Urriaren 16an XIV. Nazio Biltzarra egingo du LSB Langileen Sindikal Batasuna sindikatuak, Bilboko Itsas Museoan. Biltzarra beti da gertaera garrantzitsua antolakunde baten ibilbidean, baina aurtengoa are bereziagoa izango da sindikatuarentzat, 50 urte beteko baitira lehenengo biltzarra egin zuenetik: Iruñean izan zen, 1976ko abenduaren 19an, artean sindikatuak legez kanpokoak zirelarik Hego Euskal Herrian.
Jon Quintana Sanchezek (Santurtzi, Bizkaia, 1969) 32 urte eman du LSBn afiliaturik, eta azken lau urteotan sindikatuko idazkari nagusia izan da; ardura horretarako berriro aurkeztuko da urriko biltzarrean.
«Klase sindikatua» da LSB, «bere burua finantzatzen duena, independentea eta askotarikoa», Quintanaren esanetan: «Hemen denok dugu lekua, pentsamoldea edozein delarik ere; ideologia atean uzten dugu, eta elkar hartuta aritzen gara langileen eskubideen alde. Gure oinarri bakarra humanismoa da: pertsonak lehenesten ditugu, dogmen, etekinen eta merkatuen gainetik».
Zein da gaur egun LSBren indarra?
Ohiko sindikatu handiak albo batera utzita, gu gara, sindikatu txikien artean, ordezkaritzarik zabalena duena. 6.000 afiliatu inguru ditugu, eta joera goranzkoa da: azken lau urtean afiliazioak %10 egin du gora. Ikusten dugu sindikatu handiak geldiune batean daudela, eta sindikatu txikiak ari direla gehien handitzen, langileek nahiago dituztelako esparru politikotik kanpoko sindikatu hurbil eta eraginkorrak. Sektore guztietan gaude: garbiketan, anbulantzietan, garraio publikoan, eta industria arloko enpresa garrantzitsu guztietan, hala nola Tubos Reunidos, Arcelor, Sidenor, Aernnova eta abar.
Zer aldartez ekin diozue biltzarra egiteko prozesuari?
Motibazio handiz, hazkunde dinamikak eta langileen konfiantza izateak adorea ematen baitigute. Gai asko dugu jorratzeko: negoziazio kolektiboan izan beharreko estrategia, lantokietan osasuna eta segurtasuna bermatzea, mutualitateen esku hartze gero eta handiagoa, enpresetako berdintasun planak, LGTBI kolektiboarekin jarduteko moduak eta abar.
Duela 50 urte egin zenuten lehenengo biltzarra.
Bai, baina sindikatua askoz lehernago sortu zen, Gipuzkoan; sorrera agiria 1969koa da. Gure jarduera erabat lotuta dago euskal langile mugimenduaren historiari eta diktaduran garatu ziren langile borrokei. Nik ezagutu ditut sindikatuko kideak, frankismoaren garaian sasian ibilitakoak. Lehenengo biltzarra ere klandestinitatean egin zen, eta urteurren honetan eskerrak eman nahi dizkiegu hastapenetan aritu ziren langile ausart haiei.
Zer aldatu da ordutik hona?
Dena aldatu da, baina muinak bere horretan dirau, langileen auzia berbera delako: bizi ahal izateko lan egitea, eta bizi proiektu duin bat garatzen ahalegintzea.
Eta, zuen ustez, zeintzuk dira gaur egun langileen arazo nagusiak?
Orain, arazo larriena erosahalmena galtzea da. Patronalak nazioarteko ezegonkortasuna jartzen du aitzakiatzat, baina, azkenean, kostu horiek denok ordaintzen ditugun produktuen eta zerbitzuen gain geratzen dira eta soldatek, aldiz, berdin jarraitzen dute. Eta beste arazo larri bat da enpleguaren egonkortasun falta: enpresariek errazago eta merkeago dute langileak kaleratu ahal izatea, eta horrek galarazten du langileak epe luzeko bizitza proiektu bat garatzea. Etxebizitzaren prezioek are gehiago larriagotzen dute hori guztia.
«Gutxieneko soldata propioa aldarrikapen bidezko eta beharrezkoa da, baina negoziazio kolektiboa da hori gauzatzeko modu errealista bakarra»
Zeintzuk dira LSBren jarduera sindikalaren ezaugarri nagusiak?
Gure jarduera sindikala enpresarik enpresa diseinatzen da. Langileek eta sail sindikalek erabaki behar dituzte ildoak eta erritmoak, kanpotik estrategia maximalista bat inposatu beharrean. Gure kasuan, sindikatuaren zeregina da langileei laguntzea erabaki duten horretan, aholkuak ematea, eta erresistentzia kutxaren bidez babestea. Guretzat, sindikatua eskubideak lortzeko tresna da, ez dogma bat.
Zer deritzozue gutxieneko soldata propioaren eskakizunari?
Beti pentsatu dugu aldarrikapen bidezkoa eta beharrezkoa dela, Euskadin ezin baita bizitzaren kostua berdindu [Espainiako] Estatuko gutxieneko soldataren zenbatekoarekin. Baina uste dugu negoziazio kolektiboa dela hori gauzatzeko modu errealista bakarra, plataforma sindikal bateratuak sortuz eta hitzarmenez hitzarmen. LSB-USO bide horretan egongo da.
Patronalak txitean-pitean aipatzen du «absentismoa» lan munduaren gaitz larri gisa. Zer iritzi duzue horren inguruan?
Gaixoaldiak ez dira absentismoa. Enpresaburuak gehiago arduratu beharko lirateke lan osasunaz, lan baldintza duinez eta arlo psikosozialeko osasun protokoloak ezartzeaz, bere neurrira eraiki duen kontzeptu bat aitzakia gisa erabili beharrean.
«Gaixoaldiak ez dira absentismoa. Enpresaburuak gehiago arduratu beharko lirateke lan osasunaz, aitzakiak erabili beharrean»
Hauteskunde sindikalen garai trinkoa hasiko da udazkenean. Zer espero duzue ziklo berri horretatik?
Zaila da aurreikuspenak egitea, Euskadin sindikatu asko lehiatzen baitira ordezkari bakoitza lortzeko. Beste lurralde batzuetan panorama argiagoa da. Edonola ere, uste dugu afiliazioan izandako igoerak oinarri bat ematen digula ordezkaritzan ere gora egiteko, eta espero dugu igoera hori hauteskundeen emaitzetan islatuko dela.
Duela gutxi, Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak bilera erronda egin du sindikatu nagusien ordezkariekin. LSB bilera sorta horretara gonbidatua izan balitz, zer esango zeniokeen lehendakariari?
Absentismoaren inguruan lehen esandakoaz gain, nik eskatuko niokeen mutualitateekin akordiorik ez egiteko eta ez dezaten gaixoaldi traumatologikoen kontrola har. Osasungintza publikoa sustatu behar da, medikuntza prozesuak pribatizatu beharrean. Eta eskatuko geniokeen patronalari esateko beharrezkoa dela aberastasuna banatzea: etekinak daude, barne produktu gordinak gora egiten du, baina soldatek ez dute behar besteko igoerarik. Soldatak inflazioaren gainetik igotzeak herritarren bizimodua hobetuko luke, eta, gainera, bidea irekiko luke zergetan gehiago biltzeko.
Azkenik, etxebizitzaren gaia aipatuko geniokeen, horretan Jaurlaritzak badituelako eskumenak. Tentsio handiko guneetan alokairuen prezioa mugatzeak edo laguntzak emateak behin-behinean balio dezakete, baina ez da benetako irtenbidea. Politika transbertsalak behar dira, etxebizitza publiko gehiago, alokairu sozialak, lurzoruak lortu eta merkatzea eta abar.