Hegazti gripeak bultzatuta, arrautzen prezioa %25,9 handitu da azken urtean

Ekoizle handiek gehiago garestitu dituzte txikiek baino, haien artean eragin zabalagoa duelako gaitzak. Sektoreak dio ez dela arrautzarik faltako, baina ohartarazi du prezioak ez direla apalduko.

Arrautzak Nafarroako oilategi batean, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Arrautzak Nafarroako oilategi batean, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Igor Baigorri Perez (2)
2025eko azaroaren 14a
09:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Batzuetan ez bezala, oraingoan bat datoz kaleko elkarrizketa beroak eta estatistika hotzak: arrautzen prezioa asko garestitu da azken hilabeteetan. Zehazki, Hego Euskal Herrian duela urtebete baino %25,9 garestiago daudela esaten du gaur kaleratutako KPI kontsumo prezioen indizeak. Baina datu horren atzean errealitate desberdinak ezkutatzen dira: ekoizle handi batzuek %30 garestitu dituzte arrautzak, baina herriko azoketan zentimo gutxi batzuk igo dituzte prezioak. Hegazti gripea da garestitze horren arrazoi nagusietako bat, eta, ikusita gaixotasunaren aurka zer-nolako neurri gogorrak hartzen ari diren, sektoreak ez du espero laster batean arrautzak merkatzerik. 

«Esaten denean arrautzen prezioa %30 garestitu dela azken urtean, komeni da zehaztea zein arrautzen inguruan ari garen hitz egiten», adierazi du Nafarroako oilategi bateko jabeak —ez du izena eman nahi izan—. Izan ere, nazioartean dagoen eskasiari egozten zaio oraingoan prezioen gorakadaren zergatia, eta, hortaz, ekoizle handiak —esportatzen dutenak— dira prezioak gehien igo dituztenak.

Azalpenetan bat dator Alex Garmendia Euskal Ovo Km0 kooperatibako gerentea. «Hegazti gripeak eskasia sortu du Espainian, Europan eta AEBetan; hortik dator dena», esplikatu du. «Gaixotasun potentea» da hori oiloentzat, eta, oilo bakarra kutsatuta ere, araudiak eskatzen du oilategiko denak sakrifikatzea. Horrek galera handiak ekartzen ditu, abere askoko oilategietan bereziki.

Aire bidez transmititzen da hegazti gripea, eta kasurik larrienetan animalia hil egiten da. Gizakientzat, ordea, ez da arriskutsua: abereekin oso harreman estua izan duten gizakiengan ere sortu ditu kasu gutxi batzuk, baina ez dira larriak izan. Oso kutsakorra denez, hura gelditzeko bide bakarra inguruko animalia guztiak hiltzea da.

Bere eremuan 2,65 milioi oilo hiltzeko agindu du aurten Espainiako Nekazaritza Ministerioak, oilo guztien %5; eta azken asteetan hamalau kasu agertu direla azaldu zuen astearen hasieran. Frantzian eta Alemanian ere kasuak ugaritu egin dira azkenaldian, eta Euskal Herrian ere batzuk atzeman dira hegazti basatietan, baina ez oiloetan. Edonola ere, ostegunean, ministerioak etxeko hegaztiak konfinatzeko agindu zuen Hego Euskal Herri osoan. Debeku hori urriaren 22tik dago indarrean Ipar Euskal Herrian.

Hainbat oilo Nafarroako oilategi batean, artxiboko irudian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Hainbat oilo Nafarroako oilategi batean, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Ziurgabetasuna eta beldurra zabaldu dira, epidemiak beste zenbaitetan baino indartsuagoa baitirudi oraingoan. Haatik, ez da kontu berria. Azken urteetan hainbatetan izan da indarrean konfinamendu agindua Ipar Euskal Herriko etxaldeetan —ahateak dira han nagusi—. Haren aurka egin izan du ELB sindikatuak: hazkuntza industrialaren ereduari leporatu izan dio epidemia, eta nabarmendu izan du kanpoko hazkuntzak ez duela arazorik sortzen; hain justu, eredu hori da nagusi Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako baserrietan.

Ereduaren eragina

Arrautzen sektorean ere, Euskal Herriak baditu berezitasunak. «Hemen ekoizten dena hemen jaten da. Normalean ez da esportatzen», azaldu du Garmendiak. Baina Espainiako eta Frantziako ekoizpena, aldiz, bestelakoa da. «Espainia gainproduktorea da, eta esportatu egiten du. Orain, lau enpresak dute Espainiako produkzioaren erdia, eta haiek dute negoziaziorako giltza. Aprobetxatuz eskasia dagoela, prezioa igo dute».

«Orain, lau enpresak dute Espainiako produkzioaren erdia, eta haiek dute negoziaziorako giltza. Aprobetxatuz eskasia dagoela, prezioa igo dute»

ALEX GARMENDIA Euskal Ovo Km0-ko gerentea

Hari beretik tiraka, Markel Etxebarria EKA Euskal Kontsumitzaileen Alkarteko bozeramaileak azaldu du kontzentrazioa zenbat eta handiagoa izan orduan eta errazagoa dutela ekoizle handiek prezioak finkatzea, eta orduan eta ahulagoak direla neurri apalekoak. «Ekoizle txikiek eta ertainek benetan sufritu dituzte kostuen igoerak. Marjina estuekin egiten dute lan, eta ez dute irabazi historikorik lortzen. Katearen barruan oso ahulak dira, eta kontsumitzaileok gara beti katearen zutaberik ahulena. Hemen jarri behar dugu arreta».

Sektorearen erronkak

Euskal Herrian, ekoizleen gehien-gehienak txikiak dira, baina horiek ere jarri behar diote prezioa dozenari. Euskal Ovo kooperatibako gerenteak adierazi du azken urtean ez dituztela prezioak «apenas igo», eta Nafarroako ekoizleak esan du azken urtean %6-7 garestitu dituela bere produktuak. «Ekoizle txikien arrautzak gutxiago garestitu dira, eta arrazoi askorengatik izan da igoera. Batetik, —eta ongi dago onartzea— ez dira gauza bera kalitate handiko eta gertuko arrautzak edo urrutiko makroukuilu batekoak. Prezioan ere nabaritu behar da aldea. Bestela ez du zentzurik», nabarmendu du Nafarroako ekoizleak.

Baina, horretaz aparte, sektoreak «erronka handiak» dituela esan du Etxebarriak. «Ekoizpen kostuen gorakada» aipatu du, baita sektoreko «araudi zorrotzak» ere. EKAk aztertu du pentsua, energia, garraioa… dena ari dela garestitzen, eta sentsazio bera du Nafarroako ekoizleak ere: «Irudipena dut Ukrainako gerraz geroztik urteak daramatzatela kostuek igotzen. Garai hartan, garestitze hori ez zen guztiz islatu arrautzen prezioan. Baina, orain, gauzak dauden moduan…».

6

Zenbat arrautza gehiago jaten diren urtean. Arrautzen kontsumoak gora egin du azkenaldian. 2024koa da azken datua, eta esaten du batez beste Hego Euskal Herrian 176 arrautza jaten dituela urtean pertsona batek, aurreko urtean baino sei gehiago.

Egoerari aurre egiteko neurriak «hainbat mailatan» hartu behar direla esan du Etxebarriak. Lehenik, azpimarratu du administrazioari eskatu behar zaiola «kate osoaren gaineko kontrola eta gardentasun handiagoa sustatzeko». Bigarrenik, banaketa enpresei «ardura handiagoa» eskatu die prezioak ezartzeko orduan: «Errealitate bat da krisiak aprobetxatzen dituztela marjinak handitzeko». Eta azkenik, kontsumitzaileak bultzatu ditu «tokiko eta gertuko produktuak» aukeratzera.

«Prezioak ziurrenik ez dira izango pandemia aurrekoen parekoak. Horregatik, guretzat gakoa ez da soilik prezioa, baizik eta zenbateko marjina lortzen duen katearen atal bakoitzak»

MARKEL ETXEBARRIA EKAko bozeramailea

Etorkizunean, Garmendiaren arabera, egongo dira arrautzak. «Batez ere zenbait distribuzio handik egin dute mugimendu hau, arrautzarik gabe ez gelditzeko, baina ez dago aurreikusita Euskal Herrian arrautzen falta izatea». Hala ere, adierazi du prezioan ez dela aldaketa handirik izango: «Jaitsi daiteke, baina dagoen kontzentrazioak ez du lagunduko. Handi guztiek asko garestitu dute prezioa, eta txikiak, berriz, hari eusten saiatu gara».

Antzera mintzatu da Etxebarria: «Prezioak ziurrenik ez dira izango pandemia aurrekoen parekoak. Horregatik, guretzat gakoa ez da soilik prezioa, baizik eta katearen atal bakoitzak zenbateko marjina lortzen duen».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.