Gestamp taldeak Abadiñoko lantegiko behargin kopurua murriztu nahi du

280 lanpostu inguru kendu nahi ditu datozen bost urteetan. Enpresak aurreikusten du Mercedes taldeak egindako enkarguak gutxitu egingo direla aurrerantzean.

Gestampeko langileen elkarretaratze bat, Zamudion, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Gestampeko langileen elkarretaratze bat, Zamudion, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
gotzon hermosilla
2026ko martxoaren 13a
09:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez dira garai onenak Euskal Herriko industriarako. Azken bolada honetan bolo-bolo hedatu diren albiste txarrei beste bat gehitu zaie oraingoan: Mikel Jauregi Jaurlaritzako Industria sailburuak azaldu duenez, Gestamp taldeak langile kopurua murriztu nahi du Abadiñon duen lantegian (Bizkaia). Gaur egun, 700 bat behargin aritzen dira lantegi horretan, eta, informazio horien arabera, enpresaren zuzendaritzaren asmoa da 2030. urterako 280 gutxiago izatea.

Mercedes taldea da Abadiñoko plantaren bezero nagusia, eta han egiten dituzte VS20 furgonetarako pieza asko. Baina 2030ean utzi egingo diote furgoneta mota hori egiteari, eta, gainera, Mercedes hasi da bere ibilgailuetarako pieza asko Alemanian eta beste leku batzuetan egiten. Hortaz, enpresaren zuzendaritzak aurreikusten du eskaerak asko gutxituko direla, batez ere 2028tik aurrera.

El Correok argitaratu duenez, enpresak hainbat bide erabiliko ditu langile kopurua murrizteko. Horietako bat izango da zenbait langilek enpresa euren borondatez uztea, eta bidegabeko kaleratze baten bitartez horrelakoei ordaina ematea: lan egindako urte bakoitzeko 33 eguneko soldata, gehienez 24 soldatataraino, eta 30.000 euroko kalte ordaina, baina 80.000 euroko langa gainditu barik. Beste bide bat errelebo kontratua izango litzateke: erretiroa hartzen duten beharginei errelebo kontratuaren baldintzak aplikatuko lizkiekete, baina langile gehiago hartu barik.

«Alemaniarrak haien lanpostuak defendatzen ari dira, eta nik, Jaurlaritza bezala, gauza bera egingo nuke euskal enpresekin»

MIKEL JAUREGI Industria sailburua

Sindikatuek BERRIAri azaldu diotenez, oraingoz ez dute adierazpenik egingo auziaren inguruan. Mikel Jauregi Jaurlaritzako Industria sailburuak, aldiz, eman du bere iritzi, eta erabakia ulertzen duela esan du: «Alemanian lan karga gutxi duten lantegiak ditu Mercedesek. Alemaniarrak haien lanpostuak defendatzen ari dira, eta nik, Jaurlaritza bezala, gauza bera egingo nuke euskal enpresekin». Iragarri du kaleratzeak ahalik eta modu leunean egitea nahiko lukeela, eta Mercedesekin eta Gestampekin hitz egiten hasia dela euskal hornitzaileei lan karga eragingo dien proektu berriak sortzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA