Hegaztien konfinamendua kendu dute Hego Euskal Herrian, hemezortzi eremutan izan ezik

Espainiako Gobernuak neurria indarrean mantenduko du Nafarroako hamabi herritan eta Arabako seitan.

Oiloak konfinatuta, San Martin Unxeko ustiategi batean, Nafarroan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Oiloak konfinatuta, San Martin Unxeko ustiategi batean, Nafarroan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
jokin sagarzazu
2026ko apirilaren 1a
16:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako Gobernuak bertan behera utzi du hegazti gripeagatik ustiategietako hegazti guztiak konfinatzeko agindua Hego Euskal Herrian, baina neurriak indarrean jarraituko du arrisku handikotzat jotako hemezortzi eremutan, hezegune eta hegazti migratzaileen atsedenlekuetatik gertu daudelako.

Zehazki, Nafarroako hamabi herri hauetan mantenduko du debekua: Pitillas, Arguedas, Valtierra, Viana, Corella, Tutera, Murchante, Cascante, Ablitas, Barillas, Zarrakaztelu eta Tafalla. Araban, berriz, seitan: Arratzua-Ubarrundia, Barrundia, Burgu, Legutio, Gasteiz eta Zigoitia.

Espainiako Nekazaritza eta Elikadura Ministerioak 2025eko azaroaren 13an ezarri zuen ustiategietako hegazti guztiak konfinatzeko agindua, gaitzaren hedapen arriskua handitu zelako, eta hegazti migratzaileen eta etxekoen arteko kontaktua saihesteko. Astebete lehenago, arrisku handiko eremuetara mugatu zuen neurria.

Ordutik, agintariek astero aztertu dute egoeraren bilakaera. Azken asteotan, ordea, hegazti migratzaileen jatorrizko eremuetan gaitzak izan duen bilakaera eta eguraldi iragarpenak kontuan hartuta, egokitzat jo dute konfinamendu orokorra etetea. Hala ere, ministerioak nabarmendu du ezinbestekoa dela ustiategietan biosegurtasun neurriak zorrotz betetzea, bereziki hegazti migratzaileekin kontaktua izan dezaten eragozteko.

Adituen arabera, gaixotasunak hegaztiei baino ez die eragiten, eta ez da gizakietara transmititzen, ez zuzeneko kontaktuaren bidez, ezta animalia horien haragia, arrautzak edo eratorriak kontsumituta ere. Dena den, hildako hegaztiekin edota sintomak dituztenekin kontakturik ez izatea gomendatzen dute.

Eusko Jaurlaritzak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek ontzat jo dute neurriak arintzea. Azpimarratu dute hilabeteetako murrizketen ondoren ustiategi askok «arnasa hartuko» dutela eta ohiko jarduerara itzultzeko aukera izango dutela.

Bestalde, behiei eragiten dien dermatitis nodularrari dagokionez, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza Sailak jakinarazi du «irtenbide berriak» aztertzen ari dela Madrilek Arabara eta Bizkaira txertaketa zabaltzea baztertu ostean. Gipuzkoan eta Nafarroan, berriz, dagoeneko hasi dira ustiategi guztietako abere txertatu gabeak txertatzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA