Gutxieneko soldata 1.134 eurora igo du Espainiako Gobernuak

Hego Euskal Herrian 75.000 lagun inguruk jasotzen dute, gazteek eta emakumeek batik bat. Atzerako eraginez handituko dizkiete soldatak.

GARBITZAILEA
Emakumeak dira SMIa jasotzen dutenetako asko. GORKA RUBIO / FOKU
Iker Aranburu.
2024ko otsailaren 6a
13:55
Entzun

Duela hiru aste CCOO eta UGT sindikatuekin SMI gutxieneko soldatari buruz hitzartutakoa ofizial egin du Espainiako Gobernuak. Gaurko bileran onartu du SMIa %5 handitzen duen dekretua. Igoera atzerako eraginez aplikatuko da, 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera, eta 75.000 langile ingururi eragingo die Hego Euskal Herrian, gehienak gazteak eta emakumeak.

Zenbaki osoetan, 54 euro igoko da hilean; horrenbestez, gutxieneko soldata jasotzen duten langileek hilean 1.134 euro jasoko dituzte, hamalau ordainsaritan banatuz gero. Kopuru gordina da hori, errenta zerga aplikatu aurrekoa.

Gutxieneko soldata %50 inguru handitu da Pedro Sanchez gobernura iritsi zenetik. 2018an, hilean 736 euroan zegoen, orain baino ia 400 euro gutxiagoan. Igoerarik handiena 2019koa izan zen, %22,3koa.

SMIa erabakitzea Espainiako Gobernuaren eskumena den arren, kopurua gizarte eragileekin negoziatu izan dute Sanchezen gobernuek. CEOE patronala, ordea, behin bakarrik gehitu zaio akordioari, 2022koan, Yolanda Diaz Lan ministroa zela.

Hego Euskal Herriko egoera

Azken igoerari esker SMIa batez besteko soldataren %60ra iritsi dela nabarmendu du Diazek. Kopuru hori da Europako Gutun Sozialak halako soldatentzat eskatzen duen gutxieneko kopurua. Hego Euskal Herrian, ordea, handiagoa da batez besteko soldata —garestiagoak dira prezioak ere—, eta Eusko Legebiltzarrak berak eskatu zuen 1.400 eurokoa izatea Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk babestutako legez besteko proposamen baten bidez egin zuen eskaera.

ELA eta LAB sindikatuek salatu dute Espainiako SMIa oso txiki geratzen dela Hego Euskal Herrian. Agiri baten bitartez, ELAk ziurtatu du 1.134 euro ez direla nahikoa «Hego Euskal Herrian modu duinean bizitzeko, are gutxiago etxebizitzaren, alokairuaren eta elikagaien prezioak urteotan SMIaren igoeraren gainetik handitu direnean». Gutxienez 1.400 euroko gutxieneko soldata eskatu du ELAk, eta aipatu du SMIa jasotzen duten langileen %40 inguru etxeko langileak direla, ia guztiak emakumeak. «Gutxieneko soldata hemendik aurrera Espainiako batez besteko soldataren %60rekin mugatzeak ekarriko du emakume horiek pairatzen duten soldata arrakala betikotzea, eta oro har, lanbidearteko gutxieneko soldata jasotzen duten langileak pobreziara kondenatzea».

LABek ontzat jo du gutxieneko soldata %5 igotzea, baina esan du «oso urrun» geratzen dela Hego Euskal Herriko egoera sozioekonomikotik, eta berak aldarrikatzen duen 1.400 euroko SMItik. Atzo emandako mezua berretsi du sindikatu horrek: «Hego Euskal Herriko langileen artean bitik batek ez du bere beharrak asetuko dituen behar besteko diru sarrerarik: langabezian dagoelako, ez daukalako enplegurik edo 1.400 euro azpiko soldatak dituelako».

Horren aurrean, iragarri du bilerak eskatuko dizkiela gainerako sindikatuei, gobernuei eta patronalei, gutxieneko soldata handiago bat ekarriko lukeen lan harremanak arautzeko marko bat lortzeko.

%0,5

Langile publikoen 2023ko soldata beste %0,5 igotzea onartu du Espainiako Gobernuak. Igoera hori atzerako eraginez jasoko dute Hego Euskal Herriko langile publikoek. Guztira, %3,5 handitu ziren iaz haien soldatak. 2024rako, %2ko igoera finkatu du Madrilek, eta beste %0,5 inflazioa oso handia bada, baina aurrekontuak onartu arte ez da indarrean jarriko. 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.