Gasteizko txosnek Ticket Bai erabiliko dute aurten

Iaz isunak jaso ondoren, aurten Arabako Aldundiaren agindua beteko dute. Edonola ere, enpresen moduan tratatzen dituztela salatu dute.

Txosna batzordearen agerraldia, gaur, Gasteizen. ARITZ LOIOLA / FOKU
Txosna batzordearen agerraldia, gaur, Gasteizen. ARITZ LOIOLA / FOKU
Iker Aranburu.
2025eko abuztuaren 1a
15:02
Entzun 00:00:0000:00:00

Gogo txarrez bada ere, Ticket Bai sistemari men egitea erabaki dute Gasteizko txosnek. Iaz Arabako aldundiak isunak jarri zizkien, uko egin ziotelako faktura elektroniko automatikoen sistema erabiltzeari, baina aurtengo Andre Maria Zuriaren jaietan erabili egingo dutela iragarri dute gaur.

Txosna batzordeko kideek agerraldia egin dute, beren erabakiaren berri emateko, eta, batez ere, argi uzteko inposatutako erabaki bat izan dela. Nabarmendu dute txosnak ez direla dirua egiteko eta inork ez duela etekin pertsonalik ateratzen txosnetan lan egiteagatik. «Irabazirik gabeko erakundeak gara, baina enpresen moduan tratatu nahi gaituzte», salatu dute, eta ziurtatu Arabako Aldundiaren «mehatxuek» bultzatu dituztela sistema erabiltzera. 

Adierazi dute Ticket Bai erabiltzea haien lanerako «traba» dela eta «burokrazia» handitzen diela. Haien iritziz, horren atzean zera dago, «aisialdia pribatizatu nahi izatea».

Atzo, Arabako Aldundiak ziurtatu zuen Ticket Bai erabili ez duten establezimendu «guztiak» zigortu dituela, eta 2022ko abenduaz geroztik 72 isun jarri dituela.

Gipuzkoan ez, Bizkaian 2026tik aurrera

Donostian hilaren 9an hasiko da Aste Nagusia, baina festa horietan eta lurraldeko beste hiri eta herrietan egindakoetan txosnek ez dute faktura elektronikoaren sistema erabili beharko. Beste aldundiek ez bezala, Gipuzkoakoak argi utzi du irabazirik gabeko elkarteak ez dituela behartuko Ticket Bai sistema erabiltzera. 

Bilbon, berriz, baliteke aurtengoa izatea Ticket Bai gabeko azken urtea. Izan ere, sistema urratsez urrats sartu du indarrean Bizkaiko Aldundiak, eta 2026ko urtarrilaren 1ean egingo du azkenekoa. Hor sartuko dira falta direnak, besteak beste, irabazi asmorik gabeko erakundeak eta sozietate zerga ordaintzetik salbuetsiak daudenak. 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.