Gasolindegi berriak nonahi

Azken urteetan gasolindegi ugari ari dira irekitzen Hego Euskal Herrian. Berrien artean, gehienak prezio apalekoak dira. Kontsumoa bere horretan mantendu denez, lehia areagotu egin da, eta, beraz, tarta jende gehiagoren artean banatzen dute orain.

Bezero bat Altsasuko Izelai Fuel gasolindegian, autoari erregaia botatzen. AITOR KARASATORRE / FOKU
Bezero bat Altsasuko Izelai Fuel gasolindegian, autoari erregaia botatzen. AITOR KARASATORRE / FOKU
2025eko abuztuaren 27a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nahiko lan eskatzen du Euskal Herriko gasolindegien mapa eguneratzeak. Igo eta igo ari da gasolindegien kopurua; zehazki, Hego Euskal Herrian, 46 gasolindegi ireki dira azken lau urteetan. Berrien artean gehien-gehienak prezio apalekoak dira, merkeagoak, eta, beraz, aldatu egin da hornitzaile motaren araberako argazkia ere: 2010eko hamarkadaren hasierara arte, banatzaile nagusiak multinazional handiak ziren.

«Bizi guztian lau edo bost enpresa izan dira hornitzaileak, monopolioa argia zen, eta hori aldatu egin da. Orain, beste jende batek ere ireki ditzake gasolindegiak, eta bezeroentzako prezio hobeagoak eskaini», azaldu du Juan Miguel Manjon Izelai Fueleko arduradunak. Duela hamar urte ireki zuen Manjonek bere gasolindegia Altsasun (Nafarroa).

Gasolindegien gorakada nabarmena izan da 2013. urteaz geroztik, batez ere Hego Euskal Herrian. Urte hartan, Espainiako Gobernuak neurriak ezarri zituen monopolioari aurre egiteko eta konpetentzia areagotzeko, bezeroaren poltsikoaren mesedetan. Hain zuzen, gasolindegi independenteak jartzeko laguntza gehiago eman zituen, eta supermerkatuetako edo merkataritza guneetako parkingetan zerbitzuguneak jartzeko mugak ere malgutu zituen, besteak beste.

Beste askoren moduan, Manjonek ere legearen aldaketa hori baliatu zuen: «Ni beste sektore batetik nator, baina aukera sortu zitzaidan legearen aldatzearekin batera. Lagun bat zen parking honen jabea, eta beraz, beharrezkoak ziren prozedurak egin, eta gasolindegia ireki nuen», esplikatu du.

Prezio apaleko guneak

Normala denez, gasolindegi batera edo bestera joatean, prezioak baldintzatzen du kontsumitzaile askoren hautua. Zerbitzuguneetako pantaila erraldoietan ikusten ditu gidariak eskaintzak. Hona hemen adibide soil bat, Gipuzkoako N-1 errepidean, Irura parean: Repsol gasolindegiko pantailan gasolio litroa 1,459 euroan dago, eta ondoko BQ prezio apaleko gasolindegian, berriz, 1,289 euroan. Hau da, botatako hamar litroko 1,70 euro gehiago ordainduko duzu lehenengoan.

Merkatuaren logikaren barruan, zaila izan daiteke eskaintza horiek ulertzea. Izan ere, Cepsa edo Repsol moduko etxeek milaka milioi euroren irabaziak dituzte urtean. Manjonek azaldu du egoera: «Guk 30 litrorekin irabazten duguna irabazten dute haiek hirurekin. Euren politika aplikatzen dute, eta ondo doakie. Beraz, ez dira lehia horretan sartzen. Handiak ongi dauden bitartean gu ere ongi gaude». Hori da, beraz, prezio apaleko gasolindegien egiteko modua: kostuak ahalik eta gehien murriztu eta mozkin txikiarekin lan egin.

«Handiak ongi dauden bitartean, gu ere ongi gaude»

JUAN MIGUEL MANJONIzelai Fueleko arduraduna

Hala ere, nahitaez, gasolindegi txikien oinarrizko ezaugarria da beldurra. Entitate handiek jokamoldea aldatu dezakete, eta horregatik diote handienak ondo egotea komeni zaiela txikiei. «Beldurra bada, eta egunen batean lehian sartuko dira, ziur, eta irabazi. Azken finean, haiek txakurrak dira, eta gu, arkakusoak, eta azkura sentitu eta hazka egiten duten egunean, gureak egin du. Beldurra dugu, noski, baina normala da hori», aitortu du Manjonek.

Erregaiaren kalitateari dagokionez, Manjonek adierazi du informazio faltsua zabaldu dela gizartean. Hark dio gasolindegi guztietako produktuak berdinak direla. «Asko esaten da prezio apaleko gasolindegiek produktu okerragoak dituztela, baina ez da egia. Azkenean, dena leku beretik irteten da, eta ez dago lehentasunik erregaia hornitzaile bati edo besteari ematerako orduan. Produktua bera da».

«Baina, noski, Repsol eta Cepsaren moduko enpresa handiek horrekin jokatzen dute; izan ere, bizi guztian izan dira Repsol eta Cepsa. Prestigio hori erakargarria egiten zaio jendeari, eta konfiantza ematen dio bezeroari», adierazi du Izelai Fueleko nagusiak. Argitu du petrolioa Bilboko portutik ekartzen dutela haiek ere, Exolum enpresatik —lehen CLH zena—.

Handiek dirua maite

Erregaia upel beretik atera arren, oso bestelakoa da multinazionalen negozio eredua. Oro har, bi eredu dituzte. Batzuetan, gasolindegia multinazionalaren jabetzakoa da, eta hark kudeatzen du dena. Besteetan, gasolindegia norbanako batena izaten da, eta hark kontratatzen ditu gainontzeko langileak, nahiz eta multinazionalaren marka jantzi eta multinazionalaren erregaia saldu. Normalean, eredu horiek prezio apaleko gasolindegienak baino garestiagoak dira, hirugarren batek eraman behar baitu denda aurrera. Gainera, zerbitzu gehiago ere eskaini ohi dituzte: denda, erregaia botatzeko zerbitzua...

Fidelizazioa da konpainia handiek aplikatzen duten politikaren arrakastaren arrazoi nagusietako bat. Bonuak eta txartelak eskaintzen dituzte bezeroak erakartzeko, eta onurak kontsumitzaile onenei aplikatzen dizkiete bereziki, maila proportzionalean. Hau da, zenbat eta gehiago kontsumitu, orduan eta eskaintza hobea. Prezio apaleko gasolindegiak ere hasiak dira deskontuekin eta fidelizazioekin aritzen, baina askoz ere marjina txikiagoa dute haiek.

(ID_15209466) (Gorka Rubio/@FOKU) 2025-08-08, Urnieta. MLC Urnieta Hornitegia gasolindegia
Kamioientzako MLC gasolindegia, Urnietan. GORKA RUBIO / FOKU

Beraz, esan daiteke multinazionalek bulegoetan irabazten dituztela bezero asko, negoziazioan. Zenbat eta gehiago kontsumitu, orduan eta zailago dute prezio apaleko gasolindegiek bezeroak erakartzea, eta jokaleku horretan leku handia dute kamioiek. Kamioi batek 150.000 kilometro inguru egin ditzake urtean, 450 litroko depositua du batez beste, eta hori dirua da. Kamioi gehienek multinazionaletan betetzen dute depositua.

Hortaz, oso gutxi dira kamioientzat egokituta dauden prezio apaleko gasolindegiak, nahiz eta gutxi batzuk ere badauden. Horietako bateko lankide batek zehaztu duenez, kamioi bakoitzak badu nora joan. «Gurera datozen kamioiak enpresa zehatzetakoak dira, eta jada itunduta dago zein enpresatatik etorriko diren», dio Gipuzkoan kokatutako dagoen kamioientzako gasolindegi bateko langile batek.

Gipuzkoan eta Nafarroa iparraldean erregai gehiago kontsumitzen da, arrazoi geografikoak direla medio. Izan ere, Ipar Euskal Herrira gurutzatu baino lehen bete ohi dute kamioilariek depositua.

Azaldu du enpresa txikitako garraiolariak joaten direla haiengana, eta ezin dutela hornitzaile handien negoziazio mahaian sartu. «Imajinatzen dut Repsol eta Cepsaren moduko etxeek itunak izango dituztela 2.000 edo 3.000 kamioi dituzten enpresa oso handiekin edo multinazionalekin; uste dut guk ez dugula maila horretan negoziatzen. Gainera, enpresa horietako garraiolariek agian Andaluzian [Espainia] edo Alemanian bete nahiko dute haien depositua, eta, beraz, gure enpresa ezin da lehia horretan sartu. Bakoitza bere mailan. Pentsatzen dut lehia izugarria izango dela gasolindegien artean, baina ni, egia esan, ez naiz horretaz jabetzen», esan du gasolindegiko langileak.

Gehitu du erregai gehiago kontsumitzen dela Gipuzkoan eta Nafarroa iparraldean, arrazoi geografikoak direla medio. Izan ere, Frantziarako bidean diren kamioilariek muga gurutzatu baino lehen bete ohi dute depositua. «Frantziako kamioilari bat etorri zen lehengoan, eta esaten zidan alde handia dagoela hemen [Gipuzkoan] ala Frantzian bete. Hain zuzen, esan zidan erregai litroa 40 zentimo garestiagoa dela Frantzian», azaldu du langileak.

Kontsumoa eta kopurua

Gero eta gasolindegi gehiago daude, eta kopurua gora doa urtez urte. Kontsumoa, berriz, ez da askorik aldatu —2018an jo zuen goia, eta geroztik maila horren inguruan mantendu da—. Gasolioari dagokio kontsumitzen den erregai kopuruaren gehien-gehiena, %88,65 zehazki. Haren kontsumoak iaz %3,5eko igoera izan zuen arren, aurten, momentuz, %0,9ko jaitsiera izan du 2024ko datuekin alderatuta.

Beraz, esan daiteke kontsumoa nahiko egonkorra dela oraindik. Baliteke etorkizunean, datuak berriro aztertzerakoan, auto elektrikoei dagokien ehunekoa handiagoa izatea, baina momentuz guztien %0,65 dira soilik Hego Euskal Herrian.

Finean, tarta berdintsua da urtero, baina gero eta jende gehiagoren artean banatu behar dute gaur-gaurkoz. Hala ere, bakoitzak ondo daki zein den bere zatia eta, are gehiago, non dagoen arriskua, hau da, nork lapurtu diezaiokeen zatia —edo apurrak—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.