Hego Euskal Herrian sare elektrikoaren potentzia handituko duen plangintza, zurian beltz

Argindarraren garraio sarearen ahalmena handitzeko plana onartu du gaur Ministroen Kontseiluak; dokumentua Eusko Jaurlaritzarekin eta Nafarroako Gobernuarekin adostu du, besteak beste.

Abantoko (Bizkaia) azpiestazio elektrikoa duela gutxi handitu dute. RED ELECTRICA
Abantoko azpiestazio elektrikoa duela gutxi handitu dute. RED ELECTRICA
Irune Lasa.
2026ko azaroaren 20a
14:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Datu zentroen araudiarekin batera, argindarraren garraiorako sarearen 2030erako plangintza berritua aurkeztu du gaur Espainiako Gobernuak. Azpiegiturarako inbertsioak 17.000 milioi eurora iritsiko dira moldaketa dela eta, eta haren inguruko negoziazioak ere arantzatsuak izan dira, erkidego zenbait —Madril eta Aragoi, besteak beste— ez baitaude konforme plangintzan esleitu zaien potentzia gehigarriekin.

Euskal Herrian, ados geratu dira Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua, biek akordioak egin baitituzte Sara Aagesenen ministerioarekin. Mikel Jauregiren saila izan zen lehena, eta Jaurlaritzako Industria sailburuak asmoak zurian beltz idatzita izatearen garrantzia azpimarratu du gaur. «Behin betiko bertsioak jasotzen du Eusko Jaurlaritzaren eskaera: Euskadiko sare elektrikoaren potentzia %50 handitzea. Horren ondorioz, Euskadiko potentzia elektrikoa 6.000 megawatt handituko da».

Jauregik azaldu du «inoiz ez bezalako inbertsio hau» eraldatzailea izango dela euskal industrian, deskarbonizaziorako eta inbertsio estrategikoak erakartzeko. «%50eko potentzia gehigarri hori lortzeko, azpiestazio ia guztietan jardungo da, hogei esku hartze baino gehiagoren bidez eta beste hamar azpiestazio parke sortuko dira».

Mikel Irujo Nafarroako Gobernuko Industria kontseilariak denbora eta negoziazio gehiago behar izan ditu, baina urri bukaeran egin zuen akordioa ministerioarekin, eskatzen zuen ia guztia lortuta. Nafarroako sare elektrikoak 1.600 megawatt gehiago hartzeko gaitasuna izango du. Hegoaldean beste azpiestazio parke bat egiteaz gain, orain plangintzak industriarentzat giltzarri diren eremuetako bost azpiestazioren zabalkundea jasotzen du.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA