizkie orain dituenei: guztira, 42 langile izango ditu aireportuak txandakako postuan, eta bederatzi ariko dira goizez soilik: «Ordutegi osoz aritzeko gutxieneko kopurua». Egun osoko jarduna berreskuratuta, azken urteetan izan ez duten egonkortasuna eskuratuko dute, Bastidak azpimarratu duenez.

Ordutegi berria, halaber, 500.000 bidaiarien langa eskuratzeko «aukera ona» dela uste du langile batzordeko buruak. Hain zuzen, kopuru hura erabakigarria izan zen 2012an, AENAk zenbateko horretatik behera ziren aireportu guztietan ezarri baitzituen neurri murriztaileak. «Ordukoa berriro gerta ez dadin, epe motzera edo ertainera lortu beharreko helburua da». Hala berretsi du Garcia de Salazarrek ere: «Gasteizko aireportua agian ez da izango milioika bidaiari izango dituen azpiegitura bat, baina urte guztian errentagarritasuna emango dion kopuru bat lortu dezake». Bide horretan, AENAk du giltza, ordea, baita azpiegiturak behar dituen inbertsioetan ere.

Foronda hiru jardueratan aritu daitekeela sinetsita bidaiarien eta salgaien garraioa, eta jarduera industriala, diputatuak iritzi dio une egokia dela Eusko Jaurlaritzaren apustuari heltzeko: «Aireportu bat, hiru terminal». Loiuko, Hondarribiko eta Forondako aireportuak elkarren osagarri direla dio, eta «koordinazioa eta kooperazioa» lortu behar direla. «Elkarren arteko lehian jarri nahi dute, baina kontrakoa gertatzen da. Garrantzitsuena da erakundeen arteko lankidetza dagoela, eta ikuskera bera dugula denok».

Lehen aldiz, zazpi milioi bidaiaritik gora garraiatu dituzte aireportuek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.