Energia

Gas natural likidotuak gasbideetako inportazioak gainditu ditu Europan

Historian lehenengoz, Europak gas natural gehiago inportatu du portuetatik gasbideetatik baino. Gas natural likidotuaren inportazioek ia %60 egin dute gora 2022an.

Gas natural likidotu biltegiak Wilhelmshavenen (Alemania). FOCKE STRANGMANN / EFE
inaut matauko rada
2023ko ekainaren 27a
13:28
Entzun

Europan aldaketa handia gertatzen ari da gas naturalaren inportazioan. Gas natural gutxi ekoizten da Europan –Errusia kontuan hartu gabe–, eta inportazioekiko oso menpeko da —munduko gas naturalaren %5,4 produzitzen du, eta produzitzen denaren %12,7 kontsumitu—. Europak Errusiarekin ditu gasbide konexio nagusiak, baina Ukrainako gerra dela eta, nabarmen egin zuten behera inportazio horiek. Hala, GNL gas natural likidotu moduan gehiago iristen hasi zen 2022ko martxoan, eta portuetatik sartzen den gasak gasbideetakoa gainditu du: gas hodietatik 151.000 milioi metro kubo gas natural iritsi dira Europara kanpotik, eta GNL gisa, berriz, 170.000 milioi metro kubo.

Energy Institute erakundeak urtero egiten duen txostenean argitaratu dituzte datuak: 2021arekin alderatuta, %58,4 egin dute gora GNL inportazioek, eta gasbideetatik, berriz, %34,9 gas natural gutxiago iritsi da. Energy Institutek Errusia Europatik kanpo kokatzen du, eta Estatu Independenteen Komunitatearen barruan sartu, Bielorrusiarekin batera.

Hala, Europari gas natural likidotu gehien saltzen dion herrialdea Amerikako Estatu Batuak dira orain: 72.100 milioi metro kubo gas natural. Qatar da bigarrena —28.000 milioi metro kubo—, eta Errusia hirugarrena —19.600 milioi metro kubo—. Afrikako hiru herrialde dira hurrenak: Aljeria, Nigeria eta Egipto.

Gasbideetatik, guztira 150.800 milioi metro kubo gas natural inportatu ditu Europak bere mugetatik kanpoko herrialdeetatik, 2021ean baino %35 gutxiago. Errusia da hornitzaile nagusia, 85.400 milioi metro kubo gas esportatu baititu Europara. Aljeria da bigarren, 31.500 milioi metro kuborekin, eta Azerbaijan hirugarren, 22.400 metro kuborekin.

Hala ere, Europa barnean ere egon da mugimendua gasbideetan. Izan ere, Norvegia gas natural produktore handia da, eta Europako gainontzeko herrialdeei 116.800 milioi metro kubo gas ponpatu dizkie. Europako gainontzeko herrialdeek –Ukraina, Erresuma Batua eta Herbehereak nagusiki– 110.900 milioi metro kubo gas saldu dituzte Europan bertan.

Errusiatik %43,1 gas natural gutxiago inportatu da 2022an: 184.400 milioi metro kubo gas inportatu ziren 2021ean, eta 105.000 milioi metro kubo, berriz, iaz. Jaitsiera hori, baina, gasbideen bidez inportatutako gas naturalaren murrizketagatik gertatu da (%48,9ko jaitsiera); izan ere, GNL gehiago inportatu zen iaz 2021ean baino (+%12,6).

Gas kontsumoa, behera

Ukrainako gerra dela eta, Europako herrialdeak Errusiako gasaren alternatibak bilatzen ibili dira 2022 hasieratik hona, eta, hein handi batean, lortu dute, %13 jaitsi baita gas naturalaren kontsumoa Europan.

Halere, herrialde batzuek gas naturala baino are kutsagarriagoak diren energia iturriak indartu dituzte hutsune hori betetzeko: Espainiak %31,3 handitu du ikatz kontsumoa, %30 Italiak, eta %4,1 Alemaniak. Petrolioaren kontsumoak ere %3,7 egin du gora 2022an, baina ez da 2019ko mailara iritsi.

Berriztagarriak, indartzen

Iturri berriztagarrietatik lortutako energiak izan du igoerarik handiena Europan, alde handiz. 2021arekin alderatuta, Europan %9,4 egin dute gora bai energia berriztagarriaren produkzioak eta baita kontsumoak ere.

Eguzki panelen bidez sortutako energiaren produkzioa igo da gehien (+%24), baina haize erroten bidez sortutakoa ere bai, nabarmen: %10,8. Energy Institutek berriztagarrietatik kanpo uzten ditu zentral hidroelektrikoak, eta horiek beherakada nabaria izan dute, horien bidez lortutako energia 2021ean baino %13,7 gutxiago kontsumitu baita 2022an Europan.

GNLa, garestiagoa

Beste faktore batzuen artean, gas natural likidotuaren zabaltzeak zerikusia izan du gasaren eta elektrizitatearen prezioaren garestitzean. Gasbiderik baliatu ezin denean egiten da GNLa, eta prozesu gehiago eskatzen ditu: horregatik da garestiagoa. Bestalde, gas gehiago inportatu da prezio garestiagoak dituzten herrialdeetatik, Amerikako Estatu Batuetatik, esaterako, eta horrek ere prezioa puztu du —Errusiako gasa merkeagoa da AEBetakoa baino—.

GNLak hainbat prozesu pasatu behar ditu: gasa ateratzen duten lekutik portura eraman behar dute, eta, han, likidotu egiten dute. Horretarako, -160 ºC baino gehiagora hozten dute gasa, eta likido bihurtzen da. Orduan, itsasontzietako tankeetan sartzen dute, eta presioz lortzen dute likido gisa iraunaraztea. Ondoren, helmugara iristean, itsasontzietatik atera eta portuetako birgasifikatze lantegietan lortzen dute gas naturala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.