Belaunaldi erreleboa. Hori izango da lan merkatuaren erronka nagusia epe motz-ertainean. Lanbideren prospekzio behatokiko azterketaren arabera, hamar urtean 675.000 lanpostu betetzeko langileak beharko dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Horietatik 112.500 lanpostu berriak izango dira, hazkunde ekonomikoaren ondorioz sortutakoak. Beste 562.500 —hau da, %80 inguru— hutsik geratutakoak izango dira, batez ere erretiroak direla eta. Gaur egun, 390.000 lagunek jasotzen dute erretiro saria hiru lurralde horietan.
Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Ekonomia eta Enplegu sailburuak datu horiek gogorarazi ditu aste honetan egindako bi ekitaldi publikotan. Hala ere, ez du Lanbideren azterketaren xehetasun gehiago eman. «Trantsizio garai batean gaude, eta erronka handia dugu aurrean: talentua ordezkatu eta belaunaldien arteko erreleboa bermatu behar dugu. Horretarako, ezinbestekoa izango da aurrea hartzea jendea kualifikatzea eta enpresei laguntzea», nabarmendu du.
Ikusi gehiago
Ostegun honetan, Bilboko San Inazio auzoan Lanbidek duen egoitza berrituan egon da sailburua. Han, enplegu bulego publikoek belaunaldi erreleboan duten garrantziaz mintzatu da: «Egunero, aukera baten bila dabiltzan pertsonei eta talentua behar duten enpresei laguntzen diegu instalazio hauetan. Bi munduak lotzen dira: lana eta aukera».
Gaineratu du bere sailak baliabide teknikoak eta ekonomikoak jartzen dituela «inor atzean geratzen ez dela bermatzeko», eta haientzat lehentasuna dela «pertsona guztiek enplegu duina eta kalitatezkoa lortzea eta enpresek hazten jarraitzeko behar dituzten profilak aurkitzea».
«Enpresa kultura berri bat»
Horretarako azken urteetan Jaurlaritzak zenbait egitasmo abiatu dituela gogoratu du. Besteak beste, Lan Mentoring, belaunaldi arteko ezagutzaren transferentzia eta integrazioa sustatzeko; Morrokotudak, emakumeak sektore maskulinizatuetan sartzeko; +50 eta +45 programak; Lehen Aukera, 30 urtetik beherakoentzat; eta desgaitasunen bat dutenentzako planak.
Torresek gogorarazi du lan merkatutik kanpo geratzeko arriskuan daudela 50 urtetik gorakoak, migratzaileak eta ibilbide etena izan duten emakumeak, eta erakundeek eta enpresek elkar hartuta lan egin behar dutela haiek aktiboki txertatzeko. «Erreleboa ez da inposatzen: eraiki egiten da, plangintzaz, elkarrizketaz eta laguntzaz. Ezinbestekoa da ezagutzaren transmisioa sistematizatzea eta malgutasuna sustatuko duen enpresa kultura bat eraikitzea».