Pozik egoteko arrazoirik ez zaie falta erakunde ekologistei. Bost haize errota jartzeko proiektua atzera botatzeko erabakia jakinarazi zuen atzo Nafarroako Gobernuak, foru erkideko aldizkari ofizialaren bitartez. Gaur, berriz, Arabako Gaubea eta Erriberagoitia udalerrietan parke eolikorik ez dela egingo iragarri du EAEko aldizkari ofizialak: seina haize errota ipintzea zen Mendia Wind enpresaren hasierako asmoa, baina atzera egitea erabaki du.
Mendia Windek bi parke eoliko egiteko baimena eskatu zuen 2024ko azaroan: Arabako Gaubea eta Erriberagoitia udalerrietan ipini nahi zituen azpiegitura haiek. Eusko Jaurlaritzaren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak hilabete geroago oniritzia eman zien proiektuei, eta sei hilabeteko epea ezarri zuen —aurtengo uztailaren 6ra arte—, enpresak beharrezko txostenak aurkez zitzan. Mendia Windek, ordea, haize errota haiek jartzeko asmorik ez zuela jakinarazi zion Jaurlaritzari, denbora hori amaitu eta hurrengo egunean.
Horiek horrela, Mendia Windek aurkeztutako atzera egiteko eskaera ontzat jo du Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saileko Arabako ordezkariak. EAEko aldizkari ofizialak gaur jaso du erabaki hori.