Helburu handia jarri du Eusko Jaurlaritzak 2030era begira: urte horretarako EAEko sare elektrikoa %50 handitzea, hau da, 6.000 megawatt. Ez da nolanahiko proiektua, eta, hortaz, ez du nolanahiko esfortzua eskatuko: zehazki, 1.300 milioi euroko inbertsioa eta 18.000 langileren eskulana. Hala adierazi du gaur Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuak, Iberdrolaren I-DE banaketa enpresako eta Espainiako Red Electricako ordezkariekin eginiko agerraldian.
Izan ere, hiru erakunde horiek, Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko foru aldundiekin batera, Euskadiko Sare Elektriko Berrirako Mahaia osatu dute, proiektua aurrera eramateko esku hartzeak azkartzeko helburuarekin: izan ere, ahalmen elektrikoa handitzeko, hiru lurralde horietako azpiestazio ia guztietan jardungo da —hogei esku hartze baino gehiagoren bidez— eta beste hamar azpiestazio parke sortuko dituzte. Mahai hori lehen aldiz bildu da gaur, eta aurrerantzean sei hilabetean behin batzartuko da egitasmoaren bilakaera aztertzeko, datorren urteko urtarrilean hasita.
Sare elektrikoaren potentzia handitzeko asmoa gauzatzeko, Iberdrolak 900 milioi euro ipiniko ditu bere poltsikotik; gainontzekoa —369 milioi, alegia— Espainiako Red Electricaren kontrolpeko Redeia enpresak. EAEko argindar garraiorako sarearen 2030erako plangintza berritua joan astean aurkeztu zuen Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzaren onespenarekin, eta, Jauregiren hitzetan, egitasmoa aurrera ateratzeko «denen elkarlana» beharko da, eta euskal industriaren «kezka nagusienetako bati» erantzungo dio: «Entxufe eskasiari».
Palankak
«Lehenbailehen hasi behar dugu lanean, azpiegitura berriak ahalik eta azkarren izan ditzagun eskuragarri», adierazi du sailburuak. Horretarako, jakinarazi du «bi palanka» daudela: batetik, Autobide arautzailea deituriko lege proposamena, «interes publiko eta estrategikokoak diren proiektuak» tramitatzeko epeak 24 hilabetetik seira murriztuko lituzkeena. Hori bai, ikustekoa da onartzen ote duten, Eusko Legebiltzarrean bozkatzekoa baita.Â
Besteak enpleguarekin dauka lotura. Aurreikusten dute proiektuak 18.000 lanpostu baino gehiago sortuko dituela zuzenean eta zeharka. Horren harira, Jauregik esan du ezinbestekoa izango dela «talentu gaztea» erakartzea eta garatzea sare elektrikoaren sektorean: hain zuzen, sailburuak iragarri du Jaurlaritzak horretarako lantalde bat sortuko duela Lanbiderekin, lanbide heziketako eragileekin eta sare elektrikoa handitzeko egitasmoan inplikatutako enpresekin, sektorean «espezialistak» izango diren langileak izateko.
Nafarroan ere sare elektrikoa hedatzeko lanak egingo dituzte hurrengo urteotan. Hamasei azpiestaziotan ahalmena handituko dute, eta sare elektrikoa 243 kilometro luzatzeko asmoa daukate.