Gehiengo sindikalak dio lan istripuak erakundeen erantzukizuna ere badirela

Langileen egoera prekarioa dela salatu dute, eta administrazioari aldaketak egiteko eskatu diote. Sindikatuen zenbaketaren arabera, 39 behargin hil dira aurten; haietako hiru azken astean

Sindikatuek deituta Eusko Jaurlaritzak Donostian duen egoitzan atzo egindako elkarretaratzea. GORKA RUBIO / FOKU.
June Romatet Ibarguren.
2021eko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Aste beltza izan da lan segurtasunaren arloan: astebetean hiru beharginek galdu dute bizia. Horrekin kezkatuta, hainbat lagunek elkarretaratzea egin zuten atzo Donostian, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, gehiengo sindikalak deituta. Lan istripuak erakunde publikoen ardura ere badirela azpimarratu zuten. «Zoritxarrez, berriz elkartu behar izan gara beste lan heriotza batzuk salatzeko», adierazi zuen ELAko Maia Beitiak. Izan ere, urte hasieratik hona 39 behargin hil dira; horietatik hiru azkeneko astean: Urretxuko Usabiaga almazenetako langile bat, orga batek harrapatuta; eta beste bi istripu ez-traumatikoetan, Donostiako Garbiketa enpresako langile bat, eta Construcciones Moyuako beste bat, Ormaiztegin.

Horiez gain, aurreko asteetan basolanetan ari zirela hildako langileak gogoratu zituen LABeko Gema Pousak, eta haien egoera «guztiz prekarioa» dela salatu zuen. ELAko bozeramaileak, halaber, uztailaren 30ean bere buruaz beste egin zuen Luis Enrique Soriano gaztearen kasua aipatu zuen, eta azpimarratu zuen Azpeitiko tailer batean hilik aurkitutako langilea ere «baldintza prekarioetan» ari zela.

Heriotzak aipatzeaz gain, sindikatuetako eledunek azpimarratu zuten lan istripuek ere gaixoaldi ugari eragiten dituztela. Pousak azaldu zuenez, aurtengo lehen zazpi hiletan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 21.520 beharginek utzi behar izan dituzte beren lantokiak aldi baterako. Iazko datuekin alderatuta, aurtengoa «larritzeko modukoa» dela azpimarratu zuen, 3.400 gehiago izan baitira.

Egoera ikusirik, heriotzen erantzuleak direla uste dutenei mintzatu zitzaizkien sindikatuetako bi bozeramaileak. «Argi dago patronalak irabazi ekonomikoak langilearen osasunaren gainetik jartzen dituela, eta horrek ezin du horrela jarraitu», esan zuen Beitiak, eta honako hau gaineratu zuen: «Erakunde publikoek ez dute ezer egiten, eskuak garbitzen dituzte, eta salatu nahi dugu haien erantzukizuna ere badela».

Pousak bat egin zuen Beitiaren hitzekin. «Hiltzen duen lan eredu hau eteteko zer egingo duzue?», galdetu zien erakundeei, eta zuzeneko eskaera bat egin zien «Jar ezazue egoera larri hau zuen agenda politikoaren erdigunean». Hildako langileen gertukoak ere izan zituzten gogoan. «Behargin bakoitzak familia, lagunak, kideak… ditu, eta horiek ere lan eredu prekario honen eraginak sufritzen dituzte», azpimarratu zuen Pousak, eta administrazioei mintzatu zitzaien beste behin: «Zer esango diezue haiei?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.