Etxeko energien prezioek eusten diote inflazioari

Ura, gasa eta argindarra iaz baino %11,9 garestiago daude. Jakien artean, arrautzek eta behikiak izan dute igoerarik handiena.

Argindar faktura bat. EDUARDO OYANA / EFE
Argindar faktura bat. EDUARDO OYANA / EFE
jokin sagarzazu
2025eko azaroaren 14a
11:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Joera aldaketa bat nagusitzen ari da kontsumo produktuen prezioetan. Igotzen jarraitzen dute, baina aurreko hilabeteetan baino indar handiagoz: berriz ere %3tik gora Hego Euskal Herrian, INEren arabera. Otsailetik urte arteko inflazio tasa %3tik behera ibili ostean, prezioen bilakaera neurtzen duen indizeak berriz ere gainditu du langa hori urrian, %3,1ean kokatuta. Iraileko tasa baino hamarren bat gutxiago da hori, baina iazko urrian baino bederatzi hamarren gehiago.

Igoeraren atzean, neurri handi batean, iazko urrian energien salneurrietan izandako beherakada handiak daude. Haiekin alderatuta, aurreko urteko urriko igoerak baino dezente handiagoak izan dira aurten, eta horrek inflazioa gorantz bultzatu du.

Hain zuzen, kontsumo gaien zerrendako osagairik aldakorrenak —erregaiak eta elikagai freskoak— kontuan hartzen ez dituen azpiko inflazioan askoz apalagoa izan da urte arteko igoera: hamarren batekoa. Tasa %2,4ra eraman du horrek.

Dena den, bai inflazio tasa orokorra eta bai azpiko inflazioa ere euroguneko batez bestekoen gainetik dabiltza, eurogunean oro har ekonomia motelago baitabil. Euskal Herrian izandako hazkundeak eta langabeziaren murrizketak gastua erraztea ekar dezakete, eta horrek eskariak bultzatutako prezio igoerak indartu ditzake. Inflazioaren bilakaerak eragina du, halaber, soldatetan eta bereziki pentsioetan, horiei lotutako eguneratzeengatik.

Erregaiak, behera

Elikagai jakin batzuk baina bereziki etxeko energiak bultzatzen ari dira kontsumo produktuen prezioen igoera orokortua. Ura, argindarra eta gasa iazko urrian baino %11,9 garestiago daude, eta beste koska bat igo dira irailetik: %2,03. Neguaren etorrerarekin gas biltegiak bete behar izaten dira, Europako iparraldean bereziki, eta horrek erregai horren garestitzea ekarri ohi du. Gainera, Iberiar penintsulan maiatzean izandako itzalaldiaren ondorioz, elektrizitatea sortzeko gas gehiago erabiltzen ari dira, iturri berriztagarrien kaltetan, eta horrek ere prezioak igoarazi ditu.

Bestelakoa da erregaien kasua. Ia ez dago alde handirik iazko urriko prezioekin alderatuta: %0,3 merkeago daude, eta irailetik igoera txiki bat izan dute, %0,13koa. Urrian, besteak beste, 1,489 euro ordaindu da gasolina litroa Hego Euskal Herrian, eta 1,415 euro gasolioarena. Petrolio herrialde ekoizleek denbora daramate merkatuan erregai gehiago sartzen, eta kontsumoa ez da beste urteetako erritmoan hazten ari, besteak beste elektrifikazioaren eraginez.

Erosketa saskia, garestitzen

Herritarrek, baina, badute kezkatzeko motiborik. Elikagaien prezioek ere goranzko joera hartu dute, eta haien urte arteko garestitzea irailean baino lau hamarren handiagoa izan da: %2,9tik %3,3ra igo da.

Arrautzena da kasurik nabarmenena: iazko urrian baino %25,9 garestiago daude. Azken hilabeteetan nabarmen egin du gora jaki horren prezioak, eta irailetik urrira beste %3,6 igo da. Hegazti gripea da garestitze horren arrazoi nagusietako bat, eta baliteke Espainiako Gobernuak hegazti haztegi guztiak ixteko ezarritako debekuak are gehiago igotzea prezioak datozen aste eta hilabeteetan.

Behikiaren prezioaren bilakaera ere deigarria da: batez beste %21,7 garestiago dago iazko urrian baino. Hilabetez hilabete gora egiten ari den beste salgaietako bat da; irailetik urrira beste %4 igo da. Ardikia ere iaz baino %10 garestiago dago, eta ohikoa izaten da neguan eta Gabonen bueltan haren prezioek gora egitea.

Iaztik nabarmen garestitu dira, halaber, kafea, kakaoa eta infusioak: %15. Azken urteetan herrialde ekoizleetan izaten ari diren uzta txarrek eragin dute beste behin lehengai horien prezioen igoera. Baina talde horretan badira aldeak: kafea bere inoizko prezio handienetik oso gertu dago nazioarteko merkatuetan, baina kakaoaren prezioa, berriz, beherantz egiten hasi da, Afrika Mendebaldean uzta hobea espero delako aurtengo uztan —urritik martxora—.

Horren ifrentzua olioa da: oro har, iaz baino %35,7 merkeago egon da urrian, garai batean oliba olioa izugarri garestitu zuten faktoreak desagertu baitira. Dena den, irailetik urrira %4,6ko igoera izan du. Azukrea ere urtebetean beherakada handia izan duen beste salgaietako bat da (-%14,8).

Aldiz, fruta freskoak goranzko joera hartu du: iaz baino %8,2 garestiago dago. Azken hilabeteetan gehien garestitu den salgaia izan da (%8,8). Kontserbako frutaren eta fruitu lehorren prezioak ere %7,9 igo dira iaztik. Arrain freskoek eta izoztuek, berriz, %6,7 egin dute gora.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.