Gerrako makinarako ekonomia

Ukrainako inbasioak Errusiako ekonomia guztiz hondatuko zutela iragarri zutenak oker zebiltzan. Helburu militarra lehenetsita, herrialde horretako ekonomiak ondo eusten dio erronkari oraindik ere.

Errusiako armadaren historia kontatzen duen film baten publizitate afixa, Moskun, AEBen enbaxadaren aurrean. MAXIM SHIPENKOV / EFE
Errusiako armadaren historia kontatzen duen film baten publizitate afixa, Moskun, AEBen enbaxadaren aurrean. MAXIM SHIPENKOV / EFE
Irune Lasa.
2025eko abuztuaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Egia bat esan zuen Donald Trumpek ostiralean, Vladimir Putinekin bildu eta gero Fox katean emandako elkarrizketan: «Errusiak botere oso handia du, eta haiek [Ukrainak], ez. Itzelezko gerra makina baten kontra ari dira borrokan». Hala da, Errusia gerra makina handi bat da gaur egun.

Errusiaren aldeko gobernu bat ezarriz Ukrainan agintea bereganatzeko operazio bizkorra zapuztu zitzaionean, Putinek inbasioaren eta gerraren alde egin zuen, nahiz eta berez Errusia ez zegoen prest agertoki horretarako.

2022ko otsail hartan, Moskuk estrategia militarra erabat berrantolatu behar izan zuen, presaka gainera, eta, horren ondorioz, aldaketa bizkor eta handiak izan ziren Errusiako ekonomian. Gerra makina elikatzeko baliabide mordoa behar zen, noiz-eta Errusiako ekonomia presiopean geratu zenean zigorren, atzerriko konpainien ihesaren eta ziurtasunik ezaren ondorioz.

Hain zuzen ere, zenbaitek uste zuten Errusiako ekonomiak ez zuela presio hori jasango, baina oker zeuden. Hiru urte baino gehiago pasatu dira ordutik, eta ekonomiak bizirik dirau Errusian. Nola egin dute hori?

Gerraren lehen urtean, Errusiako ekonomia %1,4 uzkurtu zen soilik. Hilabete haietan, Errusiarentzat lagungarri izan ziren bai lehengaien —petrolioaren eta gasaren— prezio izugarri garestiak, eta bai beste herrialde batzuek —besteak beste, Txinak— emandako laguntza zigorrei izkin egiteko. Hori diote Benjamin Hilgenstock eta Elina Ribakova ekonomistek Bruegel think tank-arentzat egindako analisian.

Politika keynestarra

Lehen kolpearen ondoren, Errusiak gerrako ekonomia keynestar bati heldu zion, herrialdearen gastuaren parte handi-handi bat helburu militarrak betetzeko baliatuta. Adam Tooz ekonomiaren historialariaren ustez, gerrako keynesianismo horrek arrakasta berezia izan du, Errusiako ekonomia infraerabilia baitzegoen 2010. urteaz geroztik. Herrialdea gehienbat lehengaien esportazioan zentratua zegoela eta barnean austeritatea nagusi zela, barne eskaria murritza zen Errusian, harik eta gerrak gauzak irauli zituen arte. Barne eskaria handitu ahala, barne produktu gordina %4,1 ere handitu da 2023an eta 2024an.

Gerra makina elikatzeko gastua itzelezkoa da, eta, zenbait iturriren arabera, inbertsio horiei esker ibilgailu blindatuen ekoizpena lehen halako bi da orain Errusian, eta gerraren aurretik baino bost aldiz munizio gehiago fabrikatzen dute lantegi jakin batzuetan. Droneen fabrikazioak ere sekulako indarra hartu du.

Gastu militarra ez da bakarrik tankeak egiteko. Gerra makinak soldaduak ere behar ditu, eta ez gutxi. Jendea armadara erakartzeko, Moskuk aparteko ordainsariak pagatu behar izan ditu, eta baldintza ekonomikoak hobetu. Zaurituen kostua ere kontuan izan behar da, eta baita hildako soldaduen familientzako kalte ordainak ere.

Sinikka Parviainen eta William Pyle Finlandiako Bankuko ekonomisten arabera, eta paradoxa bat dirudien arren, Errusian hobetu egin da batez besteko bizi maila gerraren harira, nahiz eta milaka hildako izan diren.

Errekrutamenduaren eta ekoizpen mota batzuen goraldiaren ondorioz, lan merkatua presiopean dago, eta soldata batzuk nabarmen igo dira —kualifikaziorik gabeko langileenak batez ere—.Hori dela eta, inflazioak gora egin du. Ofizialki, inflazioa %9koa da Errusian, baina uste da egiazko tasa askoz handiagoa dela.

RUSSIA ECONOMY
Elvira Niabullina Errusiako Banku Zentraleko presidentea. Haren meritutzat jotzen da Errusiak gerraren lehen kolpeari ondo eutsi izana. ERRUSIAKO BANKU ZENTRALA / EFE

Inflazioari zerbait eutsi nahian, Errusiako Bankuaren interes tasak %21ekoak izan dira orain gutxi arte —%18ra apaldu dira orain—. Baina, askotan, lehen aipatutako soldata igoerak handiagoak izan dira tasa horiek baino, eta, gainera, interes tasa horiei esker beste errusiar askok mozkin polita jaso dute bankuko gordailuen bitartez.

Errusiako ekonomia lan betean dabil, eta, orain artean, herrialdeak lortu du zigorrik gehienei izkin egitea edo haien eragina leuntzea. Baina —eta baina handi bat da— gerrako ekonomia horrek pitzadurak ageri ditu azkenaldian, petrolioaren eta gasaren prezioak behera egin baitu nazioartean. Petrolioaren eta gasaren diruarekin estaltzen du Errusiak bere aurrekontuaren herena, eta, diru iturri hori ahuldu den honetan, Errusiaren kontuak aldrebestu egin dira.

Gerraren hasieran, nabarmen igo ziren Errusiak petrolioaren bidez lortzen zituen diru sarrerak —horrek argi erakutsi du haren gaineko zigorrek ezer gutxi lortu dutela—, baina, orain, Lurralde Petrolio Esportatzaileek ekoizpena handitu eta upelaren prezioak behera egin duenez gero, sarrera horiek %18 apaldu zaizkio Errusiari.

Lehen pitzatuak?

Beraz, baliteke petrolio upela merke egoteak gerrako makina matxuratzea? Aditu gehienek uste dute petrolioa dezente gehiago merkatu beharko litzatekeela Errusiako ekonomia baldintzatzeko. Are, uste dute Errusiak baduela oraindik ahalmena makinari martxan eusteko, erreserbak ez baititu erabat xahutu oraindik.

Hala ere, analista batzuen ustez, hiru urteko boomaren ostean, Errusiako ekonomia moteltzen hasi da 2025ean. Batetik, helburu militarrei lotuta ez dauden sektoreetan inbertsio falta gero eta nabariagoa da —tasa handien ondorio da inbertsio eskasia—. Adibidez, auto eta kamioi fabriketan ekoizpena amildu egin da, eta lantegi askotan lau eguneko lan astea ezarri behar izan dute.

Ikatzaren sektorea eta eraikuntza dira zailtasunak dituzten beste sektoreetako batzuk. Interes tasa handiak direla eta, norbanako eta enpresa askok zailtasunak dituzte zorrak kitatzeko. Horrekin lotuta daude banku zentralak tasetan egindako azken jaitsierak. Edonola ere, litekeena da ekonomia pixkanaka higatuz joatea, eta inor gutxik uste du 1998ko krisiaren pareko zerbait izango denik berriro. Ez dute espero Errusiako ekonomia goizetik gauera amiltzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.