Beste behin, Hego Euskal Herriko arropa eta oinetako saltzaileen sektoreko langileak greba egitera deituak daude, ELA sindikatuaren eskutik. Urriaren 25ean egingo dute greba, ARTE patronalaren negoziazio bileraren egunean.
Joan den urtearen amaierara egin behar da atzera gatazkaren muina ikusteko. Arropa denda multinazional gehienak batu egin ziren orduan ARTE patronalean, eta, hainbat enpresaren arteko arazoak amaitzeko, Espainian eta Hego Euskal Herrian eragina izango duen lan ituna bultzatu nahi dute.
Ikusi gehiago: Madrilera eraman nahi dute arropa saltzaileen ituna
Hala, sindikatuen eta enpresen artean bilerak egiten ari dira, eta urriaren 25ean dute hurrena. Uztailean ere beste bilera bat egin zuten, eta ELAk grebara deitu zuen orduan ere; hainbat denda ireki gabe geratu ziren. Egun hartan, ELAko ordezkari batzuk Madrilera joan ziren, CIG eta OSTA sindikatuekin batera protesta egiteko.
Oraingoan arrazoi berberengatik deitu dute grebara.
Hitzarmenaren zentralizazioa
Aipatu moduan, 2022aren amaieran hainbat multinazionalek ARTE patronala sortu zuten. Orduan ELA sindikatuko Mari Cruz Elkorok adierazi moduan, Inditexeko langileek hainbat greba egin zituzten leku batzuetan, eta tokiko hitzarmenak adostea lortu zuten. Hala, Inditex Espainia mailako itun bat egitera bultzatu zuten.
Baldintzak hobetu zituenez, langileei gehiago ari zen ordaintzen beste kate handiak baino, eta hori berdintzeko bultzatzen ari dira sektoreko estatu hitzarmena.
Espainian, orokorrean, ez dago lurralde hitzarmenik; bai, ordea, Hego Euskal Herrian, eta ARTEk onartu nahi duen estatu itunak baino baldintza hobeak ematen dizkiete langileei. Horregatik egiten dute protesta aipatutako sindikatuek, Hegoaldeko langileen baldintzak okertu egingo liratekeelako.