Bizkaiko hiru enpresatik batek (%29) urte hasieran aurreikusi baino gutxiago fakturatuko du aurten; datu hori apur bat handiagoa da industria sektorean (%36) eta enpresa txiki eta ertainen artean (%35). Azken urteetako portzentajerik handiena da hori, Cebek Bizkaiko enpresaburuen elkarteak ohartarazi duenez, eta kezkatuta agertu da aurrera begira egoera are gehiago zailduko ote den. Joan den ostiralean Gipuzkoan Adegik egindako interpretazioaren antzekoa egin du.
Barneko eta kanpoko faktoreek areagotu egin dute «ezkortasun» pertzepzio hori, patronalak Bizkaiko enpresen artean egindako inkestan oinarrituta azaldu duenez. Kezka nagusien artean honako hauek nabarmendu ditu: lan kostuen garestitzea, zerga presioa, eta laneko araudian eginiko aldaketak eta asteko lanorduak murrizteko egitasmoa. Hamar enpresatik bederatzi kexu dira faktore horien inguruan. Cebekek azpimarratu duenez, «segurtasun juridiko eta politiko handiagoa» behar da: lau enpresatik hiruk kezkaz begiratzen diote «Espainiako klima politikoari».
Patronalaren arabera, lan kostuen garestitzearen arrazoi nagusia langileen kotizazioen igoera da, baina ez du inkestarekin loturiko daturik eman horri buruz. Gogoratu eta salatu du 2017tik %23 handitu dela enpresek eta langileek Gizarte Segurantzari egiten dioten ekarpena, eta %67 lanbide arteko gutxieneko soldata —707 euro ziren orduan, eta 1.184 orain—.
Gutxieneko soldata
Gutxieneko soldata gehiago igotzeko eta kopurua Hego Euskal Herriko eragileen artean adosteko sindikatuek eginiko proposamena zuhurtziaz baloratu du Cebekek. Confebask Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako patronalen konfederazioak orain arte atea itxi dio aukera horri, baina azkenaldian enpresaburuen elkarteak beste mezu bat zabaltzen hasi dira: elkarrizketa bai, baina «baldintza batzuekin».
Hala adierazi du Francisco Javier Azpiazu Cebekeko idazkari nagusiak. «Sindikatuek gai horri buruz hitz egin nahi badute, gu prest gaude, baina ez foro espezifiko batean, Elkarrizketa Sozialerako Mahaian baizik, eta guk buruan ditugun beste gai batzuekin batera: lehiakortasuna, kostuak, fiskalitatea...». Horri beste bat gehitu dio: absentismoa. Patronalak uste du langileen produktibitate galera «arazo» bat bihurtu dela.
Barne faktoreak baino gutxiago, baina nazioarteko egoerak ere kezkatzen ditu Bizkaiko enpresak, eta, bereziki, «Europaren ahulezia ekonomikoak». Lehengaien prezioen garestitzeak eta beste gertakari batzuek Bizkaiko enpresek beste herrialde batzuetakoekin lehiatzeko zuten gaitasuna murriztu dutela gogoratu du Cebekek. Eta horri, orain, AEBetako muga zergen eragina gehitu behar zaiola. «Azkenaldian gutxitu egin dira AEBetarako esportazioak, baina gure merkatu nagusia Europa da, izan da, eta izango da hemendik aurrera ere. Horri eutsi behar diogu, guretzat inportantea baita», azaldu du Azpiazuk.
14.000Zenbat lanpostu sortuko diren 2026an. Laino beltzak ikusi arren, hamar enpresatik seik (%63) lantaldeari eutsi diote aurten, eta %27k handitu egingo dute. Datorren urteari begira, Bizkaian 14.000 lanpostu sortuko direla kalkulatu du Cebekek. Patronalaren hazkunde aurreikuspenak bat datoz Jaurlaritzak egindakoekin: %2,1ekoa aurten eta %1,9koa hurrengo urtean.