Greba mugagabea abiatu dute Asteasuko Siemens Gamesan

ELAk eta LABek deitu dute protestara. Langileen lan baldintzak Euskal Herrian negozia daitezen eskatzen diote enpresari, argudiatuta zuzendaritzak Euskal Herriko negoziazioak Espainiara eraman nahi dituela. 180 langile daude Asteasuko lantegian.

Asteasuko Siemens Gamesako langileen protesta bat. LAB
Asteasuko Siemens Gamesako langileen protesta bat. LAB
Igor Baigorri Perez (2)
2026ko urriaren 19a
16:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaurtik greba mugagabean daude Asteasuko (Gipuzkoa) Siemens Gamesan. Nahasiak izan dira azken asteak lantegian, eta zuzendaritzaren azken mugimenduari erantzuteko aukerak aztertzen aritu dira langileak. Hala, ELAk gaur jakinarazi duenez, LABekin batera greba mugagabera deitzea erabaki dute, eta gaur abiatu dute.

Itun propioaren defentsan mobilizatuko dira. Halako hitzarmen bat dute gaur egun Asteasun, baina iraungi egin zen duela urtebete. Sindikatuen arabera, Alemaniako multinazionalaren zuzendaritzak Espainiako lantegietako hitzarmena ezarri nahi du orain Gipuzkoako plantan, eta Euskal Herriko gainerako lantokietan ere bai. «Negoziazio kolektiboa Euskal Herritik eta Asteasuko lantegitik kanpo eraman nahi du Siemens Gamesak», salatu du ELAk.

Hori bera adierazi zuen LABek joan den ostiralean. Azaldu zuenez, duela hilabete batzuk, Siemens Gamesak Espainiako eta Euskal Herriko langile guztien lan baldintzak berdintzeko akordio esparru bat negoziatzeko mahaia osatu zuen; hor CCOOk, UGTk eta ELAk dute ordezkaritza.

LABen arabera, Espainiako eta Euskal Herriko lantegietan lan hitzarmen bera aplikatzeko nahiak «kezka eta ezinegona» sortu ditu Asteasuko eta Mungiako (Bizkaia) lantegietan, argudiatuta enpresak orain arteko negoziazio esparruak desagerrarazi nahi dituela. «Estatu mailako negoziazio eredu baten inposizioa ikusita, lan baldintzak hemen negoziatu eta hemen erabaki nahi ditugu», adierazi zuen LABek.

Ideia horri eutsi dio ELAk ere, eta LABekin batera greba mugagaberako deia egin du orain Asteasuko lantegian —180 langile daude bertan—. Mungiakoari buruz, berriz, ez du ezer adierazi, baina LABek aurreko ostiralean jakinarazi zuen hango langileek ere «borrokari» ekingo diotela.

Guztira, 2.800 langile inguru ditu Siemens Gamesak Euskal Herrian. Zamudioko (Bizkaia) lantegia da handiena, eta beste lau ere baditu: Mungiakoa eta Asteasukoa, eta beste bi Nafarroan: Sarrigurenen eta Arazurin.

Haize erroten fabrikatzaileak urte zailak igaro ditu eta galera handiak pilatu, lurreko haize errotetan erabiltzen dituen turbinen azken modeloak izan dituen akats teknikoengatik.

Arazo horiek konponduta, aurtengo bigarren hiruhilekoan —apiriletik ekainera— lehen aldiz itxi du hiru hilabeteko aldi bat irabaziekin. Dena den, azken urteetan, krisi horren eraginez Siemens Gamesak aldaketak egin ditu zuzendaritzan, eta mundu osoan 4.000 langile inguru kaleratu, baina Euskal Herrian kaltea urria izan da.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA