Lan istripuak

Gasteizko lan istripuan aldamioak ez zituen babes neurri guztiak

Sindikatuek lan baldintza txarrekin lotu dute ezbeharra, eta protestak antolatu dituzte.

Lan istripuak salatzeko protesta bat, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ (FOKU)
2020ko urtarrilaren 3a
16:39
Entzun

Osalanen arabera, segurtasun neurriak falta zituen Gasteizko obra batean aldamio batetik erorita ostegunean hil zen langileak.

Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen iturriek Efe berri agentziari azaldu diotenez, aldamioaren perimetro osoa ez zegoen babestuta erorikoak eragozteko hesiekin. Aldamioaren bi zati luzeetan bazuen babesa, baina ez motzetan. Hortaz, aldamioaren babes perimetralean gabeziak zeudela ondorioztatu dute istripu tokian egindako lehen behaketan. Iturri horiek gogoratu dute azken txostenean zehaztuko dutela hobeto zer gertatu zen.

Langileak 55 urte zituen, eta igeltsero lanak egiten zituen Arnaiz Asc 21 eraikuntza enpresarentzat. Arabako hiriburuko Olarizu etorbideko 32. zenbakian egiten ari diren eraikinean ari zen lanean, adreiluzko eskailera bateko zulo bat ixten, lurretik hiru metro ingurura.

Sindikatuek gogor kritikatu dute gertatutakoa. Juan Luis España CCOOko laneko ezbeharren arloko arduradunak gogoratu du langileak denbora gutxi zeramala Arnaiz Asc 21 enpresan lanean. Sindikatu horrek enpresei eta administrazioei eskatu die «beharrezko neurriak» har ditzatela halako istripurik berriro gerta ez dadin, eta dei egin du datorren asteartean SEA Arabako patronalaren egoitzaren aurrean egingo duten elkarretaratzean parte hartzeko.

ELAk ere mobilizatzeko eskatu du. Azpimarratu du eraikuntzaren sektorean dagoen ezbehar kopuru handiak agerian uzten dituela beharginen lan baldintzak. «Gastuak murriztu nahi dituzte, langileen bizia eta osasuna jokoan jartzen badituzte ere».

Arazoak anbulantziarekin

Elkarrekin udal taldeak, berriz, salatu du «Araban dagoen anbulantzia medikalizatu bakarra» ezin izan zela joan istripu lekura, orduantxe Arabako mendialdean zegoelako, beste larrialdi batean. Adierazi du erizain talde bat eta auzoko lehen arreta zerbitzuko mediku bat zeudela hara joan zen anbulantzian.

Urte amaieran, larrialdietako langileak biltzen dituen elkarte Eustes-ek gogoratu zuen Araban eta Bizkaiaren zati batean zerbitzu hori eskaintzen zuen enpresak ez duela jarraituko 2020. urtean. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, baina, ziurtatu du zerbitzua «bermatuta» dagoela.

Urte hasiera honetan bi lagun hil dira lan istripuz. Iaz 44 langile hil ziren Euskal Herrian beharrean ari zirela. 2018ko igoera handiaren ondoren, 2019an berriro behera egin zuen lanean hildakoen kopuruak: %35 gutxiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.