Gure Moneta udazkenean iritsiko da Baztanera eta Oiartzualdera

Hurrengo urteetan Hego Euskal Herriko beste eskualdeetara zabaltzea da asmoa, eta ondoren euskoarekin bat egitea. 'Herriz herri, moneta bat' kanpaina abiatu dute, mila laguntzaile aurkitzeko.

Gure Moneta proiektuaren aurkezpena, gaur, Errenterian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Gure Moneta proiektuaren aurkezpena, gaur, Errenterian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Iker Aranburu.
2026ko otsailaren 25a
19:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken txanpan dago Gure Monetaren proiektua. Azken bi urteetan tokiko diruaren proposamena garatzen aritu dira Baztanen (Nafarroa) eta Oiartzualdean (Gipuzkoa), eta aurtengo azken hiruhilekorako izango da kalean bi eskualde horietan. Ondorengo urteetan Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako beste herrietara hedatzea da asmoa, eta gero Ipar Euskal Herrian darabilten euskoarekin bat egitea. 

Euskoaren bultzatzaileekin batera elkarlanean egindako proiektua da Gure Monetarena, eta haren irakaspenak erabili nahi dituzte Euskal Herri osoak diru propio bakar bat izan dezan. Proba egiteko Baztan eta Oiartzualdea aukeratu izana ez da ausazkoa. Batetik, diru propioaren inguruko interesa agertu duten udalak, elkarteak eta saltokiak aurkitu dituzte. Bestetik, demografikoki bi eremu oso desberdin dira, eta hori ona da esperimentatzeko: Baztan landa eremua da, hirigune handietatik nahiko urrun dago, eta han garrantzi handia dute tokiko ekonomiak eta ekoizle txikiek; Oiartzualdea, berriz, eremu urbano eta industrializatua da. 

Proiektuari bultzada eman diote gaur iluntzean, Errenteriako Lekuona Fabrika kultur zentroan egindako ekitaldian. Han izan dira proiektua babesten, besteak beste, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia, Oiartzualdeko herrietako alkateak (Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaia), eta Baztango Udaleko, Udalbiltzako, Oiartzualdeko Garapen Agentziako eta Cederna-Garalurreko ordezkariak ere. LAB sindikatuak, Bilgune Feministak, Dendartean-ek, Euskalgintzaren Kontseiluak eta Olatukoopek ere bidali dituzte kideak.

Kanpaina

Gure Moneta gizarteratzeko eta haren hedapena zabaltzeko kanpaina bat abiatuko dute hurrengo egunotan. Herriz herri, moneta bat kanpainaren helburuetako bat da diru propioaren aldeko «masa kritikoa» sortzea. Helburu horrekin, urtea amaitu bitartean mila bazkide aurkitzeko erronka jarri diote euren buruari. Oiartzualdean eta Baztanen ez ezik, Euskal Herri osoan nahi dituzte bilatu laguntzaileak, azken finean zazpi lurraldeetarako proiektua baita.

Tokiko diruek tokiko ekonomia indartzen dutela eta aberastasuna bertan geratzea ekartzen dutela nabarmendu dute, eta bertako ekoizleei eta merkatariei laguntzen dietela. 

Egitasmoak Gure Moneta izena eduki arren, bultzatzaileek aitortu dute diru propioak oraindik ez duela izen ofizialik. Billeteen diseinua ere ez dago erabakita, baina orain hasi eta uda bitarte erabakiko dute hori, baita izena ere. Jakina da, berriz, Gure Moneta bakoitzak euro baten balioa izango duela.

 

6.000

Euskoaren erabiltzaileak. 2013an zabaldu zen euskoa Ipar Euskal Herriko 158 herrietara. Gaur egun, 1.500 erabiltzaile profesional eta 4.500 erabiltzaile partikular ditu, eta Europan gehien erabiltzen den diru propioa da. Bost milioi euro daude zirkulazioan.

    Iruzkinak
    Ez dago iruzkinik

    Ordenatu
    0/500
    Interesgarria izango zaizu
    Nabarmenduak
    Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.