Nafarroako Izko mendilerroan bost parke eoliko egiteko prozedura abiatu zuen Arena Green Power enpresak (haize errota bakoitza parke eoliko bakar gisa tramitatu ohi du), baina Nafarroako Gobernuko Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak ebatzi du errotek «inpaktu larria» izango luketela hainbat arlotan, eta ez dio ingurumen baimenik eman. Leatxen lau errota jartzekoak ziren, Oibarren beste bat, eta ebakuazio linea Oibarko eta Zangozako lurretatik zen pasatzekoa.
Proiektuak 22,5 megawatteko potentzia izan behar zuen (4,5 megawatt errota bakoitzeko), eta hari ezezkoa emateko arrazoiak obra eta esplotazio faseetan identifikatutako eraginekin lotuta daude bereziki. Faunari dagokionez, eskumena duen zerbitzuak uste du bost errotek osatutako lerroak «hesi efektua» sortuko lukeela eta horrek eragin larria izango lukeela hainbat espezieren konektagarritasunean. Efektu horrek hegaztiei eta saguzarrei egingo lieke kalterik handiena.
22,5ZENBATEKO POTENTZIA DUEN PROIEKTUAK, MEGAWATT-ETAN. Arena Green Power enpresak egin nahi zuen proiektuak 4,5 megawatt-eko bost aerosorgailu izan behar zituen; guztira 22,5 megawatt sortu behar zituen.
Natura 2000 Sareko guneetan ere eragina izango lukete bost aerosorgailuek. Izan ere, uste dute errotak kaltegarriak izan daitezkeela populazio txikiko espezie batzuen kontserbaziorako; hau da, «inpaktu larria» izan dezaketela gune horietan. Enpresa sustatzaileak —Madrilen egoitza duen Arena Green Power Sevillako enpresak— prebentzio, zuzenketa eta konpentsazio neurri batzuk proposatu zituen, eta argudiatu nahikoa izango zirela efektu hori arintzeko. Hala ere, eskumendun organoak ebatzi du ingurumen inpaktua larria izango litzatekeela neurri horiek aplikatuta ere.
Errotentzat, lekurik ez
Gainera, errota horien aktibitateari inguruan dauden beste aerosorgailuen eragina batu behar zaio. Sustrai Erakuntza Fundazioa parke eolikoaren aurkako alegazioak jarri dituen eragileetako bat da, eta, taldeko Martin Zelaiak azaldu duenez, Nafarroako Gobernuak ebatzi du inguru horretan proiektu asko daudela jada, eta tokiak ez duela gehiagorik onartzen. «Hesi efektua areagotu egingo da, aztertu den eremuan badaudelako beste proiektu eoliko batzuk. Izan ere, Izko mendilerroko galdor osoa hartzen dute, eta tarte batzuetan hesi bikoitza dago. Ingurumen inpaktuaren azterketan larritzat jo dute errotek faunan izango luketen inpaktu sinergikoa, espezieen konektagarritasuna galtzea eragingo bailuke. Larritzat jo dute, halaber, haize erroten kontra talka egitearen ondorioz izan daitezkeen heriotzen kopurua», dio Nafarroako Aldizkari Ofizialean publiko egin duten ebazpenak.
Alegazioak aurkeztu dituzten taldeek, Sustrai Erakuntza tartean, uste dute ikuspegi demografikotik «oso sentikorrak» diren hegazti harrapakariek aukera gehiago izango dituztela azpiegitura horien erruz hiltzeko, eta nabarmendu dute, berriro ere, eragin hori inguruko gainontzeko haize erroten efektuari gehitzen zaiela.
Ingurumen organoak nabarmendu duenez, proiektua egin nahi duten tokitik hamar kilometroko erradioan sei zentral eoliko daude. Sustrai Erakuntzako kide Zelaiak uste du adierazpen hori «oso garrantzitsua» dela. «Nafarroan kontsumitzen dugun energiaren %80 erregai fosiletatik dator. Nola lortu dezakegu erregai fosil horiek kentzea, jada ezin badira haize errota gehiago jarri?».
Zelaiak gogorarazi du Arena Green Powerren aurretik beste enpresa batek ere abian jarri zuela leku berean haize errotak kokatzeko prozedura, baina motibo beragatik bota ziotela atzera proiektua. Bestalde, Arena Green Powerrek Tafalla eta Erriberri inguruan hiru errota jartzeko proiektua zuen, eta horri ere ezezkoa eman zion gobernuak abuztuan; bada, fundazioak Nafarroako Industria Sailaren jakinarazpena jaso berri du, proiektua bertan behera geratu dela bermatzen duena.