Gasteizko Michelinek esan du «konfiantza galdu» duela bere langileengan

2.000 tona gurpil inguru fabrikatzeari utziko dio urtea amaitu bitarte. Langileek lantokien arteko batzordetik atera ala ez bozkatuko dute ostiralean.

Michelingo langile batzuk, lantegiaren atarian. DAVID AGUILAR (EFE)
jokin sagarzazu
2023ko urriaren 3a
17:02
Entzun

Gasteizko Michelinek ingeniaritza zibileko 2.000 tona gurpil inguru fabrikatzeari utziko dio urtea amaitu bitarte, eskaerak jaitsi egin direlako, baina baita multinazionalak lantegi horretako langileengan «konfiantza galdu» duelako ere, hitzarmenaren negoziazioan izandako gatazkengatik.

Sindikatuetako iturriek Efe berri agentziari azaldu diotenez, Michelingo fabrika gehienetan gainprodukzioa dago, eta enpresako zuzendaritzak banaketa bat egin du murrizketa hori planten artean banatzeko; hala ere, ziur daude «konfiantza galtzeak» ere eragina izan duela Gasteizko lantegiaren kasuan.

Horrekin batera, uste dute neurria «langileei beldurra sartzeko estrategia» bat dela. Izan ere, Gasteizko lantegiko langileek ostiral honetan eta datorren asteko astelehenean bozkatuko dute lantegien arteko batzordetik atera ala ez —Lasarte-Oriako lantegian (Gipuzkoa) hortik kanpo daude—. Ekainean, Gasteizko langileek hitzarmen berriaren aurka bozkatzea erabaki zuten, Espainiako lantegietan ez bezala. Sindikatuaren ustez, erabaki eta adierazpen horiekin enpresak langileen erabakia «baldintzatu» nahi du ostiraleko bozketari begira.

Michelineko zuzendaritzak ez du ukatu sindikatuaren iritzi edo susmoa. Michelinek esan du langileen «konpromisoa lehenesten» duela, eta zuzendaritzaren «konfiantza galtzen» dutela «eredu horren alde egiten ez duten fabrikek».

Enpresako zuzendaritzak astearte honetan jakinarazi dizkio langileen batzordeari lan txandetan egingo dituen aldaketak: gurpilak ekoizteari utziko diote asteburu guztietan, astearte honetatik abenduaren 6ko eta 8ko zubira bitarte, bi egun horiek barne. Murrizketa horrek 1.350 langile ingururi eragingo die —3.500 behargin ditu Gasteizko plantak—.

Egoera berri horri buruz langileek jaso duten azalpena da horrelako gurpilen eskaerak jaitsi egin direla urte osoan eta bereziki udara ostean. Neurriak ingeniaritza zibileko gurpilei bakarrik eragingo die — adibidez, obretako eta meatzaritzako ibilgailuentzako gurpilei —, baina ez autoei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.