Googleren nagusitasuna ezbaian jar dezakeen neurri bat hartu du Europako Batzordeak. Enpresa teknologikoak Androiden adimen artifizialaren (AA) zerbitzuak konpetentziari ireki beharko dizkio, eta urtebete izango du hori egiteko. Horrela, Googleren esku ez dauden AA adimen artifizialeko ereduek libre erabili ahal izango dituzte Androiden zerbitzuak. Batzordeak gaur jakinarazi duenez, sektore digitalean lehia «justuagoa» izatea ziurtatuko du neurri horrek.
Besteak beste Gemini eta NotebookLM dira AEBetako enpresak kontrolatzen dituen AA zerbitzariak. Bada, Europako Batzordearen aburuz, horiek dira Androiden ahalmena osoki erabil dezaketen bakarrak, eta horrek erabiltzaileen aurka egiten du. «Erabaki honek lehiakide txikiagoei aukera emango die maila berean lehiatzeko; gainera, erabiltzaileen pribatutasuna babesteko tresna bat ere bada», azaldu du Teresa Ribera Lehia komisarioak. Horiek horrela, beste zerbitzariei «sarbide osoa» eman beharko die Googlek.
Androiden irekiera hori ez da lehia ziurtatzeko AEBetako enpresari ezarri dioten neurri bakarra: Google Search bilatzailearen bidez eskuratutako datuak ere partekatu beharko ditu, urtarrila baino lehen. Bruselaren iritziz, datu horiek «ezinbestekoak» dira beste AA zerbitzariek beren funtzioak optimiza ditzaten. Hori dela eta, urtarrilerako partekatu beharko ditu datuok, beranduenez.
Datu horiek era «seguru eta anonimoan» eman beharko ditu Googlek. Hau da, bilatzaileari esker Googlek bildutako datu horiek, anonimo bihurtu, eta bilatzaileen inguruko datuak lor ditzaketen txatbotekin partekatu beharko ditu. Dena dela, edozeinek ezingo ditu eskuratu. Batzordeak gaur jakinarazi duenez, Googlek ez ditu partekatu beharko «zibersegurtasuna eta datuen pribatutasuna arriskuan egon daitekeen susmoa izanez gero».
Monopolioaren aurka
Ez da lehen aldia Googlek bere zerbitzuak libre jartzeko eskaria jasotzen duena. Are gehiago, gaur jakinarazitako neurria apirilean ere proposatu zion Europako Batzordeak enpresa teknologikoari. Orduan, proposamen bat besterik ez zen izan; gaur, ostera, neurri lotesleak helarazi dizkio.
Googleren jarduna hautsak harrotu ditu Europako Batasunean azken hilabeteetan, nagusikeriaz jokatzen duela uste baitute Bruselan. Hala, batzordeak 4.125 milioi euroko isuna ezarri zion Googleri, nagusikeriaz aritzeagatik Android bere sistema eragileari mesede egiteko. Eta uztailaren 2an Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak arrazoia eman zion Bruselari, Google isuna ordaintzera behartuz.