Debaldeko borroka baten mentura

Lansarien eta erretreta pentsioen emendatzea aldarrikatu dituzte Baionako karriketan, biziaren kariotzearen kontrako lanbidearteko greba egunean. Manifestariak mobilizazioek dakarten lorpen eskasiaz kezkaturik ibili dira.

Lanbidearteko greba eguneko manifestazioa, gaur goizean, Baionan. NATHALIE GUIRONNET
Lanbidearteko greba eguneko manifestazioa, gaur goizean, Baionan. NATHALIE GUIRONNET
Leire Casamajou Elkegarai
BAIONA
2026ko azaroaren 5a
17:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lizeotarren mobilizazioen harira abiatutako mobilizazio zikloko laugarren manifestazioa izan da gaurkoa, halere desberdina, aste egunez izan delako: nonbait, langilegoak kontsideratu du eguneroko diru eskasiak merezi duela lan egun baten sari osoa galtzea; aldi berean, lansari hori galdu ezinik dabilen jendeak ez du parte hartu ahal izan. Gizartearen larritasun hori oihukatu dute langileek, ikasleek, langabezian daudenek, erretretatuek. 6.000 pertsona inguru izan dira Baionako karriketan, biziaren kariotzearen kontra.

Urriaren 17, 24 eta 31ko manifestazioen ondotik, lanbidearteko greba orokorraren aldia izan da. Ipar Euskal Herriko deialdia FSU, CGT, CFDT, FO, Unsa eta Solidaires sindikatuek egin dute: manifestazioa Baionako Santa Ursula plazatik abiatu da, eta Euskaldunen plazan bukatu. LAB sindikatuak ere parte hartu du, nahiz ez intersindikalean integraturik. Giroa aski lasaia izan da, polizia guti izan dira karriketan, eta, manifestari batzuk prefeturak debekatutako zonaldean egon badira ere bukaeran, tentsioa ez da igan.

«Ohartuak gara ez duela gauza handirik aldatzen. Atsegabetuak gara. Hainbeste urte eta zenbat lorpen?»

NORA Lurraldeko funtzio publikoko langilea

Aurelie eta Nora lurraldeko funtzio publikoko langileak dira, manifestazioen ohitura dute, orduan «kontent» izan dira gaur, «behingoagatik jendea batu baita». Hain zuzen ere, iruditzen zaie desberdintasunik ez litzatekeela egin behar sektore publikoan eta pribatuan lan egiten dutenen artean, finean denak baitira «klase berekoak», hots, «hilabetea nekezietan bukatzen dabilen» jendearen klasea. Azpimarratu dute hamabost urte pasa direla funtzio publikoko titular bilakatu zirenetik, baina «guti pagatuak» direla, «dena blokeatua edo izoztua» dagoela; hots, «bizia kariotzen dela baina lansariak ez direla mugitzen».

Zentzu horretan, lansarien eta lansari indizearen emendatzea aldarrikatzen dituzte. Erraterako, gaurko greba eguneko aldarri nagusien artean daude bi neurri horiek, baita erretreta pentsioen emendatzea ere. Nekeziak ez baitira lana bukatzean desagertzen, Marie Paule erretretatuak argi du hori: «Bizitza osoan lansari mehea jasotzen delarik, ber heineko erretreta saria jasotzen da». Denda bateko saltzailea zen Marie Paule, eta gaur, «manifestazioan izan nahiko zuten baina lan egun bateko dirua galdu ezin duten pertsonen zuloa betetzera» etorri da.

(ID_16603910) (Nathalie GUIRONNET) 2026-11-05, Baiona. Manifestation de l\'intersyndicale
Manifestazioa Baionako Santa Ursula plazatik abiatzen, gaur, Baionan. NATHALIE GUIRONNET

Manifestari guziak neurrien aldarrikatzera etorri dira, baina, aldi berean, argi geratu da gauza handirik ez dutela espero gobernuarengandik. Hain justu, Frantziako Gobernua 2027ko aurrekontuaren eztabaidetan sartua da, eta, aitzinikusten denez, 43 miliar euroren murrizketak egin nahi dituzte sektore publikoan. Gaurko grebak hori ezarri du agerian: leize bat dagoela herriak galdetzen duenaren eta gobernuak aurreikusten duen erantzunaren artean. Sindikatuek lansarien emendatzea galdegiten dute, baliabide gehiago zerbitzu publikoentzat; gobernuak, bere aldetik, aurreikusten du laguntza sozialen izoztea, osasun arloko gastuen mugatzea, langile kargaren apaltzea eta lurralde elkargoei ekonomiak egitea galdetzea.

Herriak gehiago eskatzen du, eta gobernuak murrizketa politika prestatzen, menaiuetan eragin zuzena ukanen duena.

Zenbat lorpen?

Prezioen gorakada orokortuaren parean, Norak argi du lansari egoki batek ere ez duela gehiago ezinbestez bermatzen nahi bezala bizitzea. «Lansari aski normal bat dut, baina hogei urte dituen autoa dut, kaskarra, ezin nezakeena alda». Azpimarratu du etxebizitza sozial batean bizi dela, bestela ezin bailukeelako etxebizitzarik ordaindu.

Hain zuzen ere, Marise sektore pribatuko etxebizitza sozialen arloan lanean ari zen, duela bi urte erretretan sartu zen arte. Adierazi duenez, urteak aitzina, «geroz eta galde gehiago izan dira», baina afera da gero «jende horiek ezin dituztela etxebizitza sozialak utzi, ezin delako gehiago erosi, ezta eraiki ere». Marise bere senarrarekin etorri da manifestaziora, Yves, duela lau urte erretretan sartu zena: «Langile eta ikasle guziekiko elkartasunez gara hemen; bizi sendoa ukan dezatela». Eta, azken egun eta asteetako errepresio kasuak gaitzetsi dituzte, manifestatzea «eskubide bat» delako: «Bizi osoan borrokatu gara, baita ene gurasoak eta haienak ere, gaur manifestatu ahal izan dezagun, hain zuzen, eta, guti gora behera normalki kontsumitu ahal izan dezagun».

«Manifestazioan izan nahiko zuten baina lan egun bateko dirua galdu ezin duten pertsonen zuloa betetzera etorri naiz ni»

MARIE PAULE Manifestaria, erretretatua

Aureliek eta Norak ere gogoan ukan dituzte azken egunetako errepresio kasuen biktimak: «Dena da geroz eta errepresiboagoa, eskuin muturra goraka doa etengabe... Iduri luke iragana berriz gertatzen ari dela». Orduan karrikan segitzen dute, nahiz ohartuak diren «ez duela gauza handirik aldatzen». Erraterako, debaldeko borroka baten mentura sentitu da manifestarien artean. «Atsegabetuak» dira. «Hainbeste urte eta zenbat lorpen?», galdetu dute airean. Izan ziren Jaka Horiak, erretreten erreformaren kontrako mobilizazioak, lizeotarrenak... «Aldatuko denetz? Espero dugu, baina agian zentzu txarrera».

Bi emazteek uste dute «zuzenagoa» litzatekeela «aberastasunak partekatuagoak izanen balira, ez ditzatela beti berdinek sakelak bete». Baina «herri xeheak du sufritzen, beti bezala», Laurenne Julien langile sozialak ohartarazi duenez. Bere lankideekin etorri da manifestaziora: egoera ez zaio gehiago posible, dena kariotu den bezala «erosketak egitea ere erronka bat» bilakatu baita. «Eta gainekoak ongi bizi dira, ez da horien arazoa». Berak ere duda du mobilizatzeak zerbaitetarako balio duenetz: «Black bloc taldeek arrazoi dute agian, ez baigaituzte entzuten. Pankartekin gaude hemen, manifestazio zoriontsuan... Ongi, baina haserrea da transmititu behar genukeena».

Kyara 16 urteko lizeotarrak ere manifestazioen «giro goxoa» azpimarratu du, baina ez hori baizik: Laurenne Julienek bezala, Kyarak uste du ez direla entzunak, ez lizeotarrak ezta besteak ere. «Sinpleki, etorkizunera buruz jarri nahiko genuke, entzunak izanez eta ongi lan egin ahal izanez: lizeo aski ona dugu, baina, aldi berean, irakasleak usu eskas ditugu eta ez dira ordezkatuak... Gaizki ematen gaitu, baxoa ukanen dugulako laster. Manifestatzen segitu behar bada, manifestatzen segituko dugu».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA