Lehenengo aldia da abiazioaren munduan horrelako ebazpen bat egiten dutena. Sophie Lainault hegazkineko zerbitzaria izan zen; 59 urte ditu, Angelun (Lapurdi) bizi da orain, eta bularreko minbizia du. Bi urte eta erdi daramatza borrokan CFDT sindikatuarekin batera bere gaixotasuna laneko baldintzekin lotzeko, eta bi komitek eman diote dagoeneko ezezkoa. Baionako Auzitegiaren ebazpena iritsi den arte: lehenengo aldiz onartu dute hegazkineko zerbitzarien lan baldintzek bularreko minbizia eragin dezaketela.
Auzitegiak tabakismo pasiboak izan duen eragina nabarmendu du. Izan ere, Lainaultek Air France enpresan egin zuen lan 1989. eta 2019. urteen bitartean, eta bertako hegazkinetan erretzeko aukera egon zen 2000. urtera arte. Gainera, ez dute beste faktorerik aurkitu zerbitzariaren kasuan minbizia garatzea azalduko lukeenik: ez faktore genetikorik, ezta bere ohiturekin zerikusirik duenik ere.
Ez da erraza izaten bularreko minbizia lan baldintzekin lotzen duten ebazpenak jasotzea, minbizi hori ez baita Frantziako gaixotasun profesionalen taula ofizialetan agertzen. Hala ere, beste lanbide batzuetan onartu izan dute lanak eragina zela; zehazki, gaueko lanaldiek, erradiazio ionikoek, erradiazio kosmikoek edo substantzia kimiko batzuek eragina, Lainaulten abokatu Elisabeth Lerouxen arabera. «Erizainei, industria langileei eta segurtasuneko langileei onartu izan diete hori. Nik dakidala, hegazkinetako zerbitzari bati aitorpena egiten zaion lehen aldia da».
Helegiterik ez badago, ebazpena behin betikoa bihurtuko da. Orduan, aitorpenak erretiroa lehenago hartzeko aukera eskainiko lioke Lainaulti, eta gauza bera nahi du bere egoeran dauden beste zerbitzarientzat ere: «Nire desiorik handiena da orain arte ausartu ez diren beste emakume batzuei bidea irekitzea», esan du.
Air France konpainiak esan du ez duela prozedura honetan parte hartu, eta ez duela erabakien oinarrien berri izan. «Gure langileen osasuna eta laneko segurtasuna lehentasunak dira guretzat», adierazi du, eta hori ziurtatzeko duen prozedura nabarmendu.
Â