Romeo izendatu dute Nafarroako CCOOko idazkari nagusi

%92ko babesa jaso du. Chechu Rodriguezek bi agintaldi egin ditu, eta, aurretik iragarri bezala, utzi egin du kargua. Romeo Industria Federazioko idazkari nagusi izan da orain arte.

Josema Romeo idazkari nagusi berria, ostiral honetan. NAFARROAKO CCOO
Josema Romeo idazkari nagusi berria, ostiral honetan. NAFARROAKO CCOO
joxerra senar
2025eko maiatzaren 16a
20:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Chechu Rodriguez badoa, eta haren tokia Josema Romeok beteko du. Nafarroako CCOOk ere XIII. kongresua egin du gaur Iruña Park hotelean, eta bertara joan diren 93 ordezkariek hurrengo idazkari nagusia aukeratu dute. Gaur arratsaldean bozkatu dute, baina, hautagai bakarra zenez, emaitza aurrez jakina da: Romeok hartuko du lema. 86 ordezkariren babesa jaso du (%92). Aurreko idazkari nagusi guztiak VWetik zetozen, baina Romeo TWR autoen osagarrien enpresatik dator, eta orain arte Industria federazioko idazkari izan da.

Kongresu horretan, sindikatuko buruzagi historiko batek esan du agur. Rodriguez 1970eko hamarkada amaieran sartu zen sindikatuan, eta hamabost urtean erreferente nagusi izan da. Lehenik Nafarroako VWeko ordezkari izan zen 2011n; gero, 2014an Industria federazioko arduradun izan zen, eta 2017az geroztik sindikatuko buruzagia izan da. Duela lau urte iragarri zuen bere azken agintaldia izango zela.

Kongresua hasi aurretik, Pilar Arriaga Antolamendu idazkariak hitz egin du, eta nabarmendu du kongresu «historikoa» izango dela. Nafarroako CCOOk zazpi federazio ditu eta afiliatu gehien dituzten biak (Industria eta Zerbitzuak) emakumeek gidatuko dutelako. «Oraintxe bertan federazioetako buru lau emakume daude».

Erronka berriak, borroka bera da kongresuko leloa. Arriagaren arabera, azken lau urteetan sindikatuak %169 handitu ditu berezko diru sarrerak. «Horrek askatasuna eman digu». Duela lau urte baino 280 ordezkari gehiago dituzte. 2024 amaieran, Nafarroako CCOOk %24ko ordezkaritza zuen lantokietan; aurretik du UGT (%24,8), eta atzetik ELA (%22,8) eta LAB (%17,9).

Idazkari nagusi hautatu ondoren egindako adierazpenetan, Josema Romeok esan du Nafarroako lehen sindikatua izatea izango duela helburu. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.