Elkarrekin Podemosek salatu du dirudun handien gaineko zergaren eragina murrizten saiatu direla EAJ eta PSE-EE, Espainian aplikatzen dutena baino «leunagoa» delako Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ezarri nahi dutena. Koalizioaren esanetan, Madrilen indarrean dagoena aplikatuko balitz, hamar aldiz gehiago bilduko lukete hiru ogasunek zerga horren bidez. Horregatik, aurreratu dute legea bere horretan, aldaketarik gabe, onartzeko eskatuko dutela batzar nagusietan.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batzar nagusietan zerga horren tramitazioa hasi duten eguna baliatu dute, koalizioak hiru ganberetan dituen eledunek agerraldi bateratua egiteko. Miren Etxebestek, David Rodriguezek eta Eneritz Madariagak gogor egin dute EAJk eta PSE-EEk aurkeztutako proposamenaren aurka. Legea ezerezean utzi nahi izana egotzi diete bi alderdiei: «Azkenean, pixka bat disimulatzeko, legea tramitatzea onartu dute, baina engainatuz, desnaturalizatuz, eta haren eragina gutxienekora murriztuz».
Gogora ekarri dutenez, 3,2 milioi eurotik gorako ondareen jabeek ordainduko dute zerga berezia Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; Espainian, aldiz, 3 milioi eurotik gora dutenei aplikatuko zaie. Ordaindu beharreko gehienezko tasa, berriz, (%3,5) 16 milioi eurotik gora ezarriko litzateke; 10,6 milioitik aurrera Espainian.
Bada, proposamen horren arabera, Arabako ogasunak 200.000 euro bilduko lituzke zerga berriari esker, Rodrizek azaldu duenez. «Fartsa bat da, engainu bat», salatu du. «Urtebete gutxiagoan ez ezik, zerga gutxiago ere ordainduko dute dirudunek Euskadin».
Halaber, «tranpa» egitea ere egotzi diote EAJri, zerga berria ondarearen gaineko zergarekin nahastu nahian ari delako, haren beharrik ez dagoela justifikatzeko. Bada, nabarmendu dute dirudun handien gaineko zergak ez duela hura ordezkatuko, elkarren osagarri izango direla baizik. «Ez zuten inoiz zerga hau ezarri nahi izan; argi dago», esan du Etxebestek.
Gauzak horrela, «koherentzia» eskatu dio Elkarrekin Podemosek PSE-EEri. Jarrera aldatzeko eskatu dio, eta EAJren mukulu izateari uzteko. «Gustatuko litzaiguke Euskadiko Alderdi Sozialista gai izatea Madrilen egiten duena Euskadin ere egiteko».
Deflatazioari ere zuzenketa
Zerga berria onartzeko hirugarren baten babesa behar du EAJ eta PSE-EE bikoak Araban eta Gipuzkoan —gehiengoa dute Bizkaian—. Hori aintzat hartuta, Elkarrekin Podemosek adierazi du prest dagoela negoziatzeko. Bi alderdiei «eskua luzatu» die fiskalitateaz hitz egiteko, baita errenta zergaren deflatazioa egokitzeko ere.
Izan ere, Madariagak azaldu du PFEZ zergaren deflatazioaren aurkako zuzenketa ere aurkeztuko duela koalizioak hiru batzar nagusietan, neurria «lineala» delako proportzionala izan beharrean. «Fiskalitate justuago bat nahi dugu, eta urrats asko daude egiteko oraindik», esan du Madariagak.