Gamesak 1.711 milioi euroren galerekin itxi du urtea, eta 2026rako aurreikusten du emaitza orekatua

Irabaziak 2027an iritsiko direla uste du Gamesaren jabeak, Siemens Energyk. Lehorreko haize erroten negozioa ezin suspertuta dabil oraindik, eta bultzada handia itsasoko sorgailuetatik etor daitekeela uste dute.

Gamesaren egoitza Zamudion. LUIS TEJIDO / EFE
Gamesaren egoitza Zamudion. LUIS TEJIDO / EFE
Irune Lasa.
2025eko azaroaren 14a
11:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gutxiago galduz, baina oraindik ere galerak metatzen segitzen du Siemens Gamesak. 2025eko ekitaldi fiskala 1.711 milioi euroko galerekin itxi du sorgailu eolikoen ekoizleak, 2024koan baino hamar milioi gutxiago galduta (-%3,6).

Halere, aurtengo eta iazko galerak txikiak dira taldeak 2023. urtean bildu zituen 4.500 milioi eurotik gorako galtzeekin alderatuta. Egia da, halaber, konpainiak seigarren urtea duela aurten zenbaki gorriak pilatzen, 2019. urtetik orotara 10.300 milioi euroren galerak metatzeraino.

Edonola ere, Christian Bruchek, Gamesaren jabea den Siemens Energyko buruak mezu itxaropentsua eman nahi izan du gaur. Haren arabera, «pausoz pauso» Gamesak 2026an «emaitza orekatua» izatea aurreikusten dute, «deskarbonizaziorako planeta osoan berriztagarrietan egingo diren inbertsioetan oinarritua».

Itxaropen horien artean, Siemens Energyk uste du datorren urteetan itsasoko haize erroten negoziotik bultzada handia iritsiko dela. Irabaziak, azkenean, 2027an etorriko direla ere iragarri du Bruchek. Areago, haren arabera, Gamesaren etekinak %3-5 artean haziko lirateke 2028an.

Azken hiruhilekoa

Irailean amaitu den zerga urteko azken hiruhilekoan, uztailetik irailera, 353 milioi euroko galerak izan ditu Gamesak, baina hortik 50 milioi Indiako lantegiaren salmentak eragindako kontu doikuntzatik etorri dira.

Salmentak, aurreko urtekoarekin alderatuta, jaitsi egin dira azken hiruhileko horretan, %11 (2.744 milioitara). Alderaketa horretan, hori bai, kontuan izan behar da iaz garai horretan Ipar Itsasoan egindako 2.900 milioi euroren salmenta handi bat.

Dena den, lehorreko haize erroten negozioak oraindik ez da suspertu eta, aldiz, itsasoko sorgailu eolikoen bultzada «esanguratsua» sumatu dute. Horri kostuetan jazotako igoera gehitu behar zaio, eta baita AEBetako muga zergen kaltea, zeina 200 milioi euroren inguruan kokatu duten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.