Aste honetan bigarrengoz, energia berriztagarria ekoizteko azpiegiturak bultzatzen dituen enpresa batek uko egin dio aurrez eraikitzeko baimena eskatua zuen proiektu bat egiteari. Ventaja Solar izan da oraingoan, eta uko egin dio Gasteizen 10.000 eguzki plaka baino gehiagoko eta 4,6 megawatt-eko potentziako parke bat egiteari. Hala argitaratu du gaur Euskal Herriko Aldizkari Ofizialak. Ekainaren 25ean iragarri zion Eusko Jaurlaritzari proiektuaren asmoa bertan behera utziko zuela, eta argudiatu dute gainontzeko administrazioen kontsulta fasean tokiko administrazio batzuek emandako txostenak irakurri ostean hartu dutela erabakia, uste baitute proiektua ez dela bideragarria planteatuta zegoen moduan.
3,7 milioi euroko inbertsioa aurreikusi zuten parkerako, eta Arabako hiriburuko bost hektarea zen hartzekoa. Madrilgo Ventaja Solar enpresak hainbat parke fotovoltaiko egiteko baimenak ditu eskatuak Euskal Herrian, Araban gehienak.
Era berean, atzo argitaratu zen Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean Mendia Wind enpresak ere uko egin ziola Gaubean eta Erriberagoitian (Araba) zentral eolikoak eraikitzeari. Eusko Jaurlaritzak oniritzia emana zion proiektu horri, baina azkenean bertan behera uzteko erabakia hartu zuen enpresak. Mendia 4 eta Mendia 5 zuten izena proiektuek, eta aldizkari ofizialak ez du uko egiteari buruzko iritzirik eman.
Bestalde, herenegun Nafarroako Gobernuak ingurumen baimena ukatu zion Arena Green Power enpresari, Zangoza inguruan bost errotaz osatutako parke eoliko bat egitearen proiektuari.