Hego Euskal Herriko bost langile ordezkaritik bat LABekoa da

Azken kontaketaren arabera, sindikatu abertzaleak ordezkaritzaren %20,02 du. ELAk CCOO gainditu du Nafarroan, eta lurraldeko sindikatuetan bigarrena da jada.

LABen banderak Maiatzaren Lehenean, Donostian. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
LABen banderak Maiatzaren Lehenean, Donostian. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2026ko maiatzaren 27a
13:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

LAB sindikatua da azken urtean Hego Euskal Herrian ordezkaritza handitu duen klase sindikatu bakarra. LABek berak hauteskunde sindikalei buruz emaniko datuen arabera, langile batzordeetako ordezkarien %20,02 haienak dira gaur egun. Igor Arroyo koordinatzaile orokorrak garrantzi berezia eman dio %20ren langa igarotzeari. Halaber, sindikalismo abertzaleak Nafarroan izandako bilakaera nabarmendu du; izan ere, ELAk aurrea hartu dio CCOOri, eta lurraldeko sindikatuetan bigarrena bilakatu da.

LABek agerraldia egin du datuak emateko. Argazkian ondo ageri direnean egiten dituzte  sindikatuek horrelako agerraldiak, eta halaxe egin du LABek ere oraingoan. Hain zuzen, ordezkaritzaren apirilaren 30eko argazkia aztertu du sindikatu abertzaleak, irailean hasiko den garai mamitsuaren atarian —ordua da hastekoa hauteskunde sindikalen aldia—. Halaber, lau klase sindikatu handienen bilakaera aletu du (ELA, LAB, CCOO eta UGT).

Arroyok azaldu du ordezkaritza zabalkunde betean dela, eta haiek inoizko ordezkari gehien dituztela. Berez, 2024ko abenduaren 31ko datuei erreparatuta, lau sindikatuek irabazi dituzte ordezkariak; horregatik erreparatu behar zaio j batezbestekoari jakiteko benetako bilakaera zer-nolakoa den. Bada, tarte horretan LAB %19,74tik %20,12ra igaro da (+0,38); ELA %35,79tik %35,76ra (-0,03); CCOO %19,36tik %19,06ra (-0,30) eta UGT %14,26tik %13,99ra (-0,27).

Duela hamabost urteko egoerari begiratuz gero —2010eko abenduaren 31koari— batezbestekoen aldea nabarmena da: LABek 4,79 puntu irabazi ditu, eta ELAk, berriz, 0,24; kontrara, CCOOk 2,2 galdu ditu,  eta UGTk 3,28.  

%2,7

Afiliazioa zenbat igo den LAB sindikatuak 52.170 afiliatu ditu, eta kopurua %2,7 handitu da azken hamasei hilabeteetan. Izen emate horien %51,08 emakumeenak izan dira.

Arroyoren ustez, langileek LABen inguruan duten ikuskeragatik igo da sindikatuaren afiliatu kopurua: «Ikusi dute guk bultzatzen dugun sindikalismo eraldatzailea beharrezkoa, bideragarria eta eraginkorra dela». Bestalde, iragarri du CCOOren eta UGTren beherakada areagotu egingo dela; batetik, «kapitalaren esku dauden jostailuak» izateagatik, eta bestetik, euskararen auzian duten jarrerarengatik.

Lurrikara Nafarroan

EAEko eta Nafarroako datuak ere xehatu ditu, eta Nafarroan izandako «aldaketa esanguratsua» aipatu. «Lurrikara moduko bat» izan dela nabarmendu du, eta blokekako azterketa egin: abertzaleak batetik eta CCOO eta UGT bestetik. Hamabost urtean, CCOOren eta UGTren ordezkaritza %55,96tik %48ra jaitsi da; abertzaleenak, aldiz, gora egin du, %33,62tik %41,56ra. Datu deigarri bat ere bada, ELAk aurrea hartu dio CCOOri, Nafarroako sindikatuetan bigarrena da.

«Bi blokeen arteko aldea 22 puntu baino gehiagokoa zen lehen, eta zazpi puntu baino gutxiagokoa orain», azaldu du Arroyok, eta aldaketa horren «eragile nagusia» LAB izan dela ziurtatu. Era berean, esan du UGT Nafarroako lehen sindikatuaren (%24,52) eta LABen (%18,03) arteko aldea hemezortzi puntutik seira jaitsi dela.

Irailean, aldi mamitsua

Azterketa hauteskunde sindikalen aldiaren aurretik eginikoa  dela esan du Arroyok, baina zer da garai mamitsu hori? Aurtengo irailetik 2027ko maiatzera arteko tartean, enpresa eta erakunde askotako hauteskundeak egingo dira. Ordezkarien erdiak egongo dira jokoan, eta, hortaz, hauteskunde horiek azterketa zorrotza izango dira sindikatuentzat. Hego Euskal Herrian, askatasun sindikala ezarri zenean egin ziren lehen hauteskundeak, eta lau urteko indarraldia aitortu zitzaien. Hori dela eta, enpresa historiko askotako hauteskundeak garai bertsuan egiten dira. Horietaz gain, beste gertakari garrantzitsu batzuk ere aipatu ditu: otsailean irakaskuntza publikoko hauteskunde asko egingo dira, eta maiatzean Nafarroako administrazio ia osokoak. Azken horiek egun bakarrean egiten dira.

oit-REN BILKURARA JOANGO DA LAB, LEHEN ALDIZ 

LABek OIT Lanaren Nazioarteko Erakundearen aurtengo bilkuran parte hartuko du. Foro horretara joango den aurreneko aldia izango da —ELA, CCOO eta UGT joan izan dira—, eta ekainaren 1etik 12ra egingo da, Genevan (Suitza). Han, besteak beste, lanaldia murriztearen inguruko mahai inguru batean parte hartuko du. Arroyok, dena den, zehaztu du kritikoak direla erakundeak azken urteetan hartu duen norabidearekin. Argitu du zuzendaritzako hamar kideetatik zortzi Sindikatuen Nazioarteko Konfederazioko kideak direla, eta elkarte hori elkarrizketa sozialaren aldekoa dela, «prestigio guztia galdu duen sindikalismo eredu baten» aldekoa, haren hitzetan. Munduko Federazio Sindikaleko kide batek eta Txinako beste batek osatzen dute zuzendaritza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA