Hegoaldeko ekonomia aurten %1,3 handitzea espero du Laboral Kutxak

Egungo egoera ekonomiko zailean, «sendo» ikusten du lan merkatua, eta ontzat jo du familiek eta enpresek iragan urteetan zorra murriztu izana. 2023an KPIa %4ra jaitsiko dela aurreikusi du

Javier Kortajarena Laboral Kutxako Nafarroako zuzendaria, Ibon Urgoiti Negozio Garapeneko zuzendaria eta Joseba Madariaga Ikerketa zuzendaria. IÑIGO URIZ / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2023ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Eurogunean «hazkunde txikia edo negatiboa» espero du Laboral Kutxak hasi berri den urterako. Hego Euskal Herriko ekonomia, berriz, sendoago ibiliko da, baina iazko bidean segitu eta gehiago moteltzea aurreikusten du. Hala, Hego Euskal Herrian barne produktu gordina %1,3 inguru handitzea espero du: zehazki, %1,3 handituko da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, etahamarren bat apalago Nafarroan (%1,2). Ekonomiak moteltzen segituko badu ere, egoeraren eragile nagusia izan den inflazioak behera eta behera egingo du aurten, haren ustez, egungo %6,7tik %4ra.

Iazko eta aurtengo egoera ekonomikoari buruzko agerraldia egin zuen Laboral Kutxak atzo, Bilbon eta Iruñean. Bertan, nazioarteko panorama ezkorra laburbildu zuen Ibon Urgoiti Negozio Garapeneko zuzendariak. AEBetako ekonomia «ahul» ikusten du, eta horri gehituko zaio munduko beste ekonomia nagusia, Txina, «COVID-19aren olatu berriak eragotzi ezinik» dabilela.

Europan, Erresuma Batuak egiturako eta zerga arloko arazoak ditu, eta, Alemaniak bultzaturik, euroaren eremuko ekonomia hamarren bat apaltzea espero da. Hurrengo hilabeteei begira, bultzadarik ez da espero zerga edo diru politika arloan, eta «gasaren metaketa erronka bat izango da» hurrengo neguari begira, Urgoitiaren arabera.

Aldeko haizea eten zen

Joseba Madariaga Ikerketa zuzendariaren ustez, egungo testuinguru ekonomikoa «konplexua eta ziurgabetasunez betea da». Iaz Europako manufaktura eta zerbitzu sektoreen produkzio indizea ekainera arte handitzen ari zen, baina uztailetik aurrera uzkurtu egin zen. Madariagaren esanetan, joera aldaketak islatzen du amaitua dela azken urteetan ekonomia bultzatu duen aldeko haizea.

Beste faktore garrantzitsu bat inflazioa izan zen. Urte hasieratik prezioak gorantz ari ziren, eta Ukrainako gerrak eta krisi energetikoak KPIa hauspotu zuten mundu osoan. Udan goia jo zuen Euskal Herrian, eta geroztik beherantz ari da apurka, kontsumo prezioen igoera eragin duen energiaren kostua apaldu den heinean. Egun, bizimodua garestitzeko arrazoi nagusia batik bat janariaren salneurria da inflazioaren erdia baino gehiago hari dagokio. Hala, Laboral Kutxak espero du aurreko hilabeteetako joerari segika inflazioak beherantz egingo duela aurten ia hiru puntu, %4raino.

Inflazioari aurre egiteko asmoz,banku zentralek lema kolpea jo zioten aurreko hamarkadako diru politika oldarkorrari. Erreserba Federalak %4,25eraino igo zituen interes tasak, eta Europako Banku Zentralak, %2,5eraino. Aurten EBZk diruaren prezioa %3ra igo dezakeela uste du Madariagak, baina onartu du oso zaila dela antzematea zer egingo duen, EBZ bera «bidegurutze batean baitago». Egoeraren konplexutasunaren erakusgarri, Madariagak azaldu du eskaintzaren eta eskariaren arrazoiek eragin dutela inflazioa. Batetik, nazioarteko hornidura kateak «ez daude normalizatuta», eta ikusteko dago Txinak COVID-19ari aurre egiteko egin duen politika aldaketak zer ondorio dituen. Bestetik, eskariaren aldean ere tentsioak daudela gogorarazi du, eta, horrez gain, ezin da ahaztu Ukrainako gerra.

Irabazle eta galtzaileak

Egoera zail horretan, EBZ erne zaintzen ari da soldaten bilakaera: «Ekonomistaren ikuspegitik, aberastasunaren banaketaren arazoa da inflazioa. Energia garestitzen ari dela ikusirik, langileak eta enpresak babesten saiatzen dira. Langileek negoziazio kolektiboan soldaten igoeraren bidez lor dezakete hori, baina enpresek prezioetan islatu ditzakete soldaten igoerak. EBZ adi begira dago horri, prezioak berriz gorantz bultzatu ez ditzan. Hari dagokio gatazka hori geratzea, baina EBZk ez dio erreparatzen aberastasuna modu orekatuan banatzen ote den. Auzi honetan irabazleak eta galtzaileak egongo dira».

Dena den, egungo ekaitzari aurre egiteko hainbat indargune antzeman ditu Laboral Kutxak. Alde batetik, pandemia urteetan ezarritako murrizketen ondorioz, ohi baino gutxiago kontsumitu eta gehiago aurreztu dute familiek, eta aurrezki poltsa hori babesgarri bat da oraintxe. Halaber, aurreko hamarkadan familiek eta enpresek zorra murriztu dute, eta gaur egun Europaren batez bestekoetan dago zor pribatua. Azkenik, ekonomia moteltzeak ez du kalterik eragin lan merkatuan. Laboral Kutxak aurreikusi du langabezia tasa %8,5 izango dela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eta %9,3koa Nafarroan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.