Greba mugagabean zeuden hiru langile kaleratu dituztela salatu dute Donostiako Metropolitan gimnasioan

ELA sindikatuak deituta, elkarretaratzea egin dute gaur goizean kirol zentroaren aurrean. Lan Ikuskaritzak 110.000 euroko zigorra ezarri dio Metropolitani, grebarako eskubidea urratzeagatik.

Donostiako Metropolitan kirol zentroaren ataria, langileen aldarrikapenekin. ELA.
Donostiako Metropolitan kirol zentroaren ataria, langileen aldarrikapenekin. ELA.
2026ko urriaren 6a
14:34
Entzun 00:00:00 00:00:00

Borrokan jarraitzen dute Donostiako Metropolitan kirol zentroko langileek: greba mugagabeari ekin zioten apirilean zenbait beharginek, «lan baldintza duinen» alde, eta gaur goizean salatu dute horietako hiru kaleratu dituela enpresak. ELA sindikatuarekin batera, elkarretaratzea egin dute gimnasioaren aurrean, kaleratutako langileak berriz hartzea eta zuzendaritzari hitzarmen propioa sinatzea exijitzeko.

Sindikatuak salatu du kaleratzeak «onartezinak» direla: «Lan gatazkari irtenbidea bilatu ordez, zuzendaritzak plantilla beldurtu eta kikildu nahi du». Gainera, argi adierazi du grebarekin eta mobilizazioekin jarraituko dutela aldarrikapen nagusiak lortu arte.

Greba mugagabera jo zutenetik, enpresa behin bildu da langileen ordezkariekin; bertan, proposatu zuen langileen lan baldintzen negoziazioa estatu mailara eramatea –egungo lan baldintzak estatuko hitzarmen baten menpe daude–. ELAren ustez, ordea, proposamen horrek «ez ikusiarena» egiten dio Lan Harremanen Kontseiluan irekitako negoziazio mahaiari, bertan ari baitziren gatazka aztertzen.

188.000 euroko zigorra

Langileen aurkako «jazarpen sindikalaren» adierazle, sindikatuak nabarmendu du azken hilabeteetan Metropolitani bi zigor jarri dizkiotela Lan Ikuskaritzak eta Kontsumobidek: lehena 110.000 eurokoa, zerbitzuen ordezkapen irregularra eta greba eskubidearen urraketa direla medio; eta bigarrena 78.000 eurokoa, zerbitzuek «okerrera» egin arren bazkideei kuota osoa kobratzeagatik.

ELAk aurkeztutako salaketen ondorioz ezarri dizkie enpresari zigor horiek; sindikatuak jakinarazi du «oinarrizko eskubideak babesteko» demanda bat ere aurkeztu duela enpresaren aurka, eta horren epaiketa abenduaren 16rako ezarrita dagoela.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA