Enplegu sorreraren aldetik hilabete ona izan ohi da maiatza, eta aurtengoa ez da salbuespena izan. Gizarte Segurantzak 10.389 afiliatu irabazi zituen hilabete horretan Hego Euskal Herrian, mende honetako batezbestekotik (7.666) nahiko gora. Horri esker, berriro ere marka ezarri du legearen barruan lanean ari direnen kopuruak: 1.365.038 langile.Â
Baina lanpostu asko sortzeak ez du ekarri aldaketa handirik langabeziaren erregistroan. Ohikoa denez, maiatzean apaldu egin da langabe kopurua (-690), baina aurreko urteetako maiatzetan baino nabarmen gutxiago da (-4.012 batez beste, 2001etik).Â
Aste Santutik aurrera sortzen diren lanpostu gehienak zerbitzuetakoak izan ohi dira, ostalaritzakoak horietako asko. Hala ikusten da sektorekako langabezian ere: zerbitzuek 963 langabe gutxiago dituzte, eta industriak, berriz, 154. Kontrako bidea egin dute azkenaldiko sektorerik indartsuenak, eraikuntzak (+5), eta, batez ere, aurretik enplegurik ez zutenek (+467).
Eta zerbitzuetan emakume asko aritzen direnez, haien artean jaitsi da gehien langabe kopurua: 604 gutxiago daude —gizonak, 86 gutxiago—. Edonola ere, langabe gisa erregistratuta daudenen artean hamarretik ia sei dira oraindik ere (%58,8). Eta, horrenbestez, haien artean langabezia tasa askoz handiagoa da gizonen artean baino: emakumeen %11,4 daude langabezian, eta gizonen %7,3.
Maiatzean egindako kontratuetatik, %24 izan dira mugagabeak. Urteko batezbestekoa da, iazkoa baino pixka bat handiagoa (%22,5), baina, ELAk nabarmendu duenez, Espainiakoa baino ia hogei puntu txikiagoa.Â
Erreakzio gazi-gozoak
Gobernuek ongi hartu dituzte datuak. Arantza Martinez Eusko Jaurlaritzako Enplegu zuzendariak nabarmendu du lan merkatuaren aldagai guztiek «bilakaera positiboa» izan dutela, eta frogatuta geratu direla «ehun ekonomikoaren sendotasuna eta enplegu politika aktiboen eraginkortasuna», nazioarteko egoera gorabehera. Azaldu duenez, ostalaritzan, industrian, osasunean eta gizarte zerbitzuetan izan da kontratazio gehien.
Nafarroako Gobernuak, bestalde, azpimarratu du langabe kopurua 680 murriztu dela bere eremuan, eta halako kopururik ez zela ikusten 2008ko maiatzaz geroztik. Langabeen %31,5 54 urtetik gorakoak dira, eta %26,1, berriz, 35 urtetik beherakoak.Â
Analisi ezkorragoa egin du ELAk, langabe kopuruaren jaitsiera motelari erreparatu baitio. «Nahiz eta maiatzean langabeziaren jaitsiera handiak erregistratu ohi diren, Hego Euskal Herrian erregistratutako langabeen kopurua 690 besterik ez da murriztu», esan du, eta gogorarazi du Nafarroari esker izan dela jaitsiera. Gainera, azaldu du gazteen langabeziak okerrera egin duela berriro (+190), eta 2019an baino gazte gehiago daudela langabezian.
Daniel Gonzalez EAEko UGTko enplegu arduradunak ontzat jo ditu datuak, haren ustez 2021eko lan erreformaren babesean ezarritako joera sendotu dutelako. Edonola ere, aitortu du UGTren sinadura daukan erreforma horrek ez dituela konpondu lan merkatuaren egiturazko arazo asko, hala nola langabeziaren feminizazioa, iraupen luzeko langabeziaren kronifikazioa eta kontratuen behin-behinekotasuna. Gainera, prezioen igoera handiaren ondorioz, «enplegu bat izateak ez du, berez, duin bizitzea bermatzen».
CCOOk, berriz, aipatu du langabeziaren jaitsiera moteltzen ari dela eta, dena den, langabe kopurua oraindik handiegia dela ikusita zenbat enplegu sortzen ari den.
Â
%20,99Â
Zenbat langabek jasotzen duten subsidioa. Ia-ia bikoiztu egin da subsidioa eskuratzen duten langabeen kopurua: %11 eskas ziren martxoan, eta %20,99 izan ziren apirilean. 570 euro da lehen sei hilabeteetan, 540 hurrengo sei hilabeteetan, eta 470 euro hortik aurrera. Langabezia sari arrunta —izandako soldatari lotuta dagoena—, berriz, langabeen %33,8k eskuratu zuten apirilean.