Urtearen lehen erdialdean, Hego Euskal Herriko adierazle ekonomikoen artean kanpo merkataritzak izan du bilakaera kaskarrenetarikoa. Esportazioek %5,4 egin dute behera, eta jaitsiera hori are handiagoa izan da euskal ekonomian pisu handia duten bi industriatan: autogintzan eta hodigintzan.
Hego Euskal Herriko ekonomia nagusiki esportatzailea da, eta bertako industrien merkatu nagusiak Europako Batasuneko herrialdeak dira, baina haien kontsumoak apal jarraitzen du aurten ere. Alemanian, esaterako, atzeraldiaren mamua gainetik kendu ezinda dabiltza, eta beldur hori inguruko ekonomietara zabaldu da. Egoera horrek erabat baldintzatu ditu euskal enpresen kanpo salmentak.
Espainiako Ekonomia Ministerioak emandako datuen arabera, Hego Euskal Herrian guztira 21.275 milioi euroren balioa zuten esportazioak egin dituzte urteko lehen sei hilabeteetan, iaz epe berean baino 1.288 milioi gutxiago (-%5,7). Inportazioak ere gutxitu egin dira, 17.364 milioi euro balio izan dute, %4,3 gutxiago. Dena den, eta ohi bezala, Hego Euskal Herriko kanpo merkataritzaren saldoa positiboa da urtarriletik ekainera, 3.911 milioi eurorena, baina iaz epe berean baino 2.005 milioi gutxiago da hori. Hortaz, jaitsiera handia da: %33,8 gutxiago.
Orain arteko emaitzak, txarrak izanagatik ere, ez du inor ezustekoan harrapatu. Erakunde eta eragile ekonomiko gehienek urte hasieran egindako aurreikuspenetan iragarri zuten merkataritzak urte hasiera motela izango zuela. Udaberrian argi izpi batzuk ikusi zituen, apirilean eta maiatzean handitu egin baitziren nazioarteko salmentak, baina ekainean joera hori eten egin da atzera. Aurreikuspenetan diotenez, udazkenean berriz ere gora egingo dute, baina mantso oraindik, eta espero dute datorren urtean abiadura pixka bat handituko dela.
Espainiako Gobernuaren emaitzen argazki zehatzagoa eman du Eustatek, Arabarako, Bizkairako eta Gipuzkoarako. Horren arabera, ikus daiteke esportazioen jaitsiera hiru lurralde horien ekonomian pisu handienetarikoa duten bi industriak pairatu dutela. Autogintzaren kasuan, Euskal Autonomia Erkidegoan produzitutako autoen kanpo salmenta %23,9 jaitsi da aurten. Nagusiki Arabari dagokio datu hori, Gasteizen baitago Mercedes Benzen lantegia.
Autogintzarekin loturik, gurpil ekoizleen salmentak ere asko jaitsi dira. Euskal Herrian sektore horretako lantegi nagusia Gasteizen dago, Michelinena, eta konpainia horrek beste planta bat du Lasarte-Orian (Gipuzkoa). Bridgestonek Bizkaian dituen bi lantegietan —Basaurin eta Usansolon— ere nabaritu da kanpo salmenten beherakada. Pneumatikoen esportazioak %24,8 apaldu dira urtearen lehen erdialdean EAEn.
Nafarroan gehien esportatzen duen sektorea da autogintza, Landabengo Volkswagenen plantaren jarduera dela eta. Lurralde horretan, baina, handitu egin dira sektore horretako kanpo salmentak urte hasieratik: %23,9. Barazkien kanpo salmentak ere bai: %23.
Aldiz, urte hasiera zaila izan duen beste sektorea hodigintza izan da —Tubacex eta Tubos Reunidos dira enpresa nagusiak—. Soldadurarik gabeko tutuen esportazioak %40ko jaitsiera izan du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Horrek izan du beherakarik handiena, baina Eustatek neurtzen dituen sektore guztietatik lehenengo hamarrek izan dituzte jaitsierak aurten. Siderurgiak, adibidez, %16,6koa.
Energia gora
Beste aldean energia salmenta dago: %28,8 handitu dira esportazioak. Hego Euskal Herria herrialde inportatzailea da, eta, bereziki, Bizkaia. Bilboko portura petrolio gordina iristen da Petronorrerako, eta gas likidotua Bahia de Bizkaia Gaserako. Petroliotik gasolina eta gasolioa ateratzen dira, eta gas likidotutik, gas naturala. Produktu horietako asko esportatu egiten dira gero.
Europako Batasuneko herrialdeak dira Hego Euskal Herriko enpresen esportazioen helmuga nagusia, eta haien artean Frantzia (%16,5) eta Alemania (%14,5) nagusitzen dira. Bi herrialde horiek biltzen dituzte kanpo salmenten %40 inguru —estatistika erakundeek ez dituzte Espainiara doazenak zenbatzen—. AEBak ere gero eta bezero hobeak dira (%7,4 doaz hara), eta garrantzia galtzen ari da Erresuma Batua brexit-az geroztik: 2019an, esportazioen %8,4 joan ziren hara, baina %6 inguru dira gaur egun.
Inportazioek ere behera egin dute. Jaitsierarik handiena Araban gertatu da, %7,9koa, Mercedes Benzen salmenten apaltzeagatik. Nafarroan %6,4 beheratu dira erosketak, eta Gipuzkoan, %2,3. Bizkaian nahiko antzera mantendu dira, herrialderik inportatzaileena den arren. Produktu ez-energetikoen inportazioek %7,4 egin dute behera, baina produktu energetikoenak %12,1 gora egin du, eta horrek orekatu du inportazioen balantza.