Lan gatazkak

Gasteizko Michelin Espainiako lantokien arteko batzordetik aterako da

Langileen %51,4k bozkatu dute horren alde. Enpresa batzordeak modu autonomoan negoziatuko du multinazionalaren zuzendaritzarekin.

Gasteizko Michelinen lantegiko sarrera. RAUL BOGAJO (FOKU)
jokin sagarzazu
2023ko urriaren 10a
10:34
Entzun

Michelinen Gasteizko fabrikako langileen batzordea Espainiako lantokien arteko batzordetik aterako da. Hala erabaki dute langileek ostiralean hasi eta astelehen gauean amaitu den bozketan.

Bozketaren marjina oso estua izan da, 94 botokoa. 1.237 langilek bozkatu dute alde, botoan eman dutenen %51,43k. Kontrako botoa 1.143 langilek eman dute, %47,52k. Parte hartzea %70 ingurukoa izan da.

Horrek esan nahi du hemendik aurrera Gasteizko batzordeak modu autonomoan negoziatuko duela multinazionalaren zuzendaritzarekin, Lasarte-Oriako lantegikoak bezala (Gipuzkoa).

Aurten, zentro arteko hitzarmena negoziatu bitartean, lau greba egun egin zituzten Gasteizen, ELA, LAB, CGT eta ESK sindikatuek bultzatuta. Ekainean, hango langileek zuzendaritzaren azken eskaintzaren aurka bozkatu zuten, baina Espainiako lantegi guztietan egindako bozketak oniritzia eman zion hitzarmen berriari, eta itun hori sartuko da indarrean Gasteizen ere.

Espainiako batzordean CCOO, UGT eta CSIFi sindikatuek dute gehiengoa —baita Gasteizkoan ere—, baina haien afiliatuek Gasteizko protestak eta erreferendumaren emaitzak babestu zituzten. Horren aurrean, zentro arteko batzordetik atera ala ez bozkatzea proposatu zuten, eta hala egin dute.

Emaitzarekin pozik azaldu da ELA. «Hori da eskatzen ditugun hobekuntzak lortzeko bidea». LABek langileak zoriondu ditu, eta gogoratu du sindikatu horren «aldarrikapen historikoa» dela batzorde autonomoa izatea. Salatu du sinatutako azken hitzarmena «inposatua» izan dela.

Gasteizko plantako zuzendaritzak berriki jakinarazi du ingeniaritza zibileko 2.000 tona gurpil inguru fabrikatzeari utziko diola urtea amaitu bitarte, eskaerak gutxitu egin direlako, baina baita multinazionalak lantegi horretako langileengan «konfiantza galdu» duelako ere, hitzarmenaren negoziazioan izandako gatazkengatik. Sindikatuen ustez, neurria «langileei beldurra sartzeko estrategia» bat izan da, bozketaren emaitzak baldintzatzeko.

Zuzendaritzak Efe agentziari adierazi dioenez, ez du bozketaren emaitza ofizialki jaso. Dena den, adierazi du lan harremanak «soilik elkarrizketa eta akordioen giroan» ulertzen dituela, eta azpimarratu du lantegia aurrera aterako dela, «guztien konpromisoarekin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.