Hego Euskal Herriko erakundeek zorra 600 milioi jaitsi zuten iaz

Eusko Jaurlaritzak BPGaren %12,4ko zorra du, ehunekorik txikiena 2012az geroztik. Nafarroak bi puntu kendu dizkio bere zorrari, %12raino.

Aldundietako ordezkariak otsaileko Finantzen Euskal Kontseiluan. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Aldundietako ordezkariak otsaileko Finantzen Euskal Kontseiluan. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Iker Aranburu.
2024ko martxoaren 27a
14:30
Entzun

Zorraren zama nabarmen arindu zuten iaz Hego Euskal Herriko erakundeek. Espainiako Bankuaren arabera, 2023. urtearen amaieran 17.264 milioi euro zor zituzten Jaurlaritzak eta lau foru erakundeek, urtebete lehenago baino 616 milioi euro gutxiago (-%3,5). Eusko Jaurlaritzak 10.661 milioi euro zor ditu (-160 milioi), 2.951 milioi Nafarroako Gobernuak (-207 milioi), eta 3.036 milioi hiru aldundiek (-249 milioi).

Zorraren kopuru osoa txikitzen duten bigarren urtea da, eta jada atzean utzi dute 2021eko marka, 17.684 milioi eurokoa.

Edonola ere, zorra barne produktu gordinean duen pisuaren arabera neurtzea da ohikoena, horrek ematen baitu zor den diru horren zama errealago bat. Alde horretatik ere, 2023. urteak arindu handia ekarri du.

Eusko Jaurlaritzak, esaterako, 1,2 puntu jaitsi du zorrak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako BPGan duen pisua, %12,4raino. 2012. urteraino joan behar da halako ehuneko txiki bat ikusteko. Urterik okerrena 2020a izan zen (%16,2), COVID-19aren ondorioz ekonomia hondoratu eta gastu publikoa handitu baitzen.

Urte hartan, %19,2raino iritsi zen Nafarroaren zorra, baina hori are gehiago jaitsi da: 2022. urtea %14ko zorrarekin amaitu zuen, eta %12raino jaitsi da 2023an. 2010era egin behar da atzera portzentaje txikiago bat ikusteko.

Bankuak eta bonuak

Nafarroako Gobernua batez ere bankuekin dago zorpetuta (%64), baina ez, ordea, Jaurlaritza: bankuei 2.574 milioi zor dizkie, eta 7.161 milioi, berriz, bere bonuak erosi dituzten inbertitzaileei. Azken urteetan, Gasteizko gobernuak batez ere bonu jasangarriak erabili ditu bere burua finantzatzeko. Azken operazioaren berri otsailean eman zuen Pedro Azpiazu Ekonomia eta Finantza sailburuak.

%107,7

Espainiako erresumak 70.955 milioi euro handitu zuen iaz zorra, 1,547 bilioi euroraino. Hala ere, zor horrek BPGan duen pisua ia lau puntu apaldu da, %107,7raino. Zor horren zatirik handiena administrazio zentralari dagokio (%98,1), eta hark handitu zuen iaz gehien (+%5,5). Erkidegoek —Nafarroak eta EAEk barne—, BPGaren %22,2 zor dute, eta tokiko erakundeek —udalek eta aldundiek—, %1,6. Gizarte Segurantzaren zorra ere asko handitu da (+%9,4), baina hark administrazio zentralarekin hartu du zorra, pentsioak ordaindu ahal izateko, eta ez zaie, beraz, besteei gehitu behar.

Foru aldundiek, ordea, finantza erakundeetara jo ohi dute finantzaketa bila, eta gaur egun zor dutenaren bi heren baino gehiago epe luzeko maileguak dira.

Udalek bankuak erabiltzen dituzte beren gastuak eta inbertsioak finantzatzeko. Bilbok, baina, oso gutxi jotzen du haiengana. Espainiako Bankuaren arabera, ia ez du zorrik haiekin: 30 milioi euro. Konparazio baterako, Bartzelonak 1.333 milioi euro zor ditu, eta Madrilek, 1.960 milioi. 

kalifikazio agentzien onespena

Zorra interesekin ordaindu behar izaten da, eta interes horiek gutxitzeko modu on bat kalifikazio agentzien onespena izatea da. Hala gertatzen zaie Hegoaldeko gobernuei. Aste honen hasieran, Moody's agentziak berretsi egin zuen Euskal Autonomia Erkidegoaren A3 rating-a, eta hobetu egin zuen bere ikuspegia (Outlook), egonkorretik positibora, zorrei aurre egiteko «sendotasun nahikoa» duela iritzita. Beste agentzia batek, Standard and Poor's-ek, maila horretako kalifikazioa eman dio Nafarroaren zorrari ere —AA-, bere sailkapenaren arabera—. Iruñeko gobernuak nabarmendu duenez, Espainiaren zorra baino bi maila gorago dago Nafarroarena. Europako Batasunean hura eta EAE soilik daude egoera horretan.

S&Pren txostenak uste du Nafarroa gai izango dela aurrerantzean zorra txikitzeko, azken urteetan superabitak izan dituelako —%1,43koa iaz—, altxortegia maila onean dagoelako, eta EBren funtsak jasotzen ari delako inbertsioak finantzatzeko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.