Eguberria ate joka dago, baina ez dirudi laborarien aldarrikapenak eta kexuak apalduko direnik. Goizean, Donibane Lohizunetik (Lapurdi) hainbat laborari abiatu dira barraskilo operazioa eginez Ahurti eta Beskoitze arteko (Lapurdi) A64 autobideko sartzea blokeatzera. Abenduaren 12tik bertan dauden laborariei batu zaie Hego Lapurdiko laborari taldea.
Donibane Lohizuneko Jaldai merkataritza gunetik abiatu direla esplikatu du Ramuntxo Bereau laborariak. Han, jendeari informazioa eman diote gizarte osoak mobilizazioaren berri izan dezan. Nahiz eta dermatosi nodular kutsakorraren kontrako txertaketa kanpaina Pirinio Atlantikoetako Departamenduan eta, horrela, Ipar Euskal Herrian abiatu joan den ortziraletik, Bereauk salatu du hilketen kontra mobilizatzen segituko dutela. «Nahiz eta gobernuak txertaketa plantan eman duen, hilketa masiboak ez dituzte gelditu, eta hori ez dugu ulertzen ahal».
Abenduaren 16an Jean-Marie Girier Pirinio Atlantikoetako prefeta blokeo gunera hurbildu zitzaien, sindikatuetako ordezkariekin. Agerraldia baino lehen elkartu zen ELB eta Confederation Paysanne sindikatuekin:Â ELBkoen erranetan, hitz egiteko prest agertu bazen ere, erran zuen protokoloa aldatzeko erabakia Laborantza ministroari dagokiola.
«Nahiz eta gobernuak txertaketa plantan eman duen, hilketa masiboak ez dituzte gelditu, eta hori ez dugu ulertzen ahal»
RAMUNTXO BEREAUÂ Laboraria
Laborariek espero dute hilketen protokoloa bertan beheiti gelditzea. Bereauren hitzetan, ez zaie onargarri kasu bakar batengatik behi guziak hil behar izatea, jakinik halako erabaki batek lanbidearen etorkizunari anitz eragiten diola.
Behiei eragiten dien eritasun berri bat da dermatosi nodular kutsakorra. Joan den astean bi behi topa oso hil zituzten osasun zerbitzuek, Frantziako Ariege eta Pirinio Garaien departamenduetan, kasu bana agertu zelako bi etxaldetan. Mobilizazio azkarrak izan ziren Ariegen batez ere, baina Poliziak biziki bortitz erantzun zien. Laborariak, kexu, karrikara atera ziren, eta bideetan dira harrezkeroztik.Â
Eguberriz ere «mobilizatu»
Ahurti eta Beskoitze artean dagoen A64 autobideko sarrera blokeatzen segitzeko deia zabaldu du Bereauk. Eguberriz mobilizazioa geldituko balitz autobidera sartzeko sarbidea ukatua izanen zaiela erran du. «Mobilizazioa behin utzita badakigu ez gaituztela utziko autobidera sartzen. Laborariak eta gizartea mobilizatzen ari den heinean mobilizazioa orain utziz gero badakigu gerora ez dugula indar bera ukanen».
ELBko laborariek ere blokeoan segitzen dutela adierazi du sindikatuak. Hala ere, zuhurtziaz jokatu eta mobilizazioa egunez egun antolatzen ari direla erran du. Egoera fite alda daitekeen heinean, ez dakite hemendik ortzegunera zer gertatuko den.