Enpresak

Haizea Windek 295 langile kontratatu nahi ditu bere lantegi berrirako

Galdaragileak, soldatzaileak, garabi gidariak eta ingeniariak behar ditu, besteak beste.

Haizea Winden lantegia, Bilboko portuan, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Iker Aranburu.
2023ko urriaren 17a
11:52
Entzun

2023. urtea bukatu bitartean 295 langile kontratatzeko asmoa du Haizea Windek, Bilboko portuan eraiki duen lantegi berrirako. Haizea Bilbao izena izango du fabrikak, eta zutabe edo ziri bakarreko dorreak eraikiko ditu bertan. Itsas azpiko lurrean finkatzen diren 130 metroko altzairuzko dorreak dira, eta hari lotzen zaizkio haize errotak.

Gaur egun, 10-12 megawatt-eko haize errotentzat, zutabe bakarreko dorreek 8-9 metroko diametroa dute, 80-90 metro luze dira eta 1.500 tona inguruko pisua dute. Neurri horietako piezak egiteko gai den Europako fabrikatzaile gutxietako bat da Haizea Bilbao. Etorkizunean, 20 megawatt bitarteko haize errotekin arituko da; zutabe bakarrekoek 14-15 metroko diametroa izango dute, 130 metro luze ere izango dira eta 3.500 tona bitarteko pisua izango dute.

Haizea Windek jakinarazi du galdaragileak, soldatzaileak, garabi gidariak, margolariak eta ingeniariak behar dituela. Kontratu egonkorrak agindu dizkie, «hedapen betean dagoen proiektu batean». Formakuntza jarraitua ere eskaini die, «Europako erreferentziazko fabrika batean».

Bizkaian, 2018. urtetik

Haizea Windek haize errotetarako dorreak eraikitzeko lantegi bat du 2018az geroztik Bilboko portuan, Zierbenako lurretan. Iazko otsailean iragarri zuen ziri bakarreko dorreak egiteko beste fabrika bat eraikitzeko asmoa zuela. Egungoak 48.000 metro koadro ditu, eta berriak 53.000 izango ditu. Alderik handiena egituraren altueran egongo da, ziri bakarreko dorreak handiagoak eta astunagoak baitira —3.500 tona bakoitzak— , eta toki gehiago behar da haiek mugitzeko. 150 milioi euroren inbertsioa egingo du.

Proiektua iragarri zuenean ziurtatu zuen planta berrian 350 behargin arituko zirela eta Danimarkako Orstded energia enpresak egindako eskaera bati erantzungo ziola haren bidez.

Lantegiaren lehen harria aurtengo martxoan jarri zuten, eta orduan jakinarazi zuten beste enkargu bat ere bazutela: ziri bakarreko 50 dorre eraikitzea Iberdrolaren Scottish Power adarrarentzat. Dorre horiek East Anglia Three parke eoliko erraldoian jarriko dituzte, Ingalaterra ekialdeko kostaldean, Ipar itsasoan. Parke horrek 1,4 gigawatt-eko ahalmena izango du, milioi bat etxebizitza hornitzeko adina.

Haizea Wind taldea 2017an sortu zen, Grupo WEC eta Tecnoaranda enpresak batzearen ondorioz. Lehen fabrika hurrengo urtean ireki zuten, Santa Fen (Argentina). Iaz, berriz, beste lantegi bat jarri zuten martxan, Haizea Breizh izenekoa, Brest-eko portuan (Bretainia).

Gaur egun, 1.200 langile ditu taldeak, eta, iaz, 250 milioi euroren salmentak egin zituen. Enpresaren bezerorik onena Siemens Gamesa da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.